euskaraespañol

Maria Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gómez Zorita

Zerbaiterako balio al du “kolesterolaren pilulak”?

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ‘Elikadura eta Gizentasuna’ ikerketa taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/25

Irudia
Maria Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gómez Zorita. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Kolesterola molekula bat da, gizakiaren bizitzarako behar-beharrezkoa, oinarrizko funtzioak betetzen baititu. Adibidez, sexu hormonen eta behazuneko azidoen sintesiaren aitzindaria da, eta gorputzeko egitura ugaritan dago.

Molekula honen jatorriak bi dira:

1.- Exogenoa: dietaren bidez hartzen da, eta heste meharrean xurgatzen. Hasiera batean besterik uste bazen ere, frogek erakutsi dute ez duela eragin handiegirik odoleko kolesterol mailetan.

2.- Endogenoa: organismoak gibelean sintetizatzen du. Faktore genetiko eta dietetiko batzuen araberakoa izaten da. Azukre sinpleek eta gantz aseek areagotu egiten dute kolesterolaren sintesi endogenoa.

Kolesterolaren kontzentrazio handiegiek –edo txikiegiek– osasun arazoak sor ditzakete. Hiperkolesterolemiak handitu egiten du gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua, eta gaixotasun horiek dira, hain zuzen ere, gure gizarteko heriotzen eragile nagusiak.

Bi kolesterol mota daude eta garrantzitsua da biak ondo bereiztea. LDL edo “kolesterol txarra”: kolesterol mota honek ez luke muga jakin bat gainditu behar, areagotu egiten duelako gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua. HDL edo “kolesterol ona”: ona da kolesterol mota hau maila altuan izatea, babestu egiten duelako gaixotasun kardiobaskularren aurrean.

Gaur egun, hainbat metodo daude arrisku kardiobaskularra  neurtzeko; horrela, balioetsi egin daiteke horrekin lotutako heriotza arriskua. Hori oso baliagarria da sintomarik gabeko pertsonen kasuan, eta kostu txikia du, gainera.

Hamar urteren buruan arazo kardiobaskularrei lotutako heriotza arriskua aurreikusteko erabiltzen diren metodo nagusiak REGICOR eta SCORE tauletan oinarritzen dira. Lehenengoek pazientearen honako alderdi hauek izaten dituzte kontuan: erretzailea den, diabetikoa den, adina, tentsio arterialaren balioak, guztizko kolesterola, HDL kolesterola eta LDL kolesterola. Bigarrenek, berriz, sexua, adina, tentsio arteriala, kolesterolaren kontzentrazio plasmatikoak eta pazientea erretzailea den edo ez hartzen dute kontuan.

Diabetikoak ez diren pazienteen kasuan, bi taulek oso antzeko emaitzak ematen dituzte. Analisi horren emaitza kontuan izanik, eta pazienteak beste patologiarik baduen ikusita, erabakitzen da pazienteak tratamendu farmakologikoa jaso behar duen ez; betiere, dieta eta jarduera fisikoa nahikoak ez badira edo huts egin badute.

Zer pazientek har ditzakete estatinak?

Guztizko kolesterola eta LDL kolesterola murrizteko –eta, beraz, arrisku kardiobaskularra txikitzeko– tratamendu farmakologikoa estatinak dira.

Estatinak har ditzaketen pazienteak honako hauek dira.

LDL kolesterol mailak 240 mg/dL-tik gora dituzten pazienteak; baita ere 190 mg/dL-tik gorako balioak dituztenak, familian dislipemia badute edo hipertentsio arterial larria badute.

Gaixotasun kardiobaskularra ezarrita daukaten pazienteen kasuan, LDL kolesterolaren balioak 70 mg/dL-tik beherakoak izatea ere bada helburua. Adibidez, honako hauek dituzten pazienteen kasuan: kardiopatia iskemikoa, I motako diabetes mellitusa eta xede organo baten lesioa, II motako diabetes mellitusa arrisku kardiobaskularreko faktoreak lotuta, edo xede organo baten lesioa, giltzurruneko gaixotasun kroniko aurreratua eta SCORE ≥ % 10 maila.

Azkenik, LDL kolesterolaren maila 100 mg/dL-tik beherakoa izateko helburua ezartzen da I eta II motako diabetes mellitusa duten pazienteen kasuan, xede organoetan lesiorik ez dutenean eta arrisku kardiobaskularreko faktorerik ez dutenean, giltzurruneko gaixotasun kroniko moderatua duten pazienteen kasuan eta SCORE balioak % 5 eta 10 artean dituzten pazienteen kasuan.

SCORE balioak % 1 eta 5 artean egonez gero, LDL kolesterolaren maila 115 mg/dL-tik behera kokatzea izango da helburu terapeutikoa. Zenbat eta handiagoa izan SCOREren balioa, orduan eta beharrezkoagoa izango da hori.

Estatinek kolesterolaren gibeleko sintesian parte hartzen duen entzima bat inhibitzen dute: hidroximetilglutaril koentzima A erreduktasa (HMG-CoA erreduktasa). Beste modu batera esanda, kolesterol gutxiago sortzea eragiten dute.

Ondorioz, odolean dagoen kolesterol pixka bat erabili beharko denez, LDL kolesterolaren maila % 15 eta 50 artean jaisten da.

Gainera, triglizerido serikoek apur bat behera egiten dute, eta HDL kolesterolak gora egiten du. Gaur egun erabiltzen diren estatinak honako hauek dira: atorvastatina, fluvastatina, lovastatina, pitavastatina, pravastatina, rosuvastatina eta simvastatina.

Albo ondorioak

Farmako hauek seguruak eta tolerantzia onekoak dira oro har, baina paziente batzuek albo ondorioak izaten dituzte, hala nola muskuluetako mina.

Beste ondorio ezatsegin batzuk ere ager daitezke, hala nola nahasmendu kognitiboak eta buruko mina. Halakoak ohikoagoak izaten dira beste medikamentu batzuk ere (kortikoideak, antirretrobiralak, opioideak) hartzen ari diren pertsonen kasuan, emakumeen kasuan, 65 urtetik gorakoen kasuan eta beste patologia batzuk dituzten pertsonen kasuan.

Beraz, pertsona bakoitzeko ikusi beharko da tratamenduak zer arrisku eta zer onura izango dituen. Normalean erabiltzen diren dosi terapeutikoek eragiten dituzten ondorio ezatsegin nagusiak urdail-hesteetan sortzen dira: goragalea, gorakoak eta dispepsia (abdomenaren goiko aldean mina edo ondoeza).

Gaur egun, eztabaida dago estatinak baliatzen dituen tratamendu hipolipemiatzailearen inguruan; batik bat, tratamendu hori minbizia izateko arriskua areagotzearekin lotzen hasi zirenez geroztik. Nolanahi ere, emaitza horietako asko animaliekin egindako azterlanetatik eskuratu dira, eta orain arte egindako saiakuntza klinikoek ez dute patologiaren intzidentzian aldaketarik erakusten.

Gauza jakina da estatinek ugaritu egiten dituztela gibelaren kaltearekin zerikusia duten entzima batzuk (transaminasak). Nolanahi ere, ondorio negatibo hori jasotako dosiarekin lotuta egoten da neurri handi batean, eta, gainera, oso kasu bakanetan iristen da gibelaren gutxiegitasuna eragitera.

Bestalde, egia da farmako hauek areagotu egiten dutela diabetesa izateko arriskua, baina, batzuetan, arrisku onargarria izaten da. Azkenik, azterlan batzuek erakutsi dute paziente hauen kasuan handitu egiten dela gorputzaren pisua. Hala ere, paziente bakoitzak elikatzeko eta jarduera fisikoa egiteko dituen ohiturekin lotuta egon daiteke pisuaren gorakada hori. Izan ere, pertsona horiek, beren kolesterol maila jaitsi egin dela ikustean, erlaxatu egiten dira.

Estatinen ordezko aukerak

Estatinak hartzea nahikoa ez den kasuetan, edo hartu ezin direnean, beste tratamendu batzuetara jo daiteke. Tratamendu horiek estatinekin konbina daitezke edo ez. Horien artean ditugu behazuneko azidoen bahitzaileak.

Halakoek, behazuneko azido berriak sintetizatzera behartzen dutenez gibela, gutxitu egiten dute kolesterol plasmatikoa. Nolanahi ere, ez dira ondo toleratzen, eta areagotu egin ditzakete triglizerido serikoak. Fibratoak ere erabil daitezke: jaitsarazi egiten dituzte guztizko kolesterola, LDL kolesterola eta odoleko triglizeridoak, eta, aldiz, igoarazi egiten dituzte HDL kolesterolaren mailak.

Ondorio gisa, esan dezagun kolesterol maila egokiak izateko eta arrisku kardiobaskular txikia izateko, garrantzitsua dela dietari dagokionez ohitura egokiak izatea, jarduera fisikoa erregulartasunez egitea eta ez erretzea.

Beharrezkoa izanez gero, eta osasun profesionalak hala ebazten badu, adierazitako tratamendu farmakologikoa hasi beharko da, eta edozein efektu kaltegarriren berri eman.

Gainera, gogoan izan estatinek ere badituztela beren arriskuak, medikamentu guztiek bezala. Albo ondorioak hainbat faktoreren araberakoak izaten dira, eta azken urteotan komunikabideetan eta sare sozialetan aipatu dituztenak ez daude frogatuta edo erabat justifikatuta. Bukatzeko, zalantzarik izanez gero, eskatu aholkua zure sendagileari edo farmazialariari.

The Conversation