euskaraespañol

UPV/EHU kidea den ENLIGHT Europako Unibertsitatea abiarazteko asteko saioetarako izen-ematea zabalik

Kick-off Week delakoa martxoaren 1etik 5era arte egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/12

Enlight Kick-off Week

ENLIGHT Europako Unibertsitateak, Goi Mailako Hezkuntzako bederatzi erakundek (UPV/EHU horien artean) osatutakoak, abian jarriko da ofizialki, Kick-off Week edo Abiarazteko Astea delakoarekin. Aste horretako programa argitaratu eta saio eta ekitaldietan izena emateko epea irekita dago. Unibertsitate-komunitateetako ahalik eta kide gehien integratzea lortu nahi da, eta 2023ko abendura arte luzatuko den fase pilotu honetan ekimen honetako lan-modulu eta esparru nabarmenei leiho bat eskaini nahi zaie.  

Europako unibertsitateek XXI. mendeko erronka sozial eta politiko handiei aurre egin ahal izango dieten Europako belaunaldi berrien garapena sustatzen dute, lankidetza eta sormena zuzpertuz,  eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna arazo ez dela sinetsita. Ildo horretatik, helburua da Europako gazteak gai izatea beren gaitasunak hobetzeko eta Europako kontinenteak gaur egungo eta etorkizuneko mundu-eraketan dituen zailtasunak gainditzeko. 

ENLIGHT Europako Unibertsitateak unibertsitate hauetako 300.000 ikasle baino gehiago biltzen ditu: Bordele (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Upsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia), Comenius-Bratislava (Eslovakia) eta UPV/EHU. Erakunde guztiak beren izaera orokorragatik nabarmentzen dira, ikerketaren arloan duten kalitateagatik eta beren konpromiso sozialaren dimentsio garrantzitsuagatik. 

ENLIGHT Europako Unibertsitateak, unibertsitate-sistema integratu baten oinarriak ezarriko ditu datozen hiru urteotan. Sistema horrek ikasleen eta langileen fluxu askea ahalbidetuko du baliabide akademiko eta administratiboen bidez, kalitatea bermatzeko mekanismo eta nazioarteko lotura eta konpromiso globalen bidez, harik eta irismen handiko ikerketa-azpiegiturak eratu arte.  

Proiektua abiarazteko astea 

Martxoaren 1etik 5era bitartean, proiektua abiarazteko astea izango da. Ekitaldi horretan, proiektuko interesei buruzko aurkezpen publikoak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dira Interneten bidez, bederatzi unibertsitateetako adituek gidatuta. Hitzaldi eta saio gehienak publikoak izango dira, beraz, edonork parte hartu ahal izango du. Saioetarako estekak jasotzeko, interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena helbide honetan

Eta hemen kontsultatu ahal da Kick-off Weekaren programa

ENLIGHTi buruz 

UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak ondokoa nabarmendu du: "ENLIGHT oso kalitate handiko goi mailako irakaskuntzako 9 erakunderen arteko elkarte estrategiko bat da. Horren bidez, ikasleek unibertsitate horietako ikastaroak eta irakasleak baliatu ahal izango dituzte bizi osoan, eta, ENLIGHT eskualdeko eragileekin batera, Europak eta munduak gaur egun dituzten gizarte-arazo konplexuenetako batzuk konpontzen parte hartu ahal izango dute. Ikasleek herrialde batetik bestera mugitzeko hainbat mugikortasun-eskemaren laguntza izango dute, eta, ikasketetan, nazioarteko ikasleekin ariko dira lankidetza estuan. Horrez gain, ikerketa zirraragarri eta berritzaile batean parte hartzeko laguntza jasoko dute, lidergo-trebetasunak eta ekintzaileak garatzeko xedearekin.” 

Partzuergoa eratzeko, banakako erakundeen ororen arloak egiaztatu dira, eta honako eremu hauek jo dira lehentasunezkotzat gogoeta eta ekintzarako: osasuna eta ongizatea, iraultza digitala eta digitalizazioaren eragina, klima-aldaketa, energia eta ekonomia zirkularra eta ekitatea. Horrela, bada, erakunde kolektibo berri honen bereizgarri dira prestakuntza-ibilbide malguak eta nazioartekoak diseinatzea, erronketan oinarritutako ikaskuntza-esperientziak sustatzea eta transdiziplinarietatea eta bersalitatea bultzatzea. 

Partzuergoa osatzen duten erakundeen gizarte-konpromisoa erakunde, enpresa eta elkarteekiko aliantzetan gauzatzen da, eta unibertsitateek ahaleginak zuzentzen dizkieten komunitate soziopolitikoen arazoen, erronken eta beharren berri emango dute.  

Hileko newsletterra, etengabe egunean egoteko 

ENLIGHT proiektuak hileroko buletin bat du, aliantzaren unibertsitateren batean gertatzen diren azken nobedadeen, irakaskuntza-aukeren, mugikortasun-aukeren, parte-hartzearen eta ekitaldien berri ematen duena. Kalean dago dagoeneko otsaileko alea

Hileko buletina zeure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, izena eman, ENLIGHTen webeko beheko muturrean joanezeta buletina jaso nahi duzun posta elektronikoa adieraziz.
Harpidetu zaitez zure posta elektronikoan hilabetekari hau jasotzeko.

Eta YouTube kanala ere badauka.