euskaraespañol

Handitan zer izan nahi duzu?

Euskal Herriko Unibertsitateak ateak ireki dizkie aste honetan unibertsitate aurreko ikasleei

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/25

Jardunaldi Irekiak 2021. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU
Jardunaldi Irekiak 2021. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Aste honetan zehar, datorren urtean unibertsitate ikasketak hasiko dituzten 2.800 gazte inguru gure unibertsitatea bisitatzera hurbiltzen ari dira. Urte ezohiko honetan hainbestetan gertatzen ari den bezalaxe, Jardunaldi Irekiak ere bestelakoak dira, baina etorkizuneko ikasleak betiko urduritasunez eta jakin-minez gozatzen ari dira.

"Eta zuk, zer izan nahi duzu handitan?" Horixe da etxeko txikienei egin ohi diegun galdera, eta haiek, beren errugabetasunean, irmo erantzuten dute: "Paleontologoa, biologoa, ingeniari aeroespaziala, medikua, futbolaria". Baina, urteek aurrera egin ahala, eta etorkizun profesionalari buruzko erabakia hartzeko unea hurbiltzean, bigarren hezkuntzako ikasketak amaitzeko denbora gutxi geratzen zaienean, zalantzak eta galderak sortzen dira. "Agian hobe arkitektura ikastea, ezta? Kimika hobea?". Erabakian laguntzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak urtero egiten ditu Jardunaldi Irekiak, unibertsitate aurreko ikasleek instalazioak ezagutu ditzaten, nahi dituzten galdera guztiak egin ditzaten eta, horrela, laster hasiko duten bide berrian orientazioa izan dezaten.

"Ingeniaritza Zibila edo Mekanikoa nituen buruan. Baina, batxilergoan programatzen hasi garenean, konturatu naiz Ingeniaritza Informatikoa nahikoa gustatzen zaidala eta, Informatika Fakultatea bisitatu ondoren, argi daukat nire erabakia", esan du irribarretsu Alba Orcajok, Vitoria-Gasteizko San Viator ikastetxeko ikasleak. Bere ikaskideak, Lucía Salazarrek, buruaz baietz egiten du. "Nik ere ingeniaritzaren bat egin nahi dut, baina fisika eta marrazketa gogoko ez ditudanez, eta matematika bai, Informatika aukera ona da". Biek ikusten dute beren etorkizuna Adimen Artifizialaren esparruan. Donostiako Usandizaga BHIko ikasle Aitor Gonzagak ideia bera du buruan. "Industria Ingeniaritza edo Mekanikoa ziren nire aukerak, baina Informatika ere ez nuen baztertzen. Duela hilabete batzuk, ikastegi honetako irakasle bat gure institutura etorri zen hitzaldi bat ematera. Galdera asko egin nizkion, eta asko gustatu zitzaidan gaia. Beraz, Jardunaldi Irekietan izena ematea erabaki nuen eta, bisita egin ondoren, argi daukat nire aukera Informatika Ingeniaritza dela eta, horiek bezala, Adimen Artifiziala interesatzen zait. Oso berritzailea da, eta etorkizuna du". Ez zaio gauza bera gertatu Emilio Orellana lagun eta ikaskideari. "Niri fisika asko gustatzen zait, baina baita ordenagailuak ere. Lagunak konbentzitu ninduen berarekin bisitan etortzeko eta iritziz aldatzen ote nuen ikusteko. Baina ez da horrela izan. Azkenean Fisika ikasiko dut ", dio barrez. Lau gazteek pena agertu dute ezin izan dutelako bisita praktikoago bat egin, baina egungo pandemia egoerak jardunaldien antolaketan izan duen eragina ulertzen dute.

Berdinen arteko hitzaldiak

Natalia Mielgok, Vitoria-Gasteizko Sagrado Corazón ikastetxeko ikasleak, eta Paula del Olmok, Elgoibar BHIko ikasleak Zuzenbide Fakultatea bisitatu dute. "Hitzaldiaz gain, bista aretoa ere erakutsi digute, eta orain gradua egiten ari diren ikasleekin hitz egiteko aukera izan dugu. Hori asko gustatu zait ", azaldu du Nataliak. "Txikitatik -dio Paulak-, gauzak argudiatzeak, zalantzan jartzeak eta, zergatik ez esan, eztabaidatzeak erakarri nau. Beraz, Zuzenbidea ikasteko erabakia naturala izan zen". Oso positibotzat jo du jardunaldi bat ikastetxeko ikasleekin partekatu ahal izatea, eta, horrela, aldez aurretik pentsatutako ideiak baztertzea. "Oso interesgarria iruditu zait esperientzia hau nola bizi den bertatik bertara ezagutzea. Ikasteko denbora besterik ez dugula izango esaten digu jendeak, baina gauza bera esaten ziguten batxilergoaz, eta lagunekin ibiltzen naiz. Beraz, ez nau kezkatzen".
 

Izaskun Aseguinolaza Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Euskara, Kultura eta Ikasleen Harremanetarako zuzendariordeak aintzat hartzen du etorkizuneko unibertsitate-ikasleek beren esperientzia une honetan ikasketak egiten ari diren ikasleekin partekatzeko aukera. "Horrela, ikastegiko ikasleak etorkizuneko ikasleen gidari bihurtuz, unibertsitate aurreko gazteek EHUazokan jasotako informazioa osatzen dugu, eta beren etorkizun profesionalari buruzko erabakiak hartzen laguntzen diegu". Arkitekturako irakasle honentzat, Jardunaldi Irekiak aukera paregabea dira etorkizuneko ikasleek "eskolan dugun giroa ikusteko eta EHUazokan aipatzen ditugun gai asko zuzenean ikusteko. Eskola bisitatzean, bertan egiten ditugun lanak ikus daitezke: maketak, planoak, marrazkiak. Erabiltzen ditugun tresnak ere, hala nola ziria, ordenagailu-gela, 3D inprimagailuak, mozteko daukagun laserra, ikasgeletako espazioak bisitatzen dituzte eta gure ikasleek tailerretan taldeka lan egiten dutela ikusten dute ".

"Bizi dugun osasun-egoera korapilatsua dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da orientazio-jarduerak antolatzea, unibertsitate aurreko ikasleei zer aukera dituzten ezagutzen laguntzeko eta, horrela, beren gaitasun eta interesetara ondoen egokitzen den titulazioa hautatzeko. EHUazoka modu birtualean egin ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak Jardunaldi Irekiak aurrez aurre eskaintzearen aldeko apustua egin du, etorkizuneko ikasleek eta haien familiek unibertsitate-zentroak bisitatu ahal izateko eta graduko ikasketen eskaintza, instalazioak eta zerbitzuak 'in situ' ezagutzeko", azpimarratu du Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

Iritzi berekoa da Bego Lierni Bernaola, Ondarroa BHIko orientatzailea: jardunaldi horien garrantzia azpimarratzen du. "Batxilergoko 2. urteko ikasleek hurrengo urtean zer ikasi nahi duten erabaki behar dute, eta askorentzat estresa da. Askok, Jardunaldi Irekien bitartez, aukera dute gradua hobeto ezagutzeko eta gustuko duten ala ez erabakitzeko. Bertako irakasle eta ikasleekin egoteko, hitz egiteko eta zalantzak argitzeko ere aukera dute. Gainera, ikastegia eta bere instalazioak (ikasgelak, laborategiak, liburutegia, taberna...) zuzenean ikusteko aukera dute. Leku berri batera bidaiatzen dugunean, lasaitu egiten gaitu leku hori eta haren aurpegi batzuk ezagunak izateak. Hau da, Jardunaldien Irekien bidez, lekua, atezaina, kafetegiko langile bat edota berarekin egon zen irakasle edo ikasle berri bat ezagunak izango dira".

Jardunaldi Irekiak martxoaren 27an amaituko dira, eta oraindik plaza libreak dituzten ikastegietan eman daiteke izena, horiek egin baino bi egun lehenago egiten bada eskaera. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako azken mailako ikasleek graduetan izena emateko epea zabalik izango dute martxoaren 31ra arte.