euskaraespañol

Maria Puy Portillo, Jesús Salmerón, Helen Carr-Ugarte eta Saioa Gómez

Ezinbestekoa al da fruta azalarekin jatea zuntz kantitate nahikoa irensteko?

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak eta CIBEROBN zentroko kideak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/08

Maria Puy Portillo, Saioa Gómez eta Jesús Salmerón
Maria Puy Portillo, Saioa Gómez eta Jesús Salmerón. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hau da erantzuna: ez. Fruta gehiago jan behar dugu, azalarekin edo azalik gabe, gehien gustatzen zaigun bezala. Agian, hau izan beharko litzateke galdera zuzena: fruta gehiago jan behar dugu nahikoa zuntz hartzeko? Kasu horretan, erantzuna argi eta garbi izango litzateke baiezkoa.

Hasteko, ikus dezagun zer den zuntza. Digestio entzimek digeritu ezin duten eta, hortaz, hesteetan xurgatu ezin den landare jatorriko elikagaien frakzio jangarria da. Nolanahi ere, zuntz mota batzuk hartzitu ditzake mikrobiotak, eta, horren ondorioz, osasunerako onuragarriak diren konposatuak sortzen dira, hala nola kate motzeko gantz azidoak.

Nahiz eta zuntza ez den xurgatzen, kantitate nahiko hartu behar dugu, ondorio onuragarri ugari baititu. Adibidez, idorreria prebenitzea eta odoleko kolesterol kontzentrazioak gutxitzea. Izan ere, ikerketa epidemiologiko ugarik agerian utzi dute zuntz gutxi kontsumitzen duten pertsonek patologia jakin batzuk izateko joera handiagoa dutela, hala nola diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak.

Zuntz iturriei dagokienez, zuntz askokoak dira zereal integralak (garia, oloa), lekaleak, frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak. Aitzitik, animalia jatorriko elikagaiek, hala nola haragiak, arrainak eta arrautzek, ez daukate zuntzik.

Zenbat zuntz hartu behar dut?

Helduek zenbat zuntz hartu behar duten zehazteko gomendioak desberdinak dira erakundearen arabera. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) gaur egun gomendatzen du gutxienez 25 g/egun hartzea. Hala ere, Europan, zuntz kontsumoa, egun, 14-23 g/egun da, gutxi gorabehera, hau da, gomendatutakoaren azpitik dago. Zehazki, ANIBES azterlanak adierazi zuenez, Espainian zuntzaren batez besteko kontsumoa 13 g/egun da gizonetan eta 14 g/egun emakumeetan 18 eta 64 urte bitarteko adin tartean.

Gutxieneko zuntz kantitate hori kontsumitzeko, egunean gutxienez 5 fruta eta barazki anoa (400 g inguru) eta astean 2 edo 3 lekale anoa jan beharko lirateke. Era berean, zereal integralak kontsumitu beharko lirateke, hala nola arroz integrala.

Nolanahi ere, jende asko, elikagai horiek gutxi jateaz kezkatu beharrean, fruta azalarekin kontsumitzeaz kezkatzen gara, zuntz gehiago hartze aldera. Egia da frutaren azalak gainerako frakzio jangarriak baino zuntz kantitate handiagoa duela, baina guztizko pisuarekin alderatuta pisu txikia duenez, txikia da azalarekin edo gabe jatearen arteko aldea.

Eman dezagun adibide bat sagarraren eta udarearen mamian eta azalean zenbat zuntz gramo dauden erakusteko. Demagun azalik gabeko 150 gramo udare hartzen ditugula: kasu horretan, guztira 3,2 g zuntz hartuko lirateke. Aldiz, azalari dagokion zatia ere hartzen badugu, 5 g inguru hartuko lirateke, alegia, 0,1 gramo zuntz soilik gehituko genuke.

Horrez gain, esan behar da zuntz kantitateari dagokionez, askotan, handiagoak direla diferentziak fruta desberdinen artean edota fruta bereko klase eta barietateen artean. Kasu horrek ez baldin badakar arazorik zuntz kontsumoaren ikuspegitik, zer dela-eta ematen zaio hainbesteko garrantzia fruta edo barazkiak jateko moduari?

Azken batean, fruta eta barazkiak azalarekin kontsumitzen badira, horrek zuntz gehiago hartzea ekar dezake, baina oso txikia da alde hori. Azala dela-eta norbaitek fruta edo barazki gutxiago jaten baditu, hobe da azala kentzea. Kasu horretan, fruta eta barazkien kontsumoa handitzea da garrantzitsuena, berdin dio nola hartzen ditugun.

The Conversation