-
La EHU celebrará un gran acto de graduación para todo el alumnado el 12 de junio en San Mamés
-
La EHU lamenta el fallecimiento de Garaikoetxea: "La universidad pública vasca está en deuda con él"
-
El sexo como variable ineludible en la investigación biomédica
-
¿Dónde se esconde este aparato?
-
El ‘bullying’ nace en el aula y se prolonga en internet entre menores
Aiora Sampedro, Amaia Aguirregoitia y Paulo Kortazar
Irakasleen literatura‑gaitasunak eta irakurketa‑ohiturek euskal literaturaren irakaskuntzan eragina dute
Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak eta Laida (Kortazar eta Sampedro) eta LasLab (Aguirregoitia) ikertaldeetako kideak
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 23/04/2026
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dute, baina irakasleak garen heinean eta etengabeko hobekuntzari begira, behartuta gaude geure burua aztertzera. Nahikoa irakurtzen dute irakasleek? Zer irakurtzen dute eta nolakoa da horren transmisioa? Gure ikerketak bigarren hezkuntzako Euskara eta Literaturako irakasleen irakurketa-ohiturei eta lehentasunei buruzko datuen azterketa eguneratua aurkezten du.
Izan ere, egin dira ikerketak euskal eskoletan irakurtzen diren euskal testuen inguruan, baina ezagunenak eta osotuenak diren biak mende hasierakoak dira (Olaziregi, 2000; Alonso, 2010). Gainera, kasu horietan ez da beti Euskal Herri osoko eskola guztietako irakurketa ohiturak aztertu eta bereziki EAEko egoerari begiratu zaio. Irudi zabalago bat eskuratzeko, ikerketa honetan euskararen lurralde guztiari begiratu zaio.
Une honetan, USAPen probaren birdiseinuaren ondoren, derrigorrezko irakurgaiak daude eta azaldu behar da hemen aurkezten diren datuak aldaketa horren aurretik jaso zirela. Are gehiago, bigarren hezkuntza osoa (DBH eta Batxilergoa) aintzat hartu dugu ikerketarako, beraz, bigarren batxilergoko errealitatea aldatu bada ere, gure ikerketaren ondorioak erabilgarriak dira.
Gure ikerketaren metodologiari dagokionez, aitzindarietan oinarritutako inkesta propio bat banatu da (n = 299) Euskara eta Literatura irakasleen artean. Inkestaren atalak honakoak ziren: euskal literaturako ezagutzaren norberaren pertzepzioa, irakurketa-ohiturak, irakurlearen genealogia eta irakasleen ikasgelako transmisioa. Emaitzek hainbat ataletan hobekuntzarako aukerak erakusten dituzte.
Analisiaren lehen ondorioa hurrengoa da: nahiz eta irakasleek beren buruak irakurle ontzat dituzten, irakurtzeko ohiturak (%64,5ek 10 liburu baino gutxiago irakurri zituzten azken urtean) ez dira herritarren batez bestekoak baino nabarmen handiagoak (Soziometroa, 2018). Gainera, etengabeko prestakuntzarekiko interesa nahi baino txikiagoa da.
Irakurtzeko motibazioari begira, hamar irakasletik hiruk soilik irakurtzen dute euskaraz plazer hutsagatik. Ehuneko altuago batean lanerako interesagatik irakurtzen dutela diote. Horrek, erreferente gisa duten irakurzaletasuna transmititzeko gaitasuna ahultzea eragiten du. Gainera, beste hizkuntza batzuetan plazer hutsez irakurtzen duten galdetzean, emaitzak areagotu egiten dira (%56k plazerragatik irakurtzen dute beste hizkuntza batzuetan; Euskaraz, aldiz, %27k).
Ikasgeletan transmititzen denari dagokionez, kanona eguneratu egin da: aurreko ikerketetan baino egile gehiago daude (Olaziregi, 2000; Alonso, 2010). Emakumezko egileek, aipamen gehiago jasotzen dituzte irakasleen irakurketa gogokoenen artean; baina ikasgelarako irakurketak hautatzerakoan joera gizonezko egileen aldekoa da, aldeak oso txikiak badira ere. Hala ere, adituek eskola-kanona izendatu dutena nabari da: eskola-kanonak ikasleek irakurtzeko duten gaitasunari erantzuten dio eta ez obren balio historiko edo estetikoari. Gauzak horrela, plazerez egiten den irakurketa eta prestakuntza areagotzeak irakasleek irakurtzeko ohiturak transmititzeko duten gaitasuna hobetuko luke bai eta kanona aberastu.
Inkestan jasotako emaitzen artean, gehien irakurri diren liburuak Maitasun kapitala (69 aldiz aipatua), Miñan (49), Aitaren etxea (23), Ezekiel (15), Bar gloria (15) eta Eraikuntzarako materiala (1) ditugu hurrenez hurren. Eta zentruetara eramandakoetan ere erantzunak errepikatzen dira. “Ez ditut erabili” erantzuna da gehien ageri dena (48), gero datoz Miñan (45), Ezekiel (20), Bat, bullyingaren aurkako taldea (18), Jara eta Maren (13 eta 12), hurrenez hurren. Gazte literaturaren presentzia nabaria da bi zerrenda horietan. Irakasleek gustukoen dituzten idazleen artean Karmele Jaio, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe eta Eider Rodríguez, hurrenez hurren. Gustokoen zerrenda horretan, ez ditugu topatzen zentruetako liburu erabilienen autoreak, horiek ez baitira, erantzunen arabera, geletara eramaten direnak.
Ezkerreko grafikoan “Aipatu azken 12 hilabeteetan irakurri dituzun 5 liburu” eta eskuinean “Zein euskal idazle dituzu gustukoen? Aipatu hiru.” galderaren erantzunak ageri dira.
Bestalde, ikasgelan aipatu eta irakurritako liburu eta autoreei buruz galdetzean, irakasleek gehienetan horiek ez dituztela lantzen adierazi dute; horrek, irakurritakoaren transmisioan hutsuneak daudela erakusten du.
Grafikoetan “Klaseetan euskarazko libururik erabili izan badituzu esan zeintzuk” galderan aipatu ziren autoreen izenak eta liburuen izenburuak ikusgai daude.
Literatura akademikoak irakurketa plazeraren ikuspegitik lantzea gomendatzen du, beraz, euskal literatura irakasleen artean sustatzeko ekimenak antolatzea da bidea; esaterako, komunitatean oinarritutako irakurketa‑proiektuak, tertulia dialogikoen ildotik. Testuinguru horretan, eta irakurketa sustatzeko oztopo nagusietako bat irakasleen denbora falta dela kontuan hartuta, etorkizunerako hainbat proposamen plantea daitezke: irakasleei baliabideak eta erraztasunak eskaintzea, eta euskal literaturan espezializatzeko formakuntza‑ikastaroak indartzea, Ikasiz Hezi plataforma eta antzekoen bidez. Hau funtsezkoa da bereziki kontuan hartuta inkestatutakoen %29,4k soilik jaso dutela prestakuntza hori ikasketak amaitu ondoren.