euskaraespañol

‘Egungo euskal literaturaren historia’ proiektu editoriala osatu da

‘Contemporary Basque Literature’ ingelesezko bertsioa ere argitaratu da Estatu Batuetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/21

Irudia
Eskerretik eskuinera: Jon Zarate, Jon Kortazar eta Bigen Zupiria (Tere Ormazabal.UPV/EHU)

Egungo Euskal Literaturaren Historia obra osatu berria eta bere ingelesezko bertsio ‘Contemporary Basque Literature’ aurkeztu dira gaur, abenduak 21, Bizkaia Aretoan. Prentsaurrekoan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jon Zarate, UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea eta Jon Kortazar, UPV/EHUko Euskal Literaturako katedraduna, ‘Egungo Euskal Literaturaren Historia’ bildumaren zuzendaria eta ‘Contemporary Basque Literature’ren editorea.

Zortzi liburukik eta guztira 2.000tik gora orrialdek osatzen dute Egungo Euskal Literaturaren Historia. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu duen obra horrek euskal literatura aztertzen du, 1975etik gaur egunera arte. Liburuki bakoitza literatur genero bati eskaini diote, klasikoetatik (nobela, poesia, haur eta gazte literatura, ipuina, saiakera eta antzerkia) ikerketa akademikoetan hain ohikoak ez direnetara (komikia eta nobela eta zinearen arteko harremana). Liburuki bakoitzak bi parte ditu: sarrera bat, aztertutako aldian generoak izan duen garapenari buruzkoa, eta bigarrena, generoaren obra garrantzitsuak aztertzen dituena. Guztira, 130 obra aztertu dira, Jon Kortazarrek zuzentzen duen LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa taldeak egindako lan horretan.

Jon Kortazarrek zuzentzen duen LAIDA taldeak ekin zion ekimen honi 2007an, eta hamar urte beranduago bukatutzat eman du Egungo euskal komikia eta literatura titulua daraman zortzigarren tomoaren argitalpenarekin. Hauek izan dira beste zazpiak: Egungo euskal eleberriaren historia argitaratu zuen lehenik ikerketa-taldeak 2007. urtean; Egungo euskal poesiaren historia, 2008an; Egungo euskal nobela eta zinema (2009), zinemaren eta nobelaren arteko elkarrizketaz hitz egiten du; 2011. urtean, Egungo euskal ipuingintzaren historia eta Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia argitaratu ziren; 2012.ean Egungo euskal antzerkiaren historia, eta 2013.ean Egungo euskal saiakeraren historia. Esan bezala, azkenik, aurten Egungo euskal komikia eta literatura deituriko liburua kaleratu da.

“1975-2010 aldiko euskal literaturaren historia egin nahi izan dugu, genero literarioak kontutan hartuz. Egungo euskal literaturaren historia honek gure garaiko euskal literaturak eman duen guztiaren historia dinamikoa eta gaurkotua egin nahi izan du”, azaldu du Jon Kortazarrek, UPV/EHU Euskal Literaturako katedradun eta ikerketa taldearen zuzendariak. Guztira, ia 130 lanen irakurketa proposatu da bilduman. Zortzi liburukien azaletan Jesus Mari Lazkano margolari eta UPV/EHUko irakaslearen koadroak agertzen dira

“Literaturaren historia bat egitea garaiak literaturari buruz egiten duen irakurketaren historia egitea dela esan ohi da, ez dugula literaturaren historia bat egiten, gure irakurketen historia baino. Eta hortxe datza gure asmo nagusia. Gure indarren neurrian, irakurketa sakon eta originalen historia bat egin nahi genuke sail osoaren bidez”, erantsi du Kortazarrek.

Bestalde, aurten ere argitaratu da Egungo Euskal Literaturaren Historia honen ingeleseko bertsioa ingelesez Contemporary Basque Literature izenburupean, Renoko Unibertsitateko Basque Studies Center-en eskutik. “Renoko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ingelesez, gaztelera zubi izan gabe, zuzenean euskaratik ingelesera itzuli delarik gure lana. Liburu horretan jaso dira sei genero klasikoei buruzko analisiak: nobela, poesia, haur eta gazte literatura, ipuina, saiakera eta antzerkia”.

Ikerketa-taldea

Egungo Euskal Literaturaren Historia literaturaren alorrean ari den ikerketa-talde baten fruitua da. Ikertzaile talde handi bat, eraberritzen joan dena. Zenbait, unibertsitateko irakasleak dira (Ur Apalategi, Asier Barandiaran, Xabier Etxaniz, Juan Kruz Igerabide, José Manuel López Gaseni, Iratxe Retolaza, Javier Rojo). Bestalde, ditugu tesiak bidean dituzten ikerlariak, dagoeneko Unibertsitateko irakaskuntzan lehen pausoak ematen ari direnak (Amaia Serrano, Paulo Kortazar) edo tesia bukatua duten Jaime Valverde eta Iratxe Esparza, itzulpengintza-lanetan trebatutakoa (Karlos del Olmo), egunkarietan eguneroko kritikaz ari direnak (Alvaro Rabelli, Javier Rojo); Artean adituak (Jesus Mari Lazkano, Iratxe Larrea, Susan Jodra) eta Literaturaren didaktikan adituak: Maria del Mar Boíllos, Amelia Benito del Valle. Beste batzuek ere parte hartu izan dute garairen batean taldean: Axun Aierbe zena, Iñaki Aldekoa, Jon Benito, Ibon Egaña, Angel Erro, Miren Ibarluzea eta Lourdes Otaegi.

Ikerketa-proiektu hau aurrera eramaten lagundu dute erakunde batzuek: UPV/EHU, Kutxa Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza.