Cabecera

Menú Abrir/cerrar menú del sitio

Ruta de navegación

Contenido_Maquetacion_Graduak

Aplicaciones anidadas

Contenido_Maquetacion_Nabarmentzeko

Contenido_Maquetacion_COVID-19

Aplicaciones anidadas

Contenido_Maquetacion_Practicum

Contenido_Maquetacion_TFG

Contenido_Maquetacion_Mugikortasuna

Aplicaciones anidadas

Contenido_Maquetacion_Intranet

Contenido_Maquetacion_Masterrak

Publicador de contenidos

GURUTZE EZKURDIA ARTEAGA

Testuliburuen digitalizazioari buruzko zertzeladak

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea

Fecha de primera publicación: 26/02/2021

Gurutze Ezkurdia Arteaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.
Gurutze Ezkurdia Arteaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Covid19ak sortu duen egoera luzatzen ari da, eskolako lanak guztiz baldintzatuz eta hainbat egoeretan, etxetik ikasi beharrak digitalizazio prozesua azkartu eta indartu egin du. Azken honek ikas-irakaste prozesuan sortu dituen aldaketei buruzko zertzeladak emango ditugu, ondoren.

Curriculumak biltzen ditu ikas-irakaste prozesuan bideratu behar diren ezagutzak, eta honen muinean dago zer eta nola irakatsi. Zer ikasi legeak arautzen du, curriculum legeak. Nola irakatsi, pedagogiak, eta horretan maisu-maistrak eta irakasleak dira jaun eta jabe.

XX. mendean hiritar guztien derrigorrezko alfabetatzea burutu da, herri garatuetan behinik behin. Mendearen hasieran maisu-maistrak ziren curriculuma garatzen zutenak, eta baliabide eskasen aurrean, berrikuntza pedagogikotik edanda, hainbat material eta metodo asmatu eta aplikatu zituzten, gaur egun oraindik, eredugarriak. Aipatze arren Montessori, Freinet edo Freireren ekarpenak ditugu; baita ere, gure artekora etorrita Mendez de la Torre, Zipitria, Azpeitia, Urbieta eta bestek egindako lanak. Curriculumaren irakurketa eskolek eta irakasleek egiten zuten, pertsona eta egoera soziokultural ezberdinei egokituz.

1970eko LGE legearekin batera, baliabide didaktikoen artean testuliburua indartu zen, eta  irakaskuntza bideratzeko tresna nagusi bihurtu zen gaur egunera arte iraun duena. Testuliburuak, beste ekarpen batzuen artean, irakaslearen lana arintzen du (Perez Urraza,2003). 1990ean, LOGSErekin batera, argitaletxeek indartu eta irakaste-ikaste prozesuaren gidari bihurtzen dira, testuliburuak eginda baitakar irakatsi behar den edukiaren hautaketa. Beraz, argitaletxea egiten da irakaskuntzaren gidari, berak erabakitzen baitu zer irakatsi eta zer ez. Ez dezagun ahaztu, argitaletxeak entrepresa handiak direla, gero eta handiagoak, eta euren helburuak ekonomikoak eta ideologikoak direla. Dena den, guzti honen azken kontrola administrazioak du, berak ematen baitio oniritzia testuliburuari. (Ezkurdia, Bilbao, Perez, 2018).

Nélida Zaitegi, Eskola Kontseiluko buru ohiaren esanetan (2019), XX. mendeko eskolarekin ari garela XXI. mendeko ikasleak prestatzen eta beharrezkoa dela, ezinbestekoa, irakaskuntzaren eta eskolaren aldaketa, gizarteak dituen beharrizan berriei erantzuteko. XXI. menderako finkatuta dauden erronka eta helburuen artean, alfabetatze desberdinen garapena eta digitalizazioaren zabalkundea daude. Milurtekoarekin batera, 2000. urtean, administrazioak bultzatutako Eskola 2.0 programarekin ireki zitzaion atea digitalizazioari. Ematen zuen testuliburua desagertze bidean zegoela eta plataforma digitalek hartuko zutela haren lekua. Bilbaoren (2019, Hermes, 21) esanetan, liburu digitalak ikasleentzat erakargarriagoak diren arren, interaktiboak direlako eta multimedia -bideoak soinua eta abar- dakartelako, arlo honetan egiten ari diren ikerketek diote ikasleak ez daudela oraindik prestatuta paperezko testuliburuak albo batera uzteko. Dena den, funtsean, testuliburuen diseinua eta garatzen den ezagutza, berdin-berdina da paperezko ereduan zein digitalean.

Izurrite egoerak arindu eta derrigortu egin du prozesua, eta gaur egun leia handia dago argitaletxeen eta eskola-ikastetxeen  artean. Azken finean, merkatuaren barruan gertatzen diren leiak dira. Argitaletxe bakoitzak bere produktua -testuliburua paperean edo ikasle bakoitzarentzako tableta eta plataformarako diru-sarrera- saltzen du. Eskolek-ikastetxeek aukeratu egin behar dute haien proiektu hezitzailerako egokiena dena. Erabaki hau, gehienetan, eskolak edo ikastetxeak dituen baliabide ekonomikoei lotuta egoten da, batez ere, haien zentroetara doazen familien klase sozioekonomikoak baldintzatua.

Egiari zor, digitalizazioak beste menpekotasun gehiago dakar. Edukia argitaletxeek eskaini eta erabilera, plataforma digitalek bideratzen dute, sarean partekatzeko aukera eskainiz. Baina honek bere ordaina du: paperezko testuliburua hautatuz gero menpekotasuna argitaletxearen proiektuarekin lotua badago ere, eredu digitala aukeratuz gero, entrepresa teknologiko baten ereduaren menpeko egiten da gainera. Are gehiago, tableta erosi eta egin den inbertsioa errentagarri bihurtu dadin, hitzarmena denbora mantendu beharko da, ikasketa prozesuan, hots urtez-urte, eskola-ikastetxea ez delako argitaletxez aldatuko eta hodeira konektatzeko urteroko kuota edo diru-saria emango duelako. Horrela, argitaletxeek bermatu egiten dute haien negozioa, -haien ezagutza eta ideologia bideratuko dela material horren erabileraren bidez-, denboran mantenduko dela, entrepresa teknologikoek euren negozioa atxikitzen duten bitartean.

Gainera ere, irakas-ikasketa prozesuaren ondorioz sortzen den ezagutza, hodeian gordetzen da eta hori da argitaletxeek baita plataforma digitalen jabe diren entrepresek duten irabazia. Azken finean, Castellsekin (2000) esan genezake, informazioaren gizartean informazioa dela irabazia. Hodeian metatzen ari den ezagutza izugarria da, neurtezina, baina ez dezagun ahaztu ez dela gurea, entrepresena baino.

Amaitzeko, gizarteak digitalizazioak zer dakarren argi eduki behar du, garapenaren kontrola eduki nahi baldin badu, behintzat. Inork ez du ezer musutruk ematen. Atsotitzak dioena gogora ekarriz,  inork ez du hogei erlekoa pezetaren truke ematen.