Agenda

Concierto Internacional

El Mal. Auschwitz 1945 - Gaza 2025

Cuándo y dónde

Desde: 15/04/2026 Hasta: 30/04/2026, 19:00

Descripción

ARTUR HERAS — GAIZKIA. Auschwitz 1945-2025

Biktima... egia bezala, erlatiboa da
Mahmud Darwish

Erakusketa honek historia garaikideko une dramatiko batzuk dakartza gogora, oroitzapen lazgarri baten gisan, eta, aldi berean, haien balizko errepikapenari aurre egiteko beharra azpimarratzen du; ez bada berdin-berdinaren itzulera gisa, bai, behintzat, oso antzekoaren gisara.

Holokaustoaren irudi bat: adineko emakume baten inguruan, haur talde bat; denak neguko arropaz bilduta doaz, aurpegiak ezkutuan, eta, ziurrenik jakin ere egin gabe, beren suntsipenerantz doaz. Motibo nagusi horrek berrogeita bi aldaera osatzen ditu, erakusketako ikuslea inguratzen duten marrazkien bidez, arantza-hariz osatutako horizonte-lerro bat eratuz. Marrazkiaren oinean: Auschwitz 1945 – Gaza 2025.

Pasarte ospetsu batean, Marxek honela idatzi zuen: “Hegelek nonbait dio mundu-historiako gertakari eta pertsonaia handi guztiak, nolabait esateko, bi aldiz agertzen direla. Baina ahaztu zitzaion hau eranstea: behin, tragedia gisa; eta bestean, fartsa gisa”. Ideia iradokitzailea da: historia aldaera gisa errepikatzen da. Horregatik, batzuetan, zaila izaten da hura antzematea. Gizateriaren aurkako krimen guztiak ez dira berdinak, genozidio guztiak ere ez diren bezalaxe.

Bere ikonismo gogoetatsuari leial, Herasek Benjaminen ildoko kronikalariaren eginkizuna betetzen du, “gertakariak handien eta txikien artean bereizketarik egin gabe” kontatuz. Haren irudiek ez dute soilik hausnartzen abiapuntu duten errealitateaz edo erreferentzia egiten dieten tradizio plastikoez; beren irudikapen-izaeraz ere gogoeta egiten dute. Walter Benjaminek sortutako terminoa erabiliz, Denkbilder dira: pentsatzen duten irudiak. Eta, irudi diren heinean, beren burua ere pentsatzen dutenak. Ideien margolaria da. Ez du hunkitu edo asaldatu nahi, baizik eta ulertu, komunikatu eta interpelatu.

Anacleto Ferrer