euskaraespañol

UPV/EHUko ikasleek 100.000 ordu baino gehiago eman dituzte boluntariotza lanetan

2018-19 ikasturteko kredituen aitorpena eskatzeko epea irekita dago

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/17

Irudia

2012az geroztik, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko 1.223 ikaslek 100.000 ordu baino gehiago eman dituzte UPV/EHUk aitortutako lankidetza eta gizarte ekintzarako programetan.

Ekimen solidario horretan ikasle parte hartzaile gehienak emakumeak dira (%71,4; gizonak 28,6) eta eremu hauetako 300dik gorako erakundeetan gauzatu da, esaterako, ingurumenean, kulturan, arlo sozio-sanitarioan, eremu sozialean, kirolean, aisialdian eta astialdian.

Estibaliz Sáez de Cámara Oleaga Iraunkortasuneko zuzendariak azaldu duenez, “Unibertsitatearen egungo plan estrategikoan planteatutako helburuetako bat izan zen ikasleek prestakuntza integrala eta kalitatezkoa jasotzea, eta unibertsitatetik igarotzean, bizi esperientzia aberasgarri bat izateaz gainera, ikasleak gai izatea tokiko erronkei nahiz erronka globalei erantzuteko eta modu etiko eta sortzailean jarduteko, eraldaketa soziala lortze aldera.”  Erantsi du, bestalde, “programa hau tresna bikaina dela ikasleek prestakuntza integrala jaso eta gizartearen alde egiteko, ematen duena zein jasotzen duena baita irabazle.  Eta, egia esan, UPV/EHUko Iraunkortasuneko arduradunak adierazi duenez, “datuak ikusita, arrakastatsua izan da bai kualitatiboari bai kuantitatiboari dagokionez”.

 

Irekita dago kredituak aitortzeko epea

UPV/EHUk ekainaren 17an ireki du ikasleek, 2018-19 ikasturtean egindako boluntariotza lanak direla-eta,  kredituak aitortzeko eskaera aurkezteko epea. Ekainaren 28 arte egongo da irekita.

Boluntariotza programa ikasleen elkartasun nahia bideratu eta bultzatzeko proiektu bat izan zen. Horretarako, 2012an hautazko kredituak aitortzeko plana abiatu zuen  graduko ikasketetan, eta ikasketa plan osotik gehienez 6 baliozkotze kreditu (180 ordu) lortu zitezkeen.

Jarduera solidarioak euskal boluntariotza agentziek abalatutako erakundeetan egin daitezke: Bolunta Bizkaian; Gizalde Gipuzkoan eta Batekin Araban; unibertsitateko berezko programetan, Boluntariotza Antolatzeko Errolda Orokorrean inskribatutakoak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erakundeak.

Era berean, UPV/EHUk boluntariotzarako eredu berritzaile eta unibertsitatean bakarra (“gu geu bolondres”) abiarazi du, ikasleek berek planteatu eta kudeatutako boluntariotza ekimenak sustatze aldera.

 

Informazio gehiago:

https://www.ehu.eus/eu/web/iraunkortasuna/unibertsitate-solidarioa