euskaraespañol

Peter Felten, Historiako irakaslea eta Elon Unibertsitateko Irakaskuntza Ikaskuntzako errektoreordea

«Hezkuntza gizakion lana da, eta ikasleek izan behar dute lan horren protagonista»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/27

Irudia
Peter Felten, Historiako irakaslea eta Elon Unibertsitateko Irakaskuntza Ikaskuntzako errektoreordea. Argazkia: UPV/EHU.

Peter Felten Bilbon izan da EuroSoTL 2019 kongresuan, eta hitzaldi bat eman du: “Harremanek axola dute: goi-mailako irakaskuntzan, periferiatik zentrora lekualdatzea ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren arteko harremanean aberastasun handikoak diren esperientziak”. SoTL edo Irakaskuntzaren eta Ikaskuntzaren Ikuspegi Akademikoa kontzeptua oso zabalduta dago ingeles hizkuntza duten herrialdeetan, baina ez da oso ezaguna beste toki batzuetan, besteak beste, Espainian, Italian edo Frantzian.

Peter Felten Historiako irakaslea da, Elon Unibertsitateko Irakaskuntza Ikaskuntzako errektoreordea eta Ikaskuntza Engaiaturako Zentroko zuzendari exekutiboa. Gaur egun, Feltenen ikerkuntzaren ardatza dira gizakien arteko harremanen eragina eta Graduko hezkuntzako pertsonen eta instituzioen eraldaketa.

Giza harremanek unibertsitate-hezkuntzan duten garrantzia ikertzen duzu. Nola eraldatu eta inplikatu ditzake ikasleak elkarrizketa batek?

Gure ikerketa batean ikusi dugu hiru elkarrizketa-modu daudela ikasleei benetan eragin diezaieketenak. Bat da elkarrizketek ikasleei lagundu diezaieketela egiten ari direnaren eta interesatzen zaizkien gauzen arteko loturak ezartzen. Beraz, ikasleei laguntzen die ikasten ari diren horretan sakontzen.

Bigarrena motibazioarekin lotuta dago. Askotan lan gogorragoa egiten dute, baldin eta uste badute beste norbaiti axola zaiola egiten ari diren hori, hau da, ikusten badute beren lana ez dela berentzat bakarrik. Askotan entzuten dugu, elkarrizketetan, ikasleek ez diotela irakasleari huts egin nahi. Baina hori bakarrik gertatzen da irakasle horrekin harremana dutenean; irakaslea ezagutzen ez badute, noski, ez dira irakasleari huts egitearekin kezkatzen.

Eta, azkena, eta agian garrantzitsuena, baina, aldi berean, zailena ere bada: kasu batzuetan, elkarrizketa horietan ordura arte inoiz ikusi gabeko potentzial bat aitortzen zaie ikasleei. Ikasleek askotan aipatzen dute elkarrizketetan: "Irakasleak zerbait ikusi du nigan, eta nik ez nuen horren berri”. Hori oso zirraragarria da ikasleentzat, beste norbaitek beraiengan zerbait positiboa hauteman duela.  

«Zer esan nahi du mundu honetan jakin nahi izateak, guztiok poltsikoetan daramatzagun telefono mugikorrek ia dena ezagutzen badute»

Zeintzuk dira hobeto ikasteko irakaskuntzan arakatu beharreko eremu berriak?

Arlo asko daude, baina, nire ustez, bi dira interesgarrienak eta garrantzitsuenak. Horietako bat hau da:  ikasleei nola laguntzen diegu beren ikaskuntzagatik erantzukizun handiagoa bereganatzen? AEBko ikasleak unibertsitatera iristen dira, askotan, azterketetara bideratutako sistema baten bidez. Egia esan, unibertsitateko titulua eskuratu ostean ikasleak behar duena ikasi nahi badu, ikasleak protagonista izan behar du, alegia, ikaslea izan behar da lan hori egiteko arduraduna, eta bere burua eragile nagusi bezala ikusi behar du. Hori aldaketa handia da ikasleentzat: hezkuntzaren hartzaile pasiboa izatetik lanaren eragile izatera pasatzen baitira. Orduan, nola lagundu ahal diegu ikasleei eta nola lor dezakete hori gure ikasgela eta erakundeetan?

Bigarren eremuak teknologiarekin zerikusia du, bereziki, adimen artifizialarekin. Zer esan nahi du ikasteak? Eta zer esan nahi du mundu honetan jakin nahi izateak, guztiok poltsikoetan daramatzagun telefono mugikorrek ia dena ezagutzen badute edo gertaeren askoren berri badute? Beraz, zer egin behar dut pertsona bat hezteko? Zer gaitasun mota behar dituzte ikasleek, teknologia etorkizunean are garrantzitsuagoa izango den mundu batean bizitzen eta lan egiten ikasteko? Nire ustez, goi-mailako hezkuntzak asko pentsatu behar du hainbeste teknologia duen mundu batean heztea zer den.

Emaguzu zure ibilbide profesionalean ikasleek hobeto ikas dezaten aurkitu dituzun irakaskuntzarako 2 edo 3 jardunbide onenen berri.

Oso zaila da galdera horri erantzutea. Historialaria naiz formazioz eta dena testuinguruaren araberakoa dela uste dut; beraz, dena desberdina da espazio ezberdin batean. Nire ustez, historian garrantzitsuak diren bi gauza daude. Bat asko idaztea da, publiko ezberdinetarako. Idazkera eta pentsamolde horrek ikasleak indartu egiten ditu eta dakitenari buruz ezberdin pentsarazten die. Halaber, idatzi hori nori zuzenduta dagoen askoz gehiago zaintzen dute eta horixe da benetan axola duena. Berriro ere, ikaslea aktore lanetan eta lan horren arduradun posizionatzen du. 

Bestea rol-joko batean oinarritzen da. Ikasle bakoitzari, historian une berezi baterako rol bat esleitzen zaio, eta jokoa irabazi edo galdu egin beharko du, betiere bakoitzaren rolarekin jabetuta. Beren paperetik argudiatzen dute. Ikasleak motibatzen dira, normalean egingo ez luketen egoeretan. Oro har, niretzako lanean ari dira, titulua lortzeko ari dira, agian gurasoentzat lanean ari dira... Rol-joko honetan, berriz, ikaskideak elkarren artean lehiatzen dira eta beraientzat lanean ari dira. Harrigarria da joko horrek eragiten duen inpaktua ikustea, eta ikasleak benetan interesatuta dauden egoera bat sortzea poztekoa da. Adibidez, nire ikasleei ez zaie axola teologia puritanoa, baina rol-jokoaren bidez ikusten dute gaia bera interesgarria izan daitekeela eta munduak nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen diela. Uste dut egunerokotasunetik at modu horretako gelako esperientzia berrietan murgiltzea aberasgarriagoa dela.

Gardner Institutuko kidea zara. Fundazio estatubatuar horrek berdintasunaren alde lan egiten du goi-mailako hezkuntzan. Ba al dago itxaropenik Estatu Batuetako unibertsitateetan aukera-berdintasunerako?

Posible izango dela uste dut. Itxaropena dago, gutxienez, berdintsuagoak edo bidezkoagoak izateko. Estatu Batuetan graduazio-arrakalaz hitz egiten da. Ikerketa batzuen arabera, ikasle zuriak eta ikasle afroamerikarrak maila desberdinetan graduatzen dira. Beraz, litekeena da ikasle zuriak Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateetan gehiago graduatzea ikasle afroamerikarrak baino. Lanean ari gara fakultateekin eta administrazioekin, unibertsitatearen egiturei, ikasleen laguntzei eta irakasteko moduari buruz pentsatzeko. Erakunde askok arrakala hori itxi ahal izan dute. Lan gogorra eta etengabekoa eskatzen du, baina egin dezakegula uste dut. Nire ustez, ikasle asko unibertsitatera etortzen dira eta uste baino gauza gehiago egiteko gai dira. Batzuetan zalantza askorekin etortzen dira. Hori gainditu eta daukaten potentzial hori eskuratzen lagundu behar diegu.

«Ez naiz edozein ikasle-talderi irakasten ari, ikasle-talde jakin bati irakasten ari naiz»

Zer da garrantzitsuena hezkuntzan?

Hezkuntza giza ahalegina da. Gizakion lana da. Aspaldi, irakasle batek esan zidan: "Historia irakasten ari zarela uste duzu, baina ez zara hori egiten ari. Ikasleei historia irakasten ari zara, ezin duzu ahaztu ikasleak direla ikasten ari diren pertsonak. Ez galdu ikuspuntu hori: ikasleak dira ikasgelako elementurik garrantzitsuena".

Gainera, ez naiz edozein ikasle-talderi irakasten ari, ikasle-talde jakin bati irakasten ari naiz. Horrenbestez, ikasten ari direnari buruz hausnartu behar dute, nola motibatu ditzakedan pentsatu... Ezin ditut taktika berdinak erabili ikasle guztientzat. Beraz, hezkuntza ez da modu bakarrean garatzen. Hezkuntzak komunean duen gauza bakarra da pertsonek elkarrekin ikasi behar dutela.

Zer diozu Euskal Herriko Unibertsitateari buruz?

Asko hunkitu nau Euskal Herriko Unibertsitatearen lanak. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-eremu berriak aztertzeko denbora eskaini duzue, eta horiek nola eragin dezaketen ikasleengan eta ikasleen bizitzak nola alda ditzaketen aztertu duzue. Tamalez, ez da ohikoa unibertsitate askotan. Ikusi dut hemen benetako konpromiso bat dagoela ikasleen esperientzietan pentsatzeko eta ikasleek graduatuaren ondoren aurre egingo dioten bizitzarako prestatzen laguntzeko.