euskaraespañol

Asle Toje, Bakearen Nobel sariduna hautatzen duten epaimahaiko kidea

«Munduan bakea lortzeko garrantzitsuena Errusiarekin harremanak hobetzea da»

Asle Toje Gasteizen da Inkling-ei buruzko Nazioarteko IV. Kongresuan eta “Munduan bakea lortzeko ametsa” hitzaldia eskainiko du publiko orori zuzendua

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/27

Irudia
Asle Toje, Bakearen Nobel sariduna hautatzen duten epaimahaiko kidea. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Esaiguzu zer egingo zenukeen zure esku balego munduan bakea lortzea, hitzaldiaren izenburuak dioen bezala.

Gizakia berriro jaio beharko litzakeela uste dut, norbere hutsegiteak aitortzeko eta damutzeko gai den bihotzarekin. Uste dut modu bakarra dela guztiontzat: gainerakoen paperean jarri eta modu baketsuan ezberdintasun horiek gainditzen saiatu. Zoritxarrez, askok ez dute guda zer den ezagutzen, ez dakite gudetan mundu guztia galtzaile ateratzen dela. Gehien galtzen dutenak emakumeak, haurrak, zibilak… izan ohi dira. Gudarekin lortu nahi diren ametsak ez dira sekula lortzen, ametsak dira!

Kanpo-politikan aditua zara. Nola iritsi zara Bakearen Nobel saridunak hautatzen dituen batzordeko bost kideetako bat izatera?

Zorte hutsa izan zen. Norvegiako parlamentuari hautagai bat iradoki zitzaion eta parlamentuak atzera bota zuen. Ondoren, Rasmussen, NATOko idazkari nagusi ohia, proposatu zuten, eta zenbait lagun nirekin harremanetan jarri ziren honako hau esateko: “Hori ezinezkoa da, Rasmussen guda gizona baita, ez da bakearen aldeko pertsona. Zeuk aurkeztu beharko zenuke”. Nobel Institutuko ikerketa-zuzendariaren kargua utzi behar izan dut, eta egun batzorde honetako bost kideetako bat naiz. Mirarietan mirari bat da: parlamentuko gainerako alderdien gustokoa nintzen eta mezu hauek jaso nituen, besteak beste: “Hautagai oso ona zara”. Ez dut uste horrenbeste maite nautenik, kontua da beste hautagaia ez dutela atsegin eta horregatik zoragarria naizela uste dute. Beraz, zortea alde izan nuen.

Nola hautatzen da Bakearen Nobel sariduna?

350 bat izendapen ditugu urtero, eta sariduna sukaldean saltsa on bat egiten den modu berean hautatzen dugu: egosi eta urritu. Batzordeak zenbait hautagai kentzen ditu, eta azkenean, hiruzpalau hautagai gelditzen direnean hasten da borroka. Bostok mahaiaren inguruan esertzen gara eta eztabaidatu egiten dugu. Egun oso bat igarotzen dugu horretan. Dena den, kontua konbentzitzea da, betiere errespetuz; gainerakoen iritzia errespetatu beharra dago. Azkenean, batzordeak erabakitzen du zein den hautagaia. Ez duzu irabaztea espero behar, baina nahi ez dituzun hainbat kontu ekidin ditzakezu. Horrela lan egiten dugu.

Bakearen Nobel saridunen zerrenda aztertuta, zeinek uste duzu irudikatzen dituela ondoen sariaren baloreak?

1936an Bakearen Nobel Saria jaso zuen Carl von Ossietzky-k. Kazetaria zen eta naziek kontzentrazio-esparru batean atxilotu zuten. 1936an askok eta askok Olinpiar Jokoak Alemania Nazian egitea onartu eta errespetatu zuten, eta Nobel batzordeak Bakearen Nobel Saria Carl von Ossietzky-ri ematea erabaki zuen. Hitler oso haserre zegoen. Harro egoteko une bat izan zen, 1936an inor ez baitzen naziei aurre egiteko gai, eta Bakearen Nobel Sariak ikusi zuen naziek guda piztuko zutela, inor baino lehenago jabetu zen hortaz. Beraz, uste dut harro egoteko moduko ondarea dela.

Zer iruditzen zaizu Bakearen Nobel saridunen artean Henry Kissinger edo Shimon Peres egotea, adibidez?

Galdera nagusia hau da: zergatik asmatu du hainbestetan herrialde txiki honetako batzorde txiki honek? Hori da galdera nagusia. Bakearen Nobel Saria jaso dute Martin Luther Kingek, Dalai Lamak, Kalkutako Teresak... Zerrenda luzea da. Munduko saririk entzutetsuenetakoa da. Agian zenbait sari zorigaiztokoak izan dira, baina oso gutxi.

Munduko diplomaziaren lehen mailako irudia zara. Kanpo-politikan hainbat frente ireki daudela kontuan hartuta, zer da garrantzitsuena edo lehentasunezkoa?

Errusiarekin harremanak hobetu behar ditugu. Hori da garrantzitsuena. NATO eta Errusiaren arteko harremanak asko okertu dira, eta horrela jarraituz gero, gerra izango da. Ez dut uste errusiarrek gerrarik nahi dutenik; ezta guk ere. Horrenbestez, errusiarrekin batera bizitzeko modua aurkitu behar dugu, eta hori zaila da Moskuko errejimena dela eta. Zaila da, Putinek mugako herrialde independenteak ezegonkortu baititu. Ezin dugu ezikusiarena egin edota barkatu, baina elkarrekin bakean bizitzeko modua aurkitu beharko dugu. Bakea lortzeko eginkizun nagusia hori dela uste dut nazioarteko agendan. Zoritxarrez, Afrikan eta Ekialde Ertainean islamismoaren erradikalizazioarekin gertatzen ari denak ez du mundua ezegonkortzen. Ikaragarria da eta horretan lan egin beharko genuke, gertatzen dena da potentzia handien arteko gatazkak munduko gatazkarik suntsitzaileenak direla. Tiroka hasten bagara, ez nago ziur arma nuklearrak erabili gabe gelditzerik izango ote dugun. Horrek guztiak esna mantentzen nau gauetan, amesgaiztorik okerrena litzake: gerra nuklear bat.

Zer iruditzen zaizu Euskal Herria?

Euskal Herria Jainkoen herrialdea dela uste dut. Europako herrialderik ederrenetakoa dela uste dut. Luze izan naiz Euskal Herrian. Atsegin ditut euskal nazioa, janaria, paisaia eta zuen etxeak nola eraikitzen dituzuen. Beti da zoragarria hona itzultzea. Herrialde guztietan gauza bera esaten dudala pentsatuko duzue, eta ez da hala. Ez ditut herrialde guztiak berdin atsegin. Norvegiarra ez banintz, euskalduna izatea gustatuko litzaidake. Zerbait ederra duzue hemen.