euskaraespañol

Ekain Payán Ellacuria

Nork erabakitzen du ezindu bati SARS-CoV-2aren aurkako txertoa jarri behar zaion ala ez?

Zuzenbide Penaleko irakasle laguntzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/08

Ekain Payán Ellacuria
Ekain Payán Ellacuria. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Duela egun batzuk argitara atera zen Santiagoko epaitegi batek emandako ebazpena. Haren arabera, nahitaez jarri behar zitzaion COVID-19aren aurkako txertoa bere kabuz erabakitzeko gai ez den egoiliar bati. Pertsona horren alaba, erreferentziazko harremana, txertoa jartzearen kontra zegoen.

Espainiako beste ospitale geriatriko batzuetan ere, Sevillan eta Santiagon bertan, izan dira antzeko beste kasu batzuk, eta guztietan emaitza bera izan da. Horrelako kasu gehiago gerta daitezke kolektibo zaurgarrietan, baldin eta behar besteko gaitasunik ez badute eta haien legezko ordezkariak immunizazioaren aurka baldin badaude.

Horien artean daude desgaitasuna dutenak (mendekotasun handikoak zein ez), adinekoak (besteren artean, 80 urtekoak edo hortik gorakoak, lehentasuna izango duen hurrengo taldea, horien immunizazioa % 43 eraginkorragoa izango litzatekeelako, helduen gainerako taldeekin alderatuta) edo, unea heltzen denean, emantzipatu gabeko 16 urtez azpikoak.

Oraingoz, Fiskaltzak ezinduei txertoa jartzearen aldeko jarrera adierazi du. Horretarako, formulario bat helarazi die zentroei, eta prozesu horrek berarekin ekar lezake tutoretza kentzea edo tutoretza hori beste alde bati soilik esleitzea.

Egitate hori eta txertoa borondatezkoa dela kontuan hartuta, zalantzak sortu dira nori ote dagokion erabakia hartzea: pazienteari, haren legezko tutoreari ala agintaritza judizialari? Etikoa al da jaramonik ez egitea, interesdunaren baimen informatua lortzea ezinezkoa denean, haren izenean jarduteko izendatutako senide edo pertsonak adierazitako irizpideari?

Zer dio legeak?

Behin hemezortzi urte betez gero, herritarrek, duten adina dutela, aukera dezakete txertorik ez hartzea. Horretarako, dagozkien eskubideak eta betebeharrak baliatzeko gaitasun osoa izan behar dute. Horri ‘jarduteko gaitasuna’ esaten zaio (Kode Zibileko 322. artikulua).

Beraz, gaitasun hori erabiltzea (edo, hala badagokio, hartaz gabetzea) subjektu bakoitzaren egoera kognitibo eta funtzionalaren mende dago. Hori ez dator bat gaitasun juridikoarekin, zeina nortasunarekin bat baitator eta jaiotzeaz bat eskuratzen baita, behin amaren sabeletik guztiz askatzen denean (Kode Zibileko 30. artikulua).

Hala, bada, pertsona batek bere burua gobernatu ezin duenean, medikuak egindako txostenean hala jaso delako, edo epaile batek emandako ezgaikuntza‑epai bat dagoelako (Kode Zibileko 199-201. artikuluak), hirugarren batek ordeztu behar du egintza juridikoetan.

Hala ere, hirugarren pertsona horren ahalmena ez da ez mugagabea, ez absolutua. Hona zer dioen Kode Zibileko 216. artikuluak: “Tutoretza-eginkizunak (…) tutoretzapekoaren onerako egikarituko dira, eta agintaritza judizialaren babespean egongo dira”.

Zehatzago esanda, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 9.6 artikuluak ezartzen duenez, baimena pazientearen ordezkariak edo harekin familiaz edo izatez lotuta dagoenak ematen duenean, “(…) pazientearen bizitzarako edo osasunerako onura handiena bilatuz hartu beharko da beti erabakia”. Hau da, erabakia ezin izango da aldendu, une bakoitzean eskura dagoen ebidentzia zientifikoaren eta ezinduaren historia medikoaren arabera, bere bizitza edo osasuna zaintzeko ‘objektiboki onena’ den horretatik.

Kontrakoa gertatuko balitz, lege horrek eskatzen du egoeraren berri eman behar zaiola epaile eskudunari, zuzenean (interes legitimoa duenak eskatuta; kasu honetan, egoitzak) edo ofizioz (Fiskaltzaren bitartez), dagokion ebazpena eman dezan, auzitegiko medikuaren txostena ikusi ostean.

Are gehiago, baimen judiziala legezko epean eta eran lortzea ezinezkoa bada, osasun‑arloko profesionalak txertoa jarri ahal izatea aurreikusten du, urgentziazko arrazoiengatik, premia‑egoerak bultzatuta edo eginbeharra betetzen ari delako (Zigor Kodeko 20.5 eta 20.7 artikuluak).

Bide berean araututa dago Baimen informatua eta pazienteen historia klinikoa arautzen dituen maiatzaren 28ko 3/2001 Legearen 6.1.d artikuluan, honako hau esaten baitu: “Legezko ordezkariaren erabakia adingabearen edo ezgaituaren interesen aurkakoa bada, egitateak agintaritza eskudunari jakinarazi beharko zaizkio, legeria zibilean xedatutakoaren arabera”.

Etikaren ikuspegitik onargarria al da mugaketa hori?

Aldi berean, mereziko luke aztertzea aipatu berri dugun epaitegi horren erabakia, legeekin ez ezik, etikaren estandarrekin ere bat datorren. Azpian interes-gatazka bat dagoenez, aldeek alegatzen dituzten argudioak entzun eta haztatu beharko dira.

Alde batetik, azaldu dute pazientearen alabak neurri horretako erabaki bat bere kabuz bakarrik hartzeak zekarkion erantzukizun-maila aipatu zuela. Gainera, adierazi zuen zuhurragoa iruditzen zitzaiola amari txertorik ez jartzea, horren balizko ondorio kaltegarriak saihestearren. Inoiz ez zuen aipatu amak aurretik kontraindikaziorik edo patologiarik izan duenik; izan ere, halakorik izan, eta larriak izanez gero, hori alabaren txertoaren kontrako jarreraren indargarri izan zitekeen.

Bestetik, kontuan eduki behar da txertoak Sendagaien Europako Agentziaren ebaluazio positiboa lortu zuela, eta, era berean, Osasunaren Mundu Erakundeak haren segurtasuna eta eraginkortasuna balioztatu dituela.

Aurrekoarekin batera, nabarmendu behar da lehen olatuan soilik gure herrialdean hildakoen ia erdiak adinekoen egoitzetan zendu zirela.

Datu horiek erakusten dute pertsona horrek COVID-19arekin are ondorio larriagoekin kutsatzeko arriskua duela, fiskaltza probintzialetako datuek berresten baitute egoitzetako gehiegizko heriotza-tasa % 6 eta % 8 artekoa dela.

Gainera, erabakiak ez dio bere bizitzari edo osasunari soilik eragiten, baizik eta gainerako egoiliarrei ere eragiten die. Beraz, osasun publikoko arrazoiengatik, haren baimena alde batera uztea ere balegoke (Pazientearen Autonomiari buruzko Legearen 9.2.a) artikulua).

Aurreko guztiagatik, zentzuzkoa dirudi txertatzeak hobeto erantzutea ongintzako eta kalterik ez egiteko oinarrizko printzipio bioetikoei, ez baitu soilik kalte ez egitea bilatzen, baizik eta onura potentziala askoz handiagoa da, are gehiago kontuan hartuta orain arte jakitera emandako albo-ondorioak oso txikiak direla.

The Conversation