euskaraespañol

'Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat' jardunaldien hirugarren edizioa

  • Ekitaldia

Noiz eta non

  • Noiztik: 2021/10/20, 17:00
  • Noiz arte: 2021/10/21, 20:00

Kokapena

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Zertaz ari gara klima-aldaketari buruz hitz egiten dugunean? Kontzeptu hau planetako tenperaturaren igoerak eragindako muturreko fenomeno meteorologikoei aplikatu ohi diegu, gehienbat giza-jarduerak sortutako berotegi-efektuko gasen isurpenei lotuta. Beroketa globala da poloak urtzearen eta, ondorioz, itsas-maila igotzearen erruduna, eta ondorio kaltegarriak eragiten ari da sistema fisikoetan zein biologikoetan, baita gizakiengan ere.

Geologiak zeresan handia du gai honetan, izan ere, adar zientifiko honetan klima-aldaketari lotutako prozesu asko aztertzen dira, eta guztien artean, beren-beregi nabarmen daiteke lehenaldiko zein orainaldiko klima-aldaketek arroketan, sedimentuetan, lurzoruetan edo izotzetan utzitako aztarnen irakurketa. Horren harira, gure planetaren iraganaren eta orainaren ezagutza geologikoari esker, errazago bistara daiteke egungo klima-aldaketaren ondorioek etorkizunean eragingo duten inpaktua.

Hainbat diziplina geologikotatik klima-aldaketari buruz landu diren hurbilketak ezagutzera emateko, urriaren 20an eta 21ean “Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat: klima-aldaketari buruzko begirada geologikoa” izenburuko dibulgazio-jardunaldia egingo da. Ekitaldia arratsaldeko 17:00tan hasiko da UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena Gelan, eta zuzenean zein streaming bidez ikusi ahal izango da EiTBren Kosmos kanalaren bitartez.

Ekimen honen hirugarren edizioa Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidro-Ingurumenekoen (HGI) ikerketa-taldeak antolatu du Bizkaiko Campuseko Errektoreordetza, Euskal Kostaldeko Geoparkea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren lankidetzaz.

Bi jardunaldietan bost hitzaldi antolatuko dira guztira, eta, horietan, geologoek, ikertzaileek eta klima-aldaketan trebatutako adituek publiko orokorrari azalduko dizkiote Geologiak egungo klima-aldaketaren erronkei egin ahal dizkion ekarpenak.

Hitzaldietarako sarbidea librea eta doakoa izango da aforoa bete arte, baina plaza erreserbatzea gomendatzen da www.geologia.eus webgunearen bidez edo formulario hau betez. Informazio gehiago nahi dutenak antolatzaileekin harremanetan jar daitezke helbide honen bitartez: j.geologiamiopes@gmail.com.

Programa

Asteazkena, urriak 20

1.-"El hielo y los glaciares: registro del pasado de la Tierra y situación ante el cambio climático” (Izotza eta glaziarrak: Lurraren iraganaren erregistroa eta klima-aldaketaren aurreko egoera).

Jerónimo Lópezek izotzaz hitz egingo du. Izotz hori da Lurreko ur gezaren erreserba handiena, eta, gainera, garrantzi handia du Lurreko kliman eta itsas mailaren aldaketetan. Izotza gure planetaren iraganari buruzko informazio-iturri aparta dela azalduko du.

Jerónimo López geologoa Geodinamikako irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Mendizaletasun sutsuak bultzatuta, planetako gailurrik gorenak eskalatu ditu, eta duela 32 urtez geroztik, Antartikan ikertzen dihardu, 11 espediziotan parte hartuz eta poloei buruzko ikerketarekin lotutako erakundeetan erantzukizun goreneko postuak betez; adibidez, SCAR-Antartikako Ikerketarako Nazioarteko Batzorde Zientifikoko presidentzia.

2.- "Recursos de agua y bosque: una relación compleja y mal conocida por la sociedad urbanita" (Ur eta baso baliabideak: hirikumeen gizarteak gaizki ezagutzen duen harreman konplexua).

Francesc Gallartek erakutsiko digu nola atzeratu den zientzialariek deforestazioaren eragozpenei buruzko ezagutzen transferentzia, basoen kudeaketa eta legeriara. Klima-larrialdiaren egungo egoeran, ezagutza horiek ezinbestekoak dira arintze- eta egokitze-neurriak ezartzeko.

Francesc Gallart geologoa OPIetako ikerketako irakaslea da Ikerketa Zientifikoetarako Goi-Kontseiluko (CSIC) Ingurumen Diagnostikoaren eta Urari buruz Azterlanen Institutuko (IDAEA) Azalerako Hidrologia eta Erosioari buruzko Taldean (SHEg). 40 urteko ikerketa-ibilbidean, azaleko hidrologian espezializatu da (ebapotranspirazioa, uholdeak, ibaiak eta erosioa), eta basoaren eta uraren arteko harremanak dira bere ikerketa-ildo nagusietako bat.

Osteguna, urriak 21

3.- "Eventos hipertermales del registro geológico: ¿análogos del calentamiento global en curso?" (Erregistro geologikoko gertakari hipertermalak: egungo beroketa globalaren antzekoak?).

Aitor Payros geologoak azalduko digu bere historian zehar Lurrak gertaera klimatiko hipertermalak izan dituela, eta horiek, neurri batean, egungo berotze globalarekin aldera daitezkeela. Era berean, gertaera horien azterketa geologikoak etorkizunak ekar diezagukeenari buruzko aztarnak eskaintzen dituela plazaratuko du.

Aitor Payros geologoa Geologiako irakaslea da UPV/EHUn. Nazioarteko Estratigrafia Batzordearen ICS Medal saria irabazi (2015) eta nazioarteko hainbat batzorde zientifikotako kidea da, baita Paleogenoaren Estratigrafiari buruzko Nazioarteko Azpibatzordeko presidenteordea ere. Haren ikerketa-jardunak Pirinioetako Paleogenoaren estratigrafia, sedimentologia, paleogeografia eta paleoklimatologia barne hartzen ditu, baina azken aldi honetan, erregistro geologikoaren beste denbora-tarte batzuei ere erreparatu die, bereziki itsas-metaketa sakonei dagokienez.

4.- "Winter is coming?: El Mar Cantábrico como caja negra del clima de los últimos 130.000 años" (Winter is coming?: Kantauri Itsasoa, azken 130.000 urteotako klimaren kutxa beltza).

Blanca Martínez geologoak azalduko du azken milaka urteetako klima- eta ozeanografia-aldaketak mikrofosil gisa ezkutatzen direla itsas hondoetan. Era berean, klima-iraganaren azterketari esker, etorkizuneko aurreikuspen batzuk egin ditzakegula kontatuko digu.

Blanca Martínez geologoa Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da. Egun, Espainiako Geologia Elkarteko ‘Emakumeak eta Geologia’ Batzordea koordinatu eta dibulgazio-jarduerak antolatzen ditu, Geolodia kasu. Mikropaleontologian espezializatu da azken Kuaternarioari dagozkion Bizkaiko Golkoaren hegoaldeko berreraikuntza paleozeanografiko eta paleoklimatikoetan, eta Iberiar Penintsularen iparraldeko ingurune urtar kontinentalen paleo-ingurumeneko berreraikuntzetan.

5.- "Cuevas heladas: crónica de una muerte desaparición anunciada" (Izoztutako kobazuloak: iragarritako heriotza desagertze baten kronika).

Leize izoztuak ehunka edo milaka urteko izotz iraunkorra dute barruan eta izotz horrek antzinako klimari eta ingurumenari buruzko informazioa du. Miguel Bartolomé ikertzaileak azalduko du gaur egungo berotze globalak azkar desagertuko dituela izotz-gorputz berezi horiek, eta, beraz, galdu egingo dela haien ingurumen-informazio baliotsua.

Miguel Bartolomé geologoa Hidrologia eta Klima-Aldaketaren Laborategiko doktorego-ondoko ikertzailea da Natur Zientzien Museo Nazionaleko (CSIC) Prozesu Geo-Ingurumenekoen eta Aldaketa Globalaren Taldearen barruan. Kobazuloetan gordetako kuaternarioko erregistro klimatikoan espezializatuta, egun paleo-uholdeak ditu ikerketa-jardunaren ardatz iraganeko baldintza klimatikoak ezagutu eta ulertzeko, uraren eskuragarritasunari eta tenperaturari dagokienez.