Ruta de navegación

Euskararen Eguna

Euskararen Eguna 2021: bideo LEHIAKETA

Oinarriak

Sarrera

Aurten beste behin, Euskararen eguna baliatuko dugu Informatika Fakultatean euskara informatikara eta informatika euskarara gehiago gerturatzeko. Horretarako, Euskara eta COVID-19 gaiak lotzen dituzten bideo motzak egitera animatu nahi zaituztegu, eta antolatu den bideo-lehiaketan parte hartzera.

Zer lan aurkez daitezke?

Euskara eta COVID-19 lotzen dituzten bideoak aurkez daitezke, aukera ugari izanik gaiei heltzeko:

  • Nola aldatu den gure bizitza pandemiagatik.
  • Covid-19k aldatu duena unibertsitatean (Informatikako ikasketetan, Unibertsitateko bizitzan...). Egoera zehatzak edo orokorrak.
  • Talde bakoitzari burura etortzen zaiona, beti ere euskara eta COVID-19 gaiekin lotura badu.

Animazioa, komikia, antzerkia... erabiliz; umorea, kritika... eginez; kantatzen, dantzatzen, bertsotan...; teknologia edo ikus-entzunezko teknika desberdinak erabiliz... Aukera itzela, beraz!

Bideoaren iraupena, askoz jota, 3 minutukoa izango da. Hori baino luzeagoa izanez gero, ondo justifikatu beharko da horretarako arrazoia eta epaimahaiaren eskutan geratuko da bideo luzeagoen onarpena lehiaketan.

Bideotan euskara izan behar da erabilitako hizkuntza nagusia. Halaber, jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste saririk jaso gabeak izan beharko dira.

Nork har dezake parte?

Lan indibidualak eta talde-lanak onartuko dira, baina bigarren aukera hori gehiago baloratuko da, hau da, lana taldean egin izatea, bai kamaren aurrean, baita atzean ere. Zenbat eta lagun gehiago agertu bideoan, orduan eta hobeto.

Parte-hartzaile guztiek UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko kideak (ikasleak, irakasleak, ikerlariak, administrazio-langileak) izan behar dute, ETA taldearen bi herenek, gutxienez, IKASLEAK izan behar dute, eta taldearen bi herenek, gutxienez, Donostiako Informatika Fakultateko kideak izan behar dute.

Sariak

Lehiaketak ondoko 2 sariak ditu:

Epaimahaiaren saria: 100 €ko Amazoneko bonua eta 50 €ko Pako’s-ekoa

Publikoaren saria: 100 €ko Amazoneko bonua eta 50 €ko Pako’s-ekoa

Epaimahaiak bere saria eman gabe utz dezake .

Zer aurkeztu, non eta noiz?

Egindako bideoa aurkeztu ahal izateko posta elektronikoko mezu bat bidali beharko da infoeblehia@gmail.com helbidera.

Bideoarekin batera, dokumentu bat (PDF formatuan) aurkeztu beharko da bideoan azaltzen dena laburki deskribatzen duena. Dokumentuan egile eta parte-hartzaile guztien identifikazioa azaldu beharko da, Gipuzkoako campuseko zein ikastegitako kide diren, bakoitza zein kolektibotakoa den (ikasle, irakasle, ikerlari edo administrazio-langile) eta harremanetarako pertsonaren posta elektronikoko helbidea eta telefonoa adieraziz.

Lana egoki baloratu ahal izateko, bideoa egiteko erabili diren teknologiak edota ikus-entzunezko teknikak zerrendatzea ere baliagarria izango da.

Dokumentazioarekin batera egile bakoitzaren Unibertsitateko txartelaren fotokopia eskaneatua (argazkia) gehitu beharko da.

Aurkezteko epea

2021ko azaroaren 10etik 24era arte.

Lehiaketaren ebazpena

Esan bezala, 2 sari egongo dira, bat dokumentu honetan ezarritako irizpideen arabera epaimahaiak erabakita, eta, bestea, jasotako bideo guztien artean Instagramen egindako bozketa publiko baten bitartez.

Euskararen Nazioarteko Egunean (edo hortik gertu) aurkeztutako bideoen erakusketa edota aurkezpena egingo da, eta amaieran lehiaketaren sari-banaketari ekingo zaio. Hori guztia, beti ere, Covid-19aren pandemia dela-eta dagoen egoera kontuan hartuta.

Balorazio-irizpideak

Epaimahaiko kideek lanak baloratuko dituzte honako irizpide hauek kontuan hartuta:

  • Euskararekin eta Informatikarekin duen lotura.
  • Berritasuna, originaltasuna...
  • Gaia aurkezteko alde ludikoa, dibertigarria, umoretsua... (besteekiko errespetua galdu gabe, noski).
  • Taldean egindako lana izatea. Batez ere kameraren aurrean inplikatutako lagun kopurua.
  • Hizkuntzen trataera, bereziki euskararena, zuzentasunaren edota aberastasunaren aldetik. Bestalde, euskaraz egiteko zailtasunak edukita, egindako ahalegina ere kontuan hartuko da.
  • Egindako lanaren bolumena eta zailtasuna.
  • Erabilitako teknologiak edota ikus-entzunezko teknikak.
  • Software librea erabiltzea edota Creative Commons lizentziapean egindako lana uztea.

Epaimahaiak lan baten egileak elkarrizketa batera deitu ahal izango ditu zalantzak argitu ahal izateko eta horrela lana behar bezala baloratu ahal izateko.

Epaimahaia

Epaimahaia fakultateko Euskara Batzordeko kideek osatuko dute.

https://www.ehu.eus/eu/web/informatika-fakultatea/batzordeak

Oharrak

Lehiaketa honetan parte hartzeak zera esan nahi du, parte-hartzaileek ziurtatzen dutela bere lanaren egileak direla eta, aldi berean, antolakuntzak baimena duela hautatutako lanak erabiltzeko unibertsitate arloan euskara indartzeko, beti ere egileen izenak adierazita.

Parte-hartzaileek berek bermatu beharko dute aurkeztutako lanetan ez dela urratzen beste inoren irudi-, jabego- edo egile-eskubiderik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak aipatutako oinarri guztiak onartzen direla ondorioztatzen du.

Informatika Fakultateko Euskara Batzordea

Imagen