null

‘Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak’, Juliantxo Irujoren lanari buruzko atzerabegirako erakusketa

2015an hil zen artista nafarrari eskainitako esposizioa antolatu da Bizkaia Aretoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/08

‘Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak/Fluye la vida, el tacto y los sueños’ erakusketak Juliantxo Irujo (Iruñea, 1960 – Bilbo, 2015) artistak bere azken etapan sortutako artelanen hautaketa bat erakutsiko du. Margolaria eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko Pintura katedraduna izan zen hil arte Irujo.

Erakusketa ikusgai egongo da urtarrilaren 23ra arte, eta han 2005 eta 2015 bitartean egindako 15 artelan ikusi ahal izango dira. UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria den Andrea Abaliak egin ditu komisario lanak. Abaliak artista nafarra eta bere lana omenduko duen margolan bilduma bat aukeratu du, "Fluir con la naturaleza" eta "Homenaje a la vida" serieko margoak, hain zuzen ere. Komisarioaren esanetan bilduma hori Irujoren “ibilbide artistikoaren kilmaxa” da.

“Koadro horietan pinturari eskainitako bizitza baten heldutasuna islatzen da, eta nola edo hala artistaren bizialdia osatzen da, hala, gaztetan inspiratu zuten gaiak hautematen dira: natura, lokatza, harriak eta uraren jarioa. Nolabait lurrarekiko lotura gainditzen du, lainoak gogorarazten dituzten azalera etereoetan proiektatzen delarik agur esateko”, azaldu du komisarioak, zeina Juliantxo Irujoren ikaslea izan zen, eta harekin egin zuen doktoretza tesia.

‘Torbellino’, ‘Quimioterapia y lucha’ edo ‘Vivir como un tronco retorcido’ margolanek gaixotasunagatik pairatutako minsorra transmititzen dute. Beste batzuetan, hala nola, ‘Mi jardín de las delicias’ eta  ‘Formaré parte de las nubes’ artelanetan larritasun hori desagertzen da, itxura eta kromatismoa armonikoak dira, bizitzari omenaldi bat islatuz, lasaitasuna igorriz”, gaineratu du Abaliak.