euskaraespañol

Lehen Hezkuntzako ikasle eta idazlea

Jon Azkueta: «Ikasleari ez zaizkio hegoak moztu behar»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/30

Irudia

Lehen Hezkuntzako seigarren mailan zegoenean, irakasleak hiru orrialdeko kontakizun bat eskatu zien. Jon Azkuetak 30 orrialdeko bat idatzi zuen. Irakaslearen errietak bi erabaki hartzera bultzatu zuen: istorioak kontatzen jarraitzea eta irakasle ikasketak egitea. Gaur egun, Jon Azkueta (Bilbo, 1998) Haur Hezkuntzako hirugarren maila egiten ari da eta Wattpad online plataformako idazle nabarmenenetako bat da. Bere lan arrakastatsuenak, ‘Huyendo del vicio’ izenekoak, milioi bat irakurketa baino gehiago izan ditu; horietako gehienak Latinoamerikan.

Zergatik idazten duzu?

Txikitatik mundu guztiari istorioak kontatu dizkiot, irudimen handia daukat, baina DBHn hasi nintzen eleberriak idazten.

Idatzi nahi zenuela garbi bazenuen, zergatik erabaki zenuen irakasle ikasketak egitea?

Idaztea eta hezkuntzaren mundua beti gustatu zaizkit. Heztea oso garrantzitsua iruditzen zait eta oso garbi neukan irakasle izan nahi nuela, gertaera batengatik.

Zer gertaera?

Behin, Lehen Hezkuntzako seigarren mailan nengoela, irakasleak astebetean hiru orrialdeko kontakizun bat idazteko eskatu zigun. Nik hogeita hamarrekoa eraman nion eta, noski, zur eta lur geratu zen. Poztuko zela pentsatzen nuen, baina errieta egin zidan; lan handiagoa eman niolako, pentsatzen dut. Nire ustez, ikasleen gaitasunak garatu behar dira, ez hegoak moztu. Horregatik sartu nintzen Hezkuntzan, gauzak aldatzen saiatzeko.

Idazten jarraitu zenuen eta argitaratzen hasi zinen…

Nire lehen lana ‘La era T’ izan zen. 14 urte nituenean idatzi nuen, maitasun handia diot. Lan horrek eman zidan bultzada Wattappen (istorioak irakurtzeko eta norbere eleberriak kargatuz beste pertsona batzuek irakurtzeko aukera ematen duen online plataforma bat), kargatu nuen lehenengoa izan zen.

Zergatik erabaki zenuen online argitaratzea?

Webgunean kargatu baino lehen, argitaletxe batera bidal nitzakeela pentsatu nuen, baina gero, nire adina zela eta, argitaratzea oso zaila izango zela uste izan nuen. Orduan bururatu zitzaidan Wattpaden kontua. Wattpaden argitaratzeak konfiantza eragiten dit eta ikusgaitasun eta zabalpen handia ematen dizkit.

Gero beste batzuk etorri ziren, besteak beste, milioi bat irakurketa lortu dituen ‘Huyendo del vicio’.

Mota guztietako pertsonaiak dituenez, mundu guztia identifikatuta sentitu daiteke. Trama bakarra eduki beharrean hainbat ditu, telesail baten modukoa da. Eta bai, lanak arrakasta izan du, espero ez nituen sari asko jaso ditut eta pixka bat ezagunago bihurtu nau.

Sariak?

2017an, Wattpadek istorio zirraragarrien saria eman zidan. Zaila zen, 320.000 eleberri aurkeztu zirelako. Gogoratzen naiz senideei Wattys saria irabaziko nuela esan nienean barre egin zutela. Eman zidatenean, zur eta lur geratu ziren.

Baina zu ez zinen harritu.

Erdizka. Amestu egin nuen, baina jakinarazpena iritsi zenean ezin nuen guztiz sinetsi.

Irakurle gisa idazle gisa bezain onlinea zara?

Tira. Txikitatik paperean irakurri dut eta nostalgia pixka bat eragiten dit, baina gero eta gehiago online irakurtzen dut.

Papereko irakurketa bukatuko da?

Bai, denbora kontua da. Musikarekin bezala gertatuko dela uste dut. Lehen jendeak diskoak erosten zituen eta orain aplikazioen bidez entzuten du musika.

Euskalduna izan arren, gaztelaniaz idazten duzu.

Pertsona gehiagorengana iristeko aukera ematen didalako.

Eta nondik ateratzen duzu idazteko denbora?

Tarte libre guztiak idazteko aprobetxatzen ditut, gainerako gauzez ahazteko modua da niretzat.  Orain idazten ari naizen eleberritik, ‘69 segundos para conquistarte’, astean kapitulu bat kargatzen dut, ostiralero, eta azterketen garaian aurreratuta izateko eta eragozpenak saihesteko antolatzen saiatzen naiz.

“Ordenagailuaren aurrean jartzen naizenean, hitzak bakarrik ateratzen dira”

Zergatik kapitulu bat astean?

Kapituluz kapitulu argitaratzeak joko handia ematen du, kontakizunean gertatuko denari buruzko jakin-mina sortzen du, ikusmina.

Idazteko betebeharrak zuretzat beste batzuek baino pisu handiagoa izango duela pentsatzen dut.

Behin baino gehiagotan gatazka sortu da eta lehenengo nire eleberriei erantzutea nahiago izan dut.

Nondik datorkizu inspirazioa?

Ez dakit, beti irudimen handia izan dut. Hala ere, tokien eta pertsonaien izenak aukeratzea kosta egiten zait, betiko hor egongo direlako eta ezingo ditudalako aldatu. Horretan denbora dezente ematen dut.

Eta noizbait izan diozu beldurra orri zuriari?

Oraingoz ez zait gertatu. Are gehiago, batzuetan beste gauza batzuk egiten ari naizela, aldi berean, gero idatziko dudanari buruz pentsatzen dut. Beraz, ordenagailuko pantailaren aurrean jartzen naizenean, hitzak bakarrik ateratzen dira.

Eta gainera, kapitulukako eleberria. Zer plan dituzu?

‘Huyendo del vicio 2’ lantzen ari naiz, baita laster ezagutuko diren beste eleberri batzuk ere. Online jarraitu nahiko nuke, baina ez dut baztertzen paperean argitaratzea. Dena den, liburua jarraitzaileak ditudan herrialde guztietan kaleratu beharko litzateke, irakurleekin bidegabea ez izateko.

Zure ospea ere kaleratu da?

Sare sozialetan gehiago ezagutzen naute. Baina behin gertatu zitzaidan, bai, Bilbon. Neska talde bat hurbildu zitzaidan eta ‘Huyendo del vicio’-ren idazlea nintzen galdetu zidaten.

Jon Azkueta pertsona zera da…

Ameslaria.

Jon Azkueta idazlea zera da…

Ausarta.

Zeure burua idazle profesional ikusten duzu?

Oraingoz ez ditut nire zaletasuna eta lanbidea nahastu nahi izan. Hala ere, honek aurrera egiten badu, edozer gertatu daiteke.