euskaraespañol

Sendoa Ballesteros Peña

Berpitz al daiteke hildako bat?

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/20

Sendoa Ballesteros Peña
Sendoa Ballesteros Peña. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Halloween gauean, Santu Guztien Egunaren bezperan, ez-hildakoaren mozorroa ohikoenetako bat da, eta hori ez da kasualitatea. Erdi Arotik XIX. mende hasierara arte, hildakoak berpizteko arriskuak izugarri kezkatu izan ditu gizakiak. Ez-hildakoen elezaharrak XI. mendeko Europan sortu ziren, baina seguruenik, mitoa askoz ere zaharragoa da.

Arkeologiak agerian utzi du hileta erritual groteskoak egiten zirela antzina, adibidez, hildakoa bere hilobitik altxa ez zedin, ahozpez lurperatzen zirela edo hildakoaren eztarrian igitaiak ipintzen direna.

Baina XIX. mendetik aurrera beldur berri bat zabaldu zen, erromantizismo ilunaren garai hartan ohikoa zen literatura hark bultzatuta: bizirik lurperatua izatearena. 1800. urtea baino geroxeago, lehen segurtasun hilkutxa merkaturatu zen. Hilobiaren kanpoan ipintzen zuten txintxarri bat ustezko hildakoa «esnatuz» gero hilobitik bertatik aktibatzeko aukera ematen zuen gailu horrek. XX. mendearen erdialdera arte, Estatu Batuetan tramankulu horren 22 patente zenbatu ziren gutxienez, baina okerki hildakotzat jotako inork erabili zuetako erregistro edo frogarik ez dago.

Posible al da bizirik dagoen norbait hildakotzat jotzea?

Giza historian zehar, pertsona baten heriotza diagnostikatzeko moduak aldatuz joan dira. Mende luzeetan, arnasarik, pultsurik, taupadarik eta estimuluekiko erreakziorik ez izatea heriotzaren zantzu ukaezinak zirela onartu zen. Hala ere, irizpide horiek ez zituen beti mediku kualifikatu batek zehazten, eta nolabaiteko fidagaiztasuna egon zitekeen diagnostikoan.

Halako egoeretan, eta hanka sartze baten ondorioz hiltzat jotako norbait ez lurperatzeko, beilaren tradizioa sortu zen; beilei dagokienez, kultura guztietan ez du iraupen bera: egun batetik hiru egun bitartekoa izan daiteke. Izan ere, 2011. urtera arte, norbaiten gorpua lurperatu aurretik 24 ordu itxaron behar zen Espainiako estatuan. Gaur egun, ordea, zientziaren eta teknologiaren aurrerakadak halako akatsik ez egitea ahalbidetzen du. Halere, ia sinesgaitzak diren 'berpizteak' gertatu zirela jakinarazten du prentsak noizbehinka.

'Berpitz' al daiteke hiltzat jotako norbait?

Pentsa genezake baieztapen hori kondaira edo zinemaren munduari dagokiola. Baina azken hamarkadan osasun profesionalei galdera hori egin zaienean, Frantziako larrialdi zerbitzuko medikuen % 45ek, Kanadako intensibisten % 37k eta Holandako intentsibisten % 37k erantzun zuten euren karreran gutxienez behin ikusi dutela paziente bat bere kabuz –alegia, inork bihotz-biriketako bizkortze-maniobrarik egin ez diola– berpizten.

Aldi berean, literatura zientifikoan, bihotz-biriketako bizkortze maniobrak amaitu ondoren edo halako maniobrarik jaso gabe bizi konstanteak berreskuratu zituzten pazienteen kasu dokumentatuak daude. 'Lazaroren fenomeno' deritze horrelako gertaera bitxiei, Bibliako pasarte ezagunari erreferentzia eginez.

1984tik, Lazaroren fenomenoak klinikoki hilda zeuden 63 pazienteri (gutxienez) eragin dielako frogak daude, paziente horietako batzuk helduak izanik eta beste batzuk, ordea, adin pediatrikoan egonik. Erregistroen arabera, bizkortze maniobrak amaitu zirenetik bizi seinaleak berez berreskuratu ziren arte igarotako denbora tartea kasu bakoitzaren araberakoa izan zen: laburrena, segundo gutxi batzuetakoa; luzeena, hiru ordu eta erdikoa. 'Berpiztuen' % 35ek ospitaleko alta jaso arte iraun zuen bizirik eta, gehienetan, ondorio neurologikorik gabe.

Hala eta guztiz ere, eta ikusirik osasun langileen proportzio handi batek eremu pribatuan berpizte bat ikusi izana adierazi duela, baina aldizkari espezializatuetan kasuen deskribapen apala dela, badirudi «Lazaroren fenomenoen» nolabaiteko dokumentazio gabezia dagoela. Informazio eskasia hori, beharbada, osasun langileak ondorio mediko-legalak pairatzeko beldur direlako existitzen da, edo agian, ospe profesionala galtzeko beldur direlako edo, akaso, iruditzen zaielako osasun arretako gainerako langileek ez dietela sinetsiko. Biomedikuntzako literaturak ez bezala, kazetaritzako testuek Lazaroren fenomenoaren adierazgarri izan daitezkeen jazoeren berri ematen dute aldian behin.

Zergatik gertatzen da Lazaroren fenomenoa?

Ez da zalantzan jartzen hildakoak euren kabuz berpizteko prozesuak existitzen direnik, baina gaur egun ez dakigu zer mekanismo fisiopatologikok eragiten dituen Lazaroren fenomenoak.

Fenomenoa azaltzeko onargarriak diren hipotesi batzuk aztertu dira, baina hipotesi horiek ez dute balio dokumentatutako kasu guztiak besterik gabe azaltzeko.

Hipotesi horietako batek bizkortze maniobran erabilitako farmakoen –hala nola adrenalinaren edo bikarbonatoaren– balizko efektu atzeratuarekin du zerikusia. Fenomenoari buruzko beste azalpen posible batzuk taupada markagailu funtzionagarriak izatearekin edo arteria koronarioetan ateroma plakak askatu ondorengo autoperfusio miokardiakoarekin lotu izan dira.

Baina hipotesi zentzuzkoenak agerian utziko luke aireztapen artifizialak eragindako torax barneko presioak areagotzen direla. Prozesu horrek perfusio koronarioa gutxitzea eta bihotzaren jarduera etetea ekar lezake. Bizkortze maniobrak bukatutzat ematean, torax barneko presioa gutxituko litzateke eta, horren ondoren, bihotzaren mugimendu mekanikoa berez lehengoratuko litzateke.

Edonola ere, Lazaroren fenomenoak giza ulermena desafiatzen du. Azalpen zientifikorik ezean obserbazio kliniko bihurtutako elezahar bat.

The Conversation