euskaraespañol

Marina Sagastizabal Emilio-Yus, ‘La triple presencia’ azterlanaren egilea

«Pandemiak kolektibo sentiberak ukitu ditu, horien artean, emakumeak»

Liburuak, perspektiba feministatik abiatuta, etxeko lana, enplegua eta parte hartze sozial eta politikoa bateratzeko aukerak jorratzen ditu

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/18

Irudia
Marina Sagastizabal Emilio-Yus, ‘La triple presencia’ azterlanaren egilea. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak liburu bat argitaratu berri du: ‘La triple presencia. Estudio sobre el trabajo doméstico-familiar, el empleo y la participación socio-política’. Marina Sagastizabal Emilio-Yusen doktorego tesiaren ondorioa da lana. Micaela Portilla Vitoria saria jaso zuen hark 2017an, UPV/EHUko ikasketa feministei edo generokoei buruzko tesi onena egin baitzuen.

Ikerketaren helburu nagusia izan zen «presentzia hirukoitzaren» esperientziak ikuspegi feministatik ikertzea; alegia, etxeko eta familiako lana, lanbidea eta parte hartze soziopolitikoa egunerokoan bateragarri egiteko oztopoak, estrategiak eta aukerak analizatzea, denbora izanik analisi kategoria.

1980ko hamarkadan, zenbait emakumezko soziologo italiarrek ‘doppia presenza’ proposatu zuten, adierazteko emakumeek beren eguneroko bizitzan koordinatu eta bateragarri egin behar dituzten espazio eta denbora ugariak; izan ere, gero eta presentzia handiagoa dute lan merkatuan, eta, gainera, herritarren gehiengoaren eguneroko ongizateari eutsi ahal izateko behar diren etxeko lanak eta zainketak egiten jarraitzen dute. Bada, presentzia hirukoitza ‘doppia presenza’ horretatik datorren proposamen teoriko eta analitiko bat da.

Emakumeek denbora eta espazio ugari koordinatu eta uztartu behar dituzte eguneroko bizitzan

Azterketa ikuspegi kuantitatibo eta luzetarakoan egin zen, Eustat-en denbora-aurrekontuen inkesten (1993-2013) bitartez, eta ikuspegi kualitatibo batetik, hamalau pertsonaren ibilbide edo bizi bilakaeraren analisiaren bidez, bizitzaren hiru arlo horietako beren bizi zikloetan. «Hausnarketa kritiko eta feminista bat egin nahi du lanen eta denboren banaketari buruz gizarte mailan, eta lanaren sexu banaketen eta genero rolen aldaketak nahiz jarraitutasunak analizatzen ditu, horiek mantentzen baitute “familiaren sostengua den gizonaren” eta “etxeaz arduratzen den emakumearen” figuren bitartez gidatutako bizi eta ekonomia eredua. Eraldatu bada ere, genero desparekotasun handietan oinarritzen da oraindik ere eredu hori, eta desparekotasun horiek eta beste egiturazko faktore batzuk (klase soziala eta arraza, kasu) gero eta lotuago daude», egileak nabarmendu duenez.

Lanaren sexu banaketaren jarraitutasunak –presentzia hirukoitzaren bidez islatzen da hori– ezaugarri horietara hurbiltzeko beharra mahaigaineratzen du; izan ere, hori gauzatzeko zailtasuna genero desparekotasunak ezaugarri dituen testuinguru baten ondorioa da. «Presentzia hirukoitzak ez du potentzialtasuna galtzen kuantitatiboki islatzeko zaila den errealitate bat delako; gainera, hurbilpen kualitatiboak horren ezaugarrietan sakontzea eta ezaugarriok argitzea lortu du, eta horren egokitasuna eta interesa berretsi ditu», amaitzeko esan duenez.

 

Eta pandemia etorri zen

COVID-19a pandemia izendatu eta alarma egoera ezarri ondoren neurriak hartu ondoren, genero rolak areago markatu dira eremu guztietan. Gauden egoera dela eta, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea COVID-19aren aurkako erantzunean, bai eta etorkizunerako neurri berriak hartzea ere. Horren guztiaren inguruan hitz egingo dugu obraren egile Marina Sagastizabalekin.

Nola eragin dio egoera honek emakumeari etxean, lanean, gizarte harremanetan...?

Zaila da diagnostiko orokor bat egitea, emakumeen egoerak askotarikoak izan baitaitezke; aniztasun horri erreparatu beharko litzaioke, eta ikusi nola lotzen den generoa beste desberdintasun ardatz batzuekin, hala nola klasearekin, jatorriarekin eta abarrekin. Hala ere, esan daiteke pandemiak ez diela berdin eragin biztanle guztiei, eta gehiago eragin diela kolektibo kalteberenei; kolektibo horietan, hain zuzen, emakumeak gehiengoa dira.

Gainera, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek ere ez diete berdin eragiten biztanle guztiei. Adibidez, konfinamenduan eta deskonfinamenduan familia ardatz nagusitzat hartzea, gutxienik, problematikoa da: unitate harmonikoa eta gatazkarik gabea izan beharrean, familia botere harremanen eta indarkeriaren espazio bat izan daiteke, eta hori okerragotu egiten da egungoa bezalako testuinguruetan; batez ere, indarkeria matxistan edo LGTBfobian pentsatzen badugu. Era berean, bigarren mailan uzten du familia bizitza tradizionalaren testuinguru horretatik kanpo dagoen guztia, eta, ondorioz, pertsona askorentzat zailagoa da eredu horretan oinarritzen ez diren elkarri laguntzeko eta zaintzeko espazio beharrezkoetan sartzea.

Enpresa jarduera gelditu izanak ondorio negatiboak izango ditu emakumeen enpleguan?

Krisi uneak desberdintasunak indartzeko eta horietan sakontzeko uneak izan daitezke, edo, aitzitik, egoera horiek aldatuko dituzten funtsezko aldaketak egin daitezke. 2008ko atzeraldi ekonomikoaren ondorioz, banku pribatuek bere gain hartutako arriskuak sozializatu ziren (diru publikoarekin erantzun zen), eta behar sozialak pribatizatu ziren (murrizketak osasunean, hezkuntzan, mendekotasunaren arretan, etab.). Oraindik ez dakigu zein izango den krisi honen erantzuna, baina, dirudienez, berriro ere, herritarren premien gainetik jarriko da enpresa onura (hori ikusi ahal izan da etxebizitzaren sektorean hartutako neurrietan, adibidez), non eta mobilizazio sozialak eragozten ez duen.

«Krisiak agerian utzi du zein diren bizitzak aurrera egiteko lan ezinbestekoak»

Koronabirusak sortutako krisiaren ondorioz, zaintza lanak erdigunean jarri dira, eta emakumeak gaixotasunari erantzuteko lehen lerroan. Behar bezala baloratu al da ahalegin hori?

COVID-19aren krisian, agerian geratu da zein diren bizitzak aurrera egiteko lan ezinbestekoak, eta horietan emakumeek berebiziko garrantzia dute (barne hartuta, besteak bestek, baratzeetako sasoikako langileak, supermerkatuko kutxazainak, egoitzetako langileak, garbiketa zerbitzuetako langileak, erizainak, etxeko langileak, zaintzaileak eta irakasleak). Hala ere, gehienbat sektore oso prekarizatuak dira; kasu batzuetan, lan baldintza penagarriak zituzten lehen, eta, gainera, gehiegizko esfortzua eskatu zaie testuinguru honetan. Gaur-gaurkoz, ez da onartu aspaldi honetan egoitzetako grebetan, borrokan dauden marrubiaren sektoreko sasoikako langileen aldarrikapenetan, etxeko lanen sektorea erregularizatzeko eskaeretan, etab., eskatu diren lan hobekuntzetatik bat ere.

Beraz, oraindik asko falta da funtsezkoak diren lan horiek guztiak baloratzeko.

Telelana tranpa bihurtu al da emakumeentzat?

Telelana, lan malgua bezala, tranpa bat izan daiteke lana eta familia uztartzeko orduan, baldin eta lan ordutegirik ez badago, «prestasun jarraitua» eskatzen bada eta eguneroko bizitzako eremu guztiak benetan uztartzea ahalbidetzen duten beste neurri batzuekin laguntzen ez bada.

Salbuespen egoera batean, kasu askotan, «ezer gertatu ez balitz bezala» lan egiten jarraitzea sustatu da, gai sozial eta kolektibo bat indibidualizatuta eta familien (eta, oro har, emakumeen) esku utzita.

Beharrezkoa al da kontziliazioari buruzko araudi aurreratuago bat?

Beharrezkoa da berriz pentsatzea zer den kontziliazioa eta ea benetan posible den kontrajarriak diren bi logika bateratzea: produktiboa eta erreproduktiboa; kapitalaren logika eta bizitzaren logika. Mugimendu feministak bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen duenean, horixe esan nahi du, alegia, lehentasunak ezarri behar direla, eta, oraingoz, zaintza ez da lehentasuna. Zaintzaren erritmoak eta bizi erritmoak lan merkatuaren logikara egokitu behar dira, ala alderantziz?