euskaraespañol

“Gizonezko ekintzailearen estereotipoa aldatu eta emakume ekintzailearen irudia nabarmendu nahi dugu”

Bilbon egin den Biscay Bay Startup Campus – BBSCren lehenengo edizioan 1.500 pertsona elkartu dira campuseko 7 egunetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/17

Irudia
Noemí Peña Directora de Relaciones Externas de la UPV/EHU del, promotora y responsable del programa Zitek.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Walden startupak eta Bilbao Valley elkarteak antolatutako Biscay Bay Startup ekitaldia urriaren 1etik 7ra bitartean egin da Bilboko Bizkai Aretoan. “Biscay Bay Startup Campusa sortu zen zerbait egiteko gogoa duten ikasleak eta gazteak urtean behin elkartzeko gune bat izateko, eta lehenengo edizio honen ardatza, batez ere, emakumeen lidergoa izan da”, adierazi du UPV/EHUko Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Zitek programaren sustatzailea eta arduraduna den Noemí Peñak.

“Ekintzailetzaz hitz egiten dugunean gizonezkoaren irudia etortzen zaigu beti burura, eta guk aldatu egin nahi dugu estereotipo hori. Badira emakume ekintzaileak ere, baina ez ditugu ezagutzen, eta horregatik nahi izan dugu ekitaldi honen ardatza emakumea izatea”, esan du Peñak. Horrela, programazioaren zati handi baten gidariak ekintzailetzaren eta lidergoaren esparruan erreferentzia diren emakumeak izan dira. Horien artean, Lupina Iturriaga, Fintoniceko kofundatzailea eta CEOa. Iturriagak sektorean emakume gisa izan duen esperientzia azaldu zuen, eta bertan zeuden emakumeak motibatu ere egin zituen. “Emakumeok familia mantendu dezakegu, seme-alabak izan eta zain ditzakegu, eta, gainera, geure enpresa izan eta gidatu dezakegu. Nik egin ahal izan badut, zeuek ere egin dezakezue”, esan zuen Iturriagak.

Biscay Bay Startup Campus – BBSCren lehenengo edizio honetan 200 bat pertsona elkartu dira egunero, eta doako Speed Networking saioak, hainbat eratako jarduerak, erakusketak eta txosten inspiratzaileak izan dituzte sektore ezberdinetako adituekin. Ostegunetik aurrera hiru egun eta bi gau pasatu dituzte elkarrekin 56 pertsonak Bilboko Poshtelean. Noemi Peñak esan duen bezala, hau ez da egunez bakarrik egindako ekitaldia, arratsean ere badaude jarduerak eta networkinga ere egin daiteke BBSC full time experienceri esker. Era berean, ideia berritzaileak proposatzea ere saritu nahi izan da, eta guztira 17.500 euroko eta urtebetean bulego bat eta adituen laguntza izateko aukera ematen duten hiru sari banatu dira. Irabazleek 12 hilabetean bulego bat izango dute Biscay Bay Startup Campusen laguntzaileek eta antolatzaileek eskainitako guneetako bateko haztegi-ingurune batean.

Ekitaldiaren laguntzaileak, besteak beste, BBK Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Getxoko Udala, Elkargi SGR, Kaiku eta Coca Cola izan dira. “Gure asmoa da ekitaldia interesa duten iparraldeko gazte ekintzaileak elkartzeko topalekua izatea, eta bertatik ekosistema ekintzailea sendotu eta ahaldunduko duten loturak eta bidelagunak sortzea”, azpimarratu du Peñak.