euskaraespañol

María Dosil, Elena Bernaras eta Joana Jaureguizar

Nola tratatu indarkeria, harreran dauden nerabeen bikoteetan

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/20

Irudia
Argazkia: Shutterstock / Ph_Stephan

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken urteetan gero eta gehiago ari gara ikusten indarkeria kasuak, gazteen eta nerabeen arteko harremanetan, nola hedabideetan, hala sare sozialetan eta WhatsApp bidez partekatzen diren artxiboen bidez.

Bikote baten barruan ematen diren indarkeria egoerak ezagutzera ematea lagungarria izan da fenomeno hau bere horretan hobeto ezagutzeko eta gizartea sentsibilizatzeko, osasun publikoko arazo larri honen gainean.

Ostera, hala azterlanek nola egunero-egunero ematen diren gertaerek ez dute erakusten fenomenoa hobera egiten ari denik.

Bikoteetako indarkeria ez da senar-emazteen artean bat-batean hasten den fenomeno bat. Askotan, aurretik hasten da; esate baterako, bikotearen hasierako harremanetan. Nolanahi ere, badirudi gazteen bikote harremanetan ematen den indarkeria gutxiago ikertu dela edo gutxiago ikusten dela gizartean.  Hori izan daiteke beti pentsatu izan delako harreman mota horiek noizean behinekoak direla, kalte gutxiago egiten dutela eta garrantzi txikiagoa dutela helduen arteko harremanekin alderatuta; alabaina, beste sexuarekiko (bikote heterosexualetan) edo sexu berarekiko (bikote homosexualetan) interesa kezka nagusietako bat izaten da mutil eta neska nerabeen artean.

Indarkeria, helduen eta gazteen bikoteetan

Hala ere, belaunaldien arteko ikuspegitik, aipatzen da helduen bikoteetan ematen den indarkeriak antzekotasunak dituela gazteen bikote harremanetan ematen den indarkeriarekin, hala nola luzaroan irautea, ondorio kaltegarriak izatea eta denboran behin berriro errepikatzea.

Beste ikerketa batzuen arabera, indarkeria mota hori helduen bikoteetan emandako indarkeriaren aitzindaria da, eta horrek agerian uzten du gaiari lehenbailehen heldu behar zaiola hezkuntza formalaren eta ez-formalaren esparruan.

Egoitzetako harrerako adituek estatuko eta nazioarteko ikerketetan kolektibo horren presentzia urria dela nabarmentzen dute, eta zehazki adierazi dutenez, Espainian haurren eta nerabeen babesa gaur egun ez da gizarte arazotzat hartzen.

Ikusezinak, baina gero eta gehiago

Beste batzuek esaten dute egoitzetako harreran dauden adingabe horiek gizartearentzat ia ikusezinak direla. Ostera, gero eta adingabe gehiago ari dira sartzen babes sisteman. Hartzaileak adingabeak dira, 18 urte artekoak, eta askotariko arazoak dituzte edo era askotako biktimizazioa jasan dute. Hainbat erakunde publikok hartzen dute bere gain harien zaintza edo tutoretza.

Haurrak Babesteko Neurrien Datu Estatistikoen azken Buletinean, haurrei eta nerabeei buruzkoan, % 0.57ko igoera aipatzen da 2018. urtearekin alderatuta; hala, 2018ko 49 985etik 2019ko 50 272ra igo da.

Gaur egun, egoitzetako harreran diren nerabeen arteko bikote harremanetan ematen den indarkeriari buruzko ikerketak aurkitzea zaila da, nahiz eta hainbat azterlanetan nerabe horiek arrisku handiko talde gisa agertzen diren haien arteko harremanen disfuntzioan.

Euskadin egoitzetako harreran bizi diren nerabeen arteko bikote harremanetan ematen den indarkeriari buruz orain dela gutxi argitaratu den doktorego tesi batean adierazten zen jada horietako askok indarkeria eta biktimizazioa eragiten eta jasaten dutela bikote harremanetan; esate baterako, indarkeria erlazionala (sotila dena, gutxiago ikusten dena: “lagun taldetik bereizten saiatu nintzen”), hitzezkoa-emozionala (“mespretxuzko esaldiekin iraindu nuen”) eta fisikoa (“ostiko bat eman nion”).

Horrez gain, hauteman zen ere adina handitu ahala, 12-14 urtetik 15-17ra, indarkeria eta biktimizazioa areagotzen zirela eta egileak mutilak eta neskak zirela, nahiz eta neskak izan biktimizatuenak. Halaber, kolektibo hori arauzko laginetik hartutako beste nerabe batzuekin alderatu zen, eta prebalentzia handiagoak ikusi ziren beti egoitzetako harreran daudenen taldean.

Etorkizuneko ikerketetan kontuan hartu beharko litzateke kolektibo horiek arauzko populazioak baino indarkeria eta biktimizazio handiagoa eragiten eta jasaten dutela.

Prebentzioaren garrantzia

Indarkeria horri dagokionez, gizartean aldaketa bat eman daiteke soilik aldez aurretik prebenitzen bada. Aurretik egindako azterlanetan aipatu izen den moduan, nerabezaro goiztiarrean (baita lehenago ere) egindako prebentzioa oinarrizkoa da tratu ona eta harreman osasuntsuak izateko.

Garrantzitsua da bikoteetan emandako indarkeriarekin amaitzeko gizarteari zuzendutako kanpaina guztiek harreman parekideak eta giza eskubideak bultzatzen jarraitzea eta egoitzetako harreran dauden adingabeak aintzat hartzea.

Gazteen bikote harremanetan emandako indarkeriaren prebentzioan lan egiten duten eragile guztiek online indarkeria aintzat hartu eta landu behar dute; izan ere, harreman mota horiek —sare sozialen eta mugikorraren bidez emandakoak gehienbat— oso arruntak dira nerabeen artean, beren kideekin eta bikoteekin komunikatzeko erabiltzen dituztelako.