euskaraespañol

Santiago Pérez Hoyos

Eta, orain, Artizarrarekin zer?

Planeta Zientzien taldeko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/18

Irudia
Santiago Pérez Hoyos. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Artizarrean, alboko planeta infernutarrean, «bizitza aztarna» edo biomarkatzailetzat hartzen den molekula bat topatu izanak (fosfanoa) harridura eragin du planeta atmosferak ikertzen ditugun zientzialariengan. Ezustekotik onera etorrita, eta aurkikuntza handietsiz nahiz gutxietsiz tinta mordoa isuri ondotik, ondorio irmo batera iritsi ahal izateko egin behar ditugun hurrengo urratsen gainean hausnartzeko unea da.

Beraz, lehena, agerikoa da: gehiagotan aurkitu behar da fosfanoa.

Konposatu kimiko atmosferikoek ildo sorta nahasi bat uzten dute argian, eta horien bitartez zehatz-mehatz identifikatu daitezke. Ildo gehiago aurkitzea espektroko beste eskualde batzuetan, eta argitasun ahalik eta handienaz, horra lehen xedea. Bai aurkikuntza iragarri zuen taldearena, bai dagoeneko horretan jarri diren gainerako ikertzaileena.

Irrikaz gaude konposatu horren kontzentrazioa Artizarreko urtebete batean zehar aldatzen ote den jakiteko, edo eskualdez eskualde aldatzen ote den, etab. Kontzentrazio txikia dela eta, baliteke galdera horietako batzuk erantzunik gabe geratzea gaur egungo baliabideekin, eta zientziak behar duen garapen teknikorako bultzada berri bat izatea.

«Bizitza aztarna» bat topatu al dugu?

Ikerketaren premisei eragiten dien alderdi sakonago bati erreparatu behar zaio lehenik. Oinarrian, hau da kontua: fosfanoa egiatan al da «bizitza aztarna» bat?

Orain urtebete, konbentzimendu osoz iragarri zen fosfanoa biomarkatzaile bat zela, ezin zitekeelako sortu bitarteko ez artifizialekin planeta arrokatsuetako baldintzetan. Biologian dihardutenek oraindik ere argitzeke dute mikroorganismo anaerobikoek zein eratara sortzen duten konposatu hori, eta Artizarreko giro baldintza gogorrak jasan ahalko lituzketen, leudekeen atmosfera geruzakoak arinagoak izanda ere.

Organismo bizidunak ere izan ziren ikergai iraganean, Artizarreko espektro ultramorean ikusten ditugun egituretako batzuk azaltzeko, baina egun baino funts gutxiagorekin. Baina egon al litezke bi hipotesi horiek lotuta nolabait? Biologiak soilik argitu ditzake zalantza horiek.

Artizarreko atmosferaz ulertzen ez duguna

Kimika atmosferikoan ere zalantzak ugaritu egin dira.

Jupiterren eta Saturnon ere fosfanoa badagoen arren, gasezko erraldoiak gai dira hura sortzeko Artizarrak ez dauzkan bi ezaugarrirengatik: hidrogeno kantitate sekulakoa (atmosfera ia osoa) eta alimaleko presio atmosferikoa, masa ere halakoa baitute.

Planeta arrokatsuetan ez da halakorik izaten, ezta Artizarrean ere, presioan eta tenperaturan Lurra ez bezalakoa izan arren. Aurkikuntzaren egileak buru-belarri aritu ziren ordezko mekanismoen xerka, baina guztiak baztertu behar izan zituzten. Hala ere, esan behar da planetako prozesu kimikoei buruzko zalantzak hainbeste izanik, ezin direla alde batera utzi.

Ez dugu ondo ulertzen Artizarreko atmosferaren kimika. Hain juxtu, arlo horretan, eztabaida interesgarria egongo da datozen hiletan.

Bultzada bat DAVINCI+ misioari

Zalantzetako asko ezingo dira argitu gaur-gaurkoz dakigunarekin. Ziur aski, Esplorazio Aeroespazialeko Japoniako Agentziaren Akatsuki misioarekin ere ez (gaur egun Artizarra orbitatzen), ezta EnVision (ESA) nahiz VERITAS (NASA) misioekin ere, guzti-guztiek kanpotik behatuko dutelako planeta.

Artizarreko atmosfera lodia zeharkatu eta geruza sakonenei buruzko informazioa emateko gai izango den ontzi bat behar dugu. Horixe du asmo DAVINCI+ misioak (NASAren Discovery programaren barnean dago). Datorren udan erabakiko dute misioa egingo den edo ez.

Gauzatuko balute, alboko planetaren bilakaera atmosferikoaren ibilbidea osatuko liguke, alegia, ustezko iragan heze eta bizigarritik berotegi efektuaren ondorioz bihurtu den infernura artekoa. Fosfanoaren aurkikuntza bultzada handia da horiek berresteko, mahai gainean jarri baitu orain arte oso gutxik serio hartzen zuten hipotesia.

Zientziaren aurrerabidea, jauziak jauzi eta atzerakadak atzerakada, etengabea eta geldiezina da. Azken egunetan iragarpen ezusteko baten lekuko izan gara, egitate funtsatukoa, baina alderdi ezezagun asko dituena oraindik ere. Aurrerakoan, zientzia ikerketa asko eratorriko da nagusi horretatik norabide batean eta bestean, baina edozeinetan ere, jakintsuago bilakatuko gara bidean.