Joseba Agirreazkuenaga. Euskal Herriko Zuzenbide Historikoko Institutua, EHU.
Bizkaiko Foruaren 500 urteko gaurkotasuna (1526-2026)
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 21/05/2026
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
1526ko apirilaren 5ean, Bizkaiko Batzar Nagusiak bildu ziren. Bertan, Pedro Giron de Loaysa, Korregidorea, zein Oñastar eta Ganboatar buruzagien onespenez (Juan Alonso de Muxica y Butron eta Juan de Arteaga e Ganboa) batzorde bat izendatu zuten indarrean zegoen 1452ko Bizkaiko Foruaren erreformari ekiteko. 1526ko abuztuaren 20an Foruaren erreformari ekin zioten eta berri bat idatzi. Hitzaurrean adierazi zutenez, Foru Zaharra “hainbeste sosegu eta justizia ez zegoen garaian idatzia eta ordenatua” izan zen eta garai berrietarako Forua egokitu eta berritu behar zen, Bizkaia, besteak beste, itsas zereginetan aurrenekoa izanik, mundu-ekonomian baitan abiaturik baitzegoen.
Hurrengo urtean, 1527an, Foru berriak Bizkaiko Jaunaren berrespena lortu zuen, hau da, Gaztelako Erregea zen Karlos I.a, Enperadore ere zena, mundu zabalean hedaturik zegoen Monarkia konposatu Hispanikoaren burua. alegia. Horrez gain, inprimatzeko lizentzia ere eskuratu zuten eta 1528an Burgosen inprimatu zen. Inprimatuta egoteak garrantzitsua zen, izan ere, aleak epaitegietara bidaltzen zirelako adibidez eta epaileek aintzat hartu behar zuen Foru berrian ageri zena. Aurrerantzean, Bizkaian kultura politiko errepublikarra deritzona garatu zen, monarkia konposatu baten esparruan.
Foru berriaren berrikuntza nagusia izan zen, eskubideak guztientzat, bizkaitar guztientzat, bai elizate zein hiribilduetan bizi zirenentzat, bereizketarik gabe. Libre jaiotzaren ondorioz, berdintasun juridikoaren zabalkundea sustatu zuen. Bizkaitar batek, eskubidedun bihurtzen zen Gaztelan zein Ameriketan eta Bizkaitarrentzat epaitegi berezia Valladoliden antolaturik zegoen. Bizkaiko Gizaburuagako Bengoetxeatarren armarriak ondo laburturik ditu balio berriak: “Bekoak goikoa ezkondu leidi ta txikiak handia benzi leikie, asmuz ta jakitez.” Alde batetik bekoak goikoaren beste lor dezake eta txikiak handia irabazi, asmoz eta jakitez jokatzen badu. Ezagutza, gogoa, jakituria aurrerantzean lirateke balio berriak, mundu berrirako.
Euskal Herriko beste lurraldeetan ere antzeko formulazioak egin ziren. Biltzar Nagusietako Foru idatziak handikien aurrean, komunitate politikoko eskubideen bermea zen.
Horrez gain, Bizkaiko Foruan, “habeas corpus” delakoaren prozedurak eta oinarriak ageri dira finkaturik, atxilotuak izanik ere, pertsonak eskubidedunak zirenez gero, epaileak ebatzi behar zuen Horrela handikien esku zegoen agintea mugatu nahi zen. XVI mendean, Europan barrena zabaltzen ari zen kultura politiko berria dugu eta Foru barria horren isla dugu.
Merkataritzan, merkatalgo harremanetarako lurralde askea zela adierazten du eta Ogasunaren esparruan ere ondo finkatzen ditu zeintzuk ziren Errege-Jaunaren errentak, bestelako zergetan Gaztelakoak ez zeuden indarrean. Hori bai, unean uneko eta urte sarritan ohi zen, Errege-Jaunak eskatzen zituen mariñel, lehorreko soldadu zein diru ekarpenak, eman beharrean zeuden. Laburbilduz, Batzar Nagusiak eta bertan aukeratzen zen agintaritzak gobernatzen zuen Bizkaiko lurraldea. Aldi berean, bere esparruan Bilboko Kontsulatua, 1511ean sortu zena eta Bilboko hiria ziren aurrekontu handienak kudeatzen zituztenak.
XVII mendean, Ingalaterran, Parlamentuaren agintaritza (1688-89) gailendu zen, Koroaren agintaritzaren gainetik. Europan barrena Batzar Nagusi errepresentatiboak toki guztietan zabaldurik zeuden baina aginteak era diferentean lantzen ziren.
Bizkaian, Batzar Nagusien aginte politikoa indartzen ari zen, Espainietako monarkia konposatuaren baitan eta XVIII mendean Borboien garaian ere horretan iraun zuten. Ingalaterrako ereduak indarra hartu zuen. Iraultza liberalen garaian, konstituzio politiko berriak idatzi ziren: 1787an Ipar ameriketako Estatu Batuetan, 1791ean Frantzian, ezabatu egin zituen Nafarroako, Zuberoa eta Lapurdiko Biltzarra eta agintaritzak. 1793an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Bilbon bildu ziren “Constitución del Pais” sendotzeko, Foru konstituzioa deiturikoa eta 1800an antolatu zen “Irurac bat” politikoa, ekimen komunak bideratzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean. XIX mendean 1839an, Espainiako konstituzioan sartu zen Foruen eragina. Euskal Auzi politikoa deritzona abiatu zen. Bizkaiko Foru berriaren erreformak burutzen ari ziren, baina 1877an, Espainiako gobernu buruak erabat ezabatu zituen Batzar nagusiak eta Bizkaiko agintaritza politikoa. 1978ko konstituzioan berriz sartu zen Foruen bidezko agintaritza publikoa eta Autonomiarako Estatutuan ere.
1979an, Bizkaiko Batzar Nagusiak berriz erakundetu ziren eta Foru agintaritzak berrantolaturik daude gaur egunean. Esparru juridiko pribatuan ere, Foruaren eragina nabarmena da, bai esparru publikoan, Itun ekonomikoaren bidez adibidez, zein pribatua zibilean.
Beraz duela 500 urteko Foruaren jarraipena agerikoa da XXI mendean ere Bizkaian. Ikuspegi honetan oinarriturik, 500 urteotan izan duen bilakaera izan dugu aztergai EHUko ITUNAk antolatu duen Kongresuak.
EHUren ekarpena: XVI. Ituna Kongresua | Bilbo, 2026ko apirilaren 27-28-29
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak zein nazioarteko gonbidatuak hiru egunez bildu ginen Bilboko Bizkaia Aretoan. Kongresuaren irekiera EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak egin zuen, eta itxiera, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusi Elisabete Etxanobek. Guztira, 210 parte-hartzailek eman zuten izena, eta 42 txosten aurkeztu ziren.* (https://500urte.eus)
Kongresuaren amaieran, ondorio nagusiak partekatu ziren, eta etorkizuneko ildoak ere zehazten hasi ziren. Horien artean, ITUNA proiektuak ikerketa-lerro berriak garatu ditu, hala nola Foralab egitasmoa, Euskal Herriko aurrekontu publikoen jarraipen eta analisi konparatua egiteko.
EHUren ibilbidea esparru honetan sendoa eta metatua da. Erakunde publikoekin lankidetza 1996an abiatu zen, duela ia 30 urte, bereziki EHUren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko elkarlanaren bidez. 2000. urtean, “Foru Ogasunen 500 urte / 500 años de la Hacienda Foral” ekimena —erakusketa, jardunaldi eta argitalpenak barne— izan zen abiapuntu nagusietako bat, eta horren harira sortu zen Ad Concordiam elkartea, baita EHUn bertan Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutua / Instituto de Derecho Histórico de Euskal Herria ere.
Ordutik, ITUNA ikerketa-proiektuen esparruan, bereziki 2007tik aurrera, EHUk eta Bizkaiko Foru Ogasunak lankidetza jarraitu eta egituratua garatu dute, lau urtean behin sinatzen diren elkarlan-hitzarmenen bidez.
Gaur egun, EHUn Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutua eta Ekonomia Itunaren Katedra sendotuta daude, batez ere Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko), Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Letren Fakultatean eta Zuzenbide Fakultatean. Ikerketa-ildo nagusiek Bizkaiko foru-sistemaren eta, bereziki, foru-ogasunen azterketa dute ardatz, doktorego-tesien eta argitalpen espezializatuen bidez.
Halaber, nazioarteko ikerketa-sareetan parte-hartze aktiboa dugu, unibertsitatearen izaera ireki eta kolaboratiboari jarraikiz, eta belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak biltzen dituen egitura akademikoa osatuz.
Amaitzeko, Ekonomia Itunaren inguruan Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen “Ekonomia Ituna zabaltzeko, gizarteratzeko eta nazioartekotzeko Estrategia” txostena erronka berria da EHUko ITUNA taldearentzat. Hurrengo urteetan, 30 urteko esperientzia metatuari esker, ekarpen sendoa egiteko prest gaude.
*Kongresuaren kronika zehatza ITUNA agerkarian argitaratu da, 188. zenbakian (https://ituna.eus/).