euskaraespañol

ENLIGHT Europako Unibertsitatea ezagutu nahi duzu?

Jarraitu zuzenean Abiarazteko Asteko saioak, martxoaren 1etik 5era

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/18

ENLIGHT Europako Unibertsitatea

Martxoaren 1etik 5era bitartean, ENLIGHT abian jartzeko astea izango da. Europako Unibertsitate horretan UPV/EHUk parte hartzen du, beste zortzi unibertsitateekin batera. Lineako ekitaldi horretan, proiektuko interesei buruzko aurkezpen publikoak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, bederatzi erakundeetako adituek gidatuta. Hitzaldi eta saio gehienak publikoak izango dira, eta nahi duen edonork parte hartu ahal izango du.

Irina Bokova, UNESCOko zuzendari nagusi ohia; Veronica Manfredi, Bizi-kalitatearen zuzendaria Europako Batzordean; Herman van Rompuy, Europako Kontseiluko presidente emeritua; eta Monika Froehler, Ban-Ki-Moon zentroko zuzendari exekutiboa, izango dira, errektoreekin batera, unibertsitateek beren komunitateen garapenari egindako ekarpena aztertuko duen mahai-inguruan.

Irina Bokova, Herman van Rompuy eta Monika Froehler-ek hitzaldietan parte hartuko dute.

Flagship lectures izeneko saioek gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzte, hala nola: Covid-19ren krisiak epe laburrean ikerketa medikoan izango duen eragina; Mediterraneoko arroko herrialdeetan lurzorua helburu turistikoetarako erabiltzeak Europako iparraldeko prezipitazioen bolumenari eta birulentziari nola eragiten dion; edo hezkuntza eraginkorragoa lortzeko ikasleak ahalduntzearen garrantzia.

Solasaldi informaletarako eta lan-sareetako etenaldiak izango dira (Virtual Coffee breaks) eta UPV/EHUari egokituko zaio astea amaitzea, partzuergoaren txandakako lehen lehendakaritza hartuko baitu. Eva Ferreira errektorearen hitzen ondoren, asteari amaiera emango dion kultur ekitaldi bat izango da.

Saioetarako estekak jasotzeko, interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Abiarazteko astean izena eman.

Abiarazteko Asteko programa zehatz-mehatz ezagutu.

Jarraitu zuzenean Abiarazteko Asteko saioak, martxoaren 1etik 5era

ENLIGHTi buruz 

Europako Batzordeak 2020ko uztailean onartu zuen ENLIGHT Europako Unibertsitatearen proiektua. Unibertsitate hauek osatzen dute: Bordele (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Upsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia), Comenius-Bratislava (Eslovakia) eta UPV/EHU. Erakunde guztiak beren izaera orokorragatik nabarmentzen dira, ikerketaren arloan duten kalitateagatik eta beren konpromiso sozialaren dimentsio garrantzitsuagatik. Guztira, 300.000 ikasle baino gehiago biltzen ditu. 

ENLIGHTek unibertsitate-sistema integratu baten oinarriak ezarriko ditu datozen hiru urteotan. Sistema horrek ikasleen eta langileen fluxu askea ahalbidetuko du baliabide akademiko eta administratiboen bidez, kalitatea bermatzeko mekanismo eta nazioarteko lotura eta konpromiso globalen bidez, harik eta irismen handiko ikerketa-azpiegiturak eratu arte.  

Izan ere, Europako unibertsitateen helburua hauxe da: XXI. mendeko erronka sozial eta politiko handiei aurre egin ahal izango dieten Europako belaunaldi berrien garapena sustatzen dute, lankidetza eta sormena suspertuz,  eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna arazo ez dela sinetsita.