euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Zertaz hiltzen da jendea munduan?

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/02

Irudia
Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Our World in Data sareko argitalpenaren datuen arabera, munduan urtean 56 milioi pertsona hiltzen dira. Heriotza arrazoi nagusia gaixotasun kardiobaskularrak dira; horien ondorioz ia 18 milioi bizitza galtzen dira, ia hirutik bat. Eta gaixotasunak kategoria bakarrean bilduta, minbiziak ia 10 milioi heriotza eragiten ditu. Oro har, pertsonen % 73 kutsakorrak ez diren gaixotasunen ondorioz hiltzen da.

Gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak, gaur egun, heriotza guztien % 19 dira. Talde horretan daude, batik bat, arnas aparatuko gaitzak (2,56 milioi) eta digestio aparatukoak (2,38 milioi), beherakoak barne (1,6 milioi). Duela mende laurden, gaixotasun infekziosoen ondoriozko heriotzak % 33 ziren, eta, oro har, herrialde txiroetan ehuneko hori handiagoa zen.

% 33tik % 19ra izandako jaitsiera hori, aurrerabideari esker izan da. Herrialde bat zenbat eta txiroagoa izan, orduan eta handiagoa da gaixotasun infekziosoen ondorioz duen heriotza kopurua. Kontrakoa gertatzen da infekziosoak ez diren gaixotasunekin. Beste heriotza kategoria handia kolpeen edo zaurien ondorioz gertatzen diren heriotzena da, baina horiek gutxi aldatzen dira denboran zehar: gaur egun, % 8 dira, eta % 9 ziren duela 25 urte.

Haurren ia % 4 bost urte bete aurretik hiltzen da. Bestela esanda, urtean ia 6 milioi haur hiltzen dira. Heriotza arrazoi zuzen nagusia arnas infekzioak dira (800 000 inguru). Izan ere, arrazoi horrengatik hiltzen diren hirutik bat 5 urtetik beherakoa da. 650 000 jaioberri (hilabete baino gutxiago dutenak) jaio ondorengo patologien edo konplikazioen ondorioz hiltzen dira. Beherakoak ere haur heriotzen kausa garrantzitsua dira: kopurua asko jaitsi bada ere, milioi erdi haur inguru hiltzen dira arrazoi hori dela eta.

Oro har, gaixotasun horiek bizi urte asko galarazten dituzte. Heriotza asko eragiten dituzte, halaber, zirkulazio istripuek (1,2 milioi; horietatik, asko eta asko nerabeak eta gazteak) eta hartutako immunoeskasiaren sindromeak (hiesa); milioi bat pertsona hiltzen dira hiesaz (% 84k 50 urte baino gutxiago ditu). Urtero beren burua hiltzen duten 800 000tik 460 000 50 urtetik beherakoak dira.

Bestalde, dementziak, bere forma guztietan, 2,5 milioi heriotza eragiten ditu urtean. Kopuru hori nabarmen igo da, eta gora eta gora egingo du bizi itxaropena handitu ahala, batik bat, gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak gutxitu direlako. Arrazoi horregatik beragatik, ez dakar bizi urte asko galtzea.

Badira hiru heriotza arrazoi kuantitatiboki nabarmenak ez direnak, baina bai, ordea, oihartzun mediatiko handikoak: hilketak, atentatu terroristak eta hondamendi naturalak. Hilketa dela kausa, urtean 400 000 pertsona hiltzen dira, eta 26 000, berriz, ekintza terroristetan. Hondamendi naturalek 9 600 heriotza eragiten dituzte.

 

Gosea, tabakoa eta obesitatea

Heriotza kausei buruz ari garenean, gertuko edo zuzeneko kausei buruz ari gara, horiek eragiten dituzten gaixotasunei buruz, hain zuzen. Jakina denez, badira faktoreak heriotza ekar dezaketen gaixotasunak izateko probabilitatea handitzen edo gutxitzen dutenak.

FAOren arabera, bost urtetik beherako 6 milioi haur hiltzen dira urtean gosearen ondorioz. Arrazoi horrengatik galtzen diren bizitzak, seguruenik, 9 milioi inguru dira, baina bost urtetik beherako haurrak dira kalteberenak gosearen ondorioei dagokienez. Izan ere, heriotza horietatik oso oso gutxi gertatzen dira goseagatik zuzenean. Gehienak, luzaroan funtsezko behar beste elikagai eta mantenugairik gabe egon direlako dira eta, halakoetan, haurrak ahul daude, pisu gutxi dute eta kalteberak dira.

Bestalde, urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoarengatik, eta obesitatearengatik, berriz, 5 milioi; kasu batean eta bestean, hilen erdiak 70 urtez azpikoak dira. Alkoholarengatik 2,8 milioi hiltzen dira (horietatik 2 milioi 70 urtez azpikoak dira). Azkenik, ingurumen faktoreak aipatu behar dira: kutsadura atmosferikoak 3,4 milioi pertsona hiltzen ditu, eta etxekoak, 1,6 milioi.

 

COVID-19a iritsi da

2020an termino berri bat sartu da kontabilitate makabro honetan: COVID-19aren pandemia. Maiatzaren 14an, munduan 300.000 heriotza egiaztatu ziren kausa horrengatik, baina egiazko zifra, ziur aski, askoz ere handiagoa da. Esaterako, Espainian, martxoaren 17tik maiatzaren 5era erregistro zibiletan jasotako heriotzak beste urte batzuetan aldi horretan bertan egon ohi direnak baino % 56 gehiago dira.

Pentsatzekoa da gehikuntza hori gaixotasunaren eraginagatik dela; beraz, kausa hori dela medio gertatutako heriotzek ofizialki aldi horretarako jakinarazitakoen % 30eko gehikuntza adierazten dute. Munduko beste tokietan ere heriotzen benetako kopurua neurri berean gutxiesten dela pentsatuz gero, orain arte 400 000 pertsona hilko ziren COVID-19arengatik.

Gaur egun ere oraindik ez dakigu kutsatutakoen zer ehunekok galtzen duen bizia SARS-CoV-2aren ondorioz. % 0,1 izango balitz, eta gizaki guztiak kutsatu ahalko balira, hildakoen kopuru osoa, hipotetikoki, 7 milioira irits zitekeen. Seguruenik, kutsatuak askoz gutxiago izango dira, pertsona guztiek ez baitute kutsatzeko joera izango edo lehenago txerto eraginkor bat aterako delako, baina heriotzak, seguru asko, % 0,1 baino gehiago dira. Espainiako ENE-COVID txostenean maiatzaren 13an seroprebalentziari buruz argitaratutakoaren eta beste azterlan batzuen arabera, ehuneko hori seguruenik % 0,5etik gora da; horrenbestez, munduko heriotzen kopuruak erraz asko gainditu ditzake sei zifra. Hala, bada, hilgarritasun faktore handi bat bihurtuko litzateke.

Emandako kopuruetan ez dira sartzen gaitzaren zeharkako kausengatik hilko direnak, hau da, birusaren “albo ondorio” esan daitezkeenengatik. Zorionez, elikagaien munduko merkataritzak, oraingoz, eutsi ahal izan dio, baina, FAOko ekonomista buru Máximo Torerok ohartarazi duenez, herrialde gehienek COVID-19aren ondorioak geldiarazteko hartutako neurriek ere ondorio suntsitzaileak izan ditzakete, elikagaien munduko hornikuntzan izan daitezkeen gorabehera handiengatik.

Milaka bizitza galduko dira beste kausa batzuengatik. Kalkuluen arabera, hurrengo sei hilabeteetan, garabidean diren herrialdeetan, bost urtetik beherako 253 500etik 1 157 000era haur bitarte hilko dira, eta 12 200-56 700 ama, osasun sistemen hondamenaren ondorioz eta elikagaiak lortzeko aukeren galeragatik. Milaka bizitza galduko dira, jarduera eta mugikortasuna mugatuta, ekonomia okertuko delako. Eta oso litekeena da, halaber, jende asko hiltzea ospitalera ez joategatik, beharbada, gaitza harrapatzeko beldurrez.

Heriotza horietako asko urruti gertatuko dira; beste batzuk, gure artean. Eta, beharbada, horietako askoren berri ez da inon jasoko.

The Conversation