euskaraespañol

Naiara Berasategui Sancho eta Leire Darretxe Urrutxi

‘Celaa legea’ hezkuntza bereziko ikasleentzako eredu inklusibo baterantz doa?

Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/07

Naiara Berasategui Sancho eta Leire Darretxe Urrutxi
Naiara Berasategui Sancho eta Leire Darretxe Urrutxi. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hezkuntzako lege proiektu berriak (LOMLOE) eragin duen eztabaidetako bat laugarren xedapen gehigarritik dator eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen eskolaratzearen bilakaeraren ingurukoa da.

2018-2019 ikasturtean, Espainian 37.136 ikasle zeuden hezkuntza bereziko ikastetxeetan matrikulatuta, ikasleen populazioaren –8,17 milioi ikasle– % 0,45; horietatik % 59,6 191 ikastetxe publikotan eta, gainerako % 40a 280 ikastetxe itundutan. Ratioek ez dute laguntzen behar duten arreta jaso dezaten.

Sortutako eztabaidak hezkuntza bereziko ikastetxeak eta hezkuntza inklusiboa aurrez aurre jartzen ditu. Zehazki, legeak honako hau jasotzen du:

“El Gobierno, en colaboración con las Administraciones educativas, desarrollará un plan para que, en el plazo de diez años, de acuerdo con el artículo 24.2.e) de la Convención sobre los Derechos de las Personas con Discapacidad de Naciones Unidas y en cumplimiento del cuarto Objetivo de Desarrollo Sostenible de la Agenda 2030, los centros ordinarios cuenten con los recursos necesarios para poder atender en las mejores condiciones al alumnado con discapacidad. Las Administraciones educativas continuarán prestando el apoyo necesario a los centros de educación especial para que estos, además de escolarizar a los alumnos y alumnas que requieran una atención muy especializada, desempeñen la función de centros de referencia y apoyo para los centros ordinarios.”

Gobernuak, kaleratu duen dokumentu baten bidez, garbi utzi du hezkuntza berezko ikastetxeak ez direla itxiko. LOMLOEk familiei beren seme-alaben hezkuntza beharrei erantzuten dien araubide inklusiboena aukeratzeko askatasuna emango die. Hala ere, esparru lege bat dela ulertu behar da eta autonomia erkidego bakoitzak indartu beharko duela, mota horretako ikasleen inklusioaren aldeko politikak ezarriz –baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago–.

Inklusioa eskubide bat da eta politikak, kulturak eta hezkuntza praktikak birplanteatu egin behar ditugu, erronka horri lidergo partekatutik helduz, eragindako alderdi guztiak kontuan hartuta (familiak, ikasleak, profesionalak eta beste eragile komunitario batzuk) eta benetako aliantzak sortuz, hezkuntza mota hori benetan pertsona guztientzako eskubide bat izan dadin.

Ikertzaile eta irakasle gisa –hamarkada bat baino gehiago daramagu gai honetan lanean–, ingurune inklusiboagoak garatzeko elkarrekin eta partaidetza bidez lan egitea ezinbestekoa dela ikasi dugu.

Ikastetxe arruntek baliabideak behar dituzte

Ikastetxe arruntek baliabide gehiago eduki behar dituzte eta horiek anitzak eta pluralak izatea ona ez ezik aurrerapauso bat ere bada, baina ez da nahikoa, horrekin batera kultura eta praktika inklusiborik ez badago.

Ikastetxeak askotarikoak izatea baldin bada asmoa, eta aniztasun hori aberastasuntzat jotzen bada, ikasle guztien beharrei erantzuteaz gain, ikasle guztiak kontuan hartuko dituen eta haien hezkuntza eskubidea errespetatuko duen kalitatezko hezkuntza bat sortu eta horren alde lan egin behar da. Halaber, guztientzako espazio seguruak sortzea funtsezkoa da.

Ikastetxeek sareak sortzeko eta adiskidetasuna garatzea eragiten duen topaleku gisa funtsezko rola jokatzen dutela kontuan hartuz, alderdi hori zaindu egin behar da, inklusioak ikasle guztiak zaintzea ere ekar dezan eta ez daitezen baztertuta edo bereizita sentitu beren izaeragatik, hori edonolakoa izanda ere.

Bazterkeria egoerak

Guk ezagutzen ditugun kasu batzuetan, gurasoek ikastetxe arruntean baztertuta sentitu direlako (ikastetxe arruntak, kasu batzuetan, ez daudelako haien beharrei erantzuteko prestatuta) eraman dituzte beren seme-alabak hezkuntza bereziko ikastetxeetara, asmo onenarekin, eta ez litzateke horrelakorik gertatu behar.

Legeak politika horietan aurrera egin behar du, baina ez da nahikoa, ikastetxeetan aniztasuna utopia ez izateko behar diren mekanismoak ezartzen ez badira.

Nola bermatuko dugu ikastetxeak inklusiboak izatea eta ikasle guztiei erantzutea, inolako bazterkeriarik gabe? Horretaz jabetu behar dugu eta ikastetxeetan hori sustatzearen alde lan egin, eta legeak ere garatu beharko luke, baliabide, jokatzeko estrategia eta ebaluatzeko modu gehiago emanez.

Beste herrialde batzuetan ikasitako lezioak aztertu ditzakegu, kalitatezko hezkuntza erantzun bat ematea posible dela sinesteko eta “eskolaratze eredu dual batetik eredu bakar baterantz joateko, erabateko inklusioaren asmotik gertuko eredu baterantz”.

Bidea egiteko dago

Horregatik, gure ustez, teorian printzipio inklusiboak baldin baditugu ere, gure hezkuntza inguruneetako errealitateak, kasu askotan, printzipio horietatik urrun daude eta bidea egiteko dago.

Hezkuntza testuinguruak aldatu egin behar ditugu, ikasle guztien beharretan oinarrituz, eta pertsona guztiei ongietorria egingo dieten eta haien gaitasunak ahalik eta gehien indartuko dituzten ikastetxeak sortzeko oztopoak kendu.

Garatu ditzagun aniztasuna baliotzat hartuko dituzten ikastetxe arruntak, behar diren baliabideekin eta desgaitasuna duten ikasleei erantzuten urte asko daramatzaten profesionalen jakintzarekin eta esperientziarekin batera aurrera eginez.

Gure seme-alabei esklusio egoerak iraganean utziko dituen mundu bat zor diegu. Azken finean, ‘Hezkuntza Inklusiboa. Maitatzea sortzea da’ kanpainaren alde gaude eta hezkuntza sistema eraldatzeko eta hobetzeko aurrerapausoak eman behar ditugu.

The Conversation