euskaraespañol

“Mapas del Cambio, Cartografía del presente”k egungo gizarte eraldaketa prozesuak aztertu ditu

Teknologia iraultza, ezagutzaren gizartea, aldaketaren teoria eta euskarri politikoen krisia dira liburu honetan aletutako gai batzuk

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/09

Auxkin Galarraga Ezponda eta Ander Gurrutxaga Abad.
Auxkin Galarraga Ezponda eta Ander Gurrutxaga Abad, liburuaren egileak. Argazkia: UPV/EHU.

Aztoramen garaietan bizi gara, eta gizarte aldaketak abiadura gero eta biziago batean jazotzen dira gizateriaren historian. Orainaldiak aurreikuspen eta zalantza handiak pizten ditu gizartearen etorkizunari buruz. Ander Gurrutxaga Abad eta Auxkin Galarraga Ezponda UPV/EHUko soziologoek aldaketaz pentsatu eta hura ulertzeko oinarriak azaldu dituzte “Mapas del Cambio, Cartografía del presente” idazlanean, Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak plazaratua.

Aldaketa bizi eta hura ulertzeko moduari eta bereziki dakartzan ondorioei buruzko bost alderdiri erreparatu diete, eta horiek osatzen dute bitakora kaiera hau. Ondorengoak dira bost aztergai horiek: egungo paradigma teknologikoak; aldaketaren teorien zentzuak eta joerak; aldaketa bideratzeko erreminten kutxa, batez ere berrikuntza, sorkuntza eta ekintzailetzarako gaitasuna; euskarri politikoen eta gizarte- zein kultura-erreferentzien krisia; eta ezagutzaren gizarteak akuilatzen dituen ondorioak (horietako asko ezustekoak). Horietako bakoitzari buruz, egileek mapa bat marraztu dute, eta elkarrekin egungo munduaren kartografia bat osatu.

Etorkizuneko ikerketetarako oinarria

Laneko gida liburu baten gisa moldatuta dago, eta sakonetik erreparatzen die teknologia, gizarte, ekonomia eta kultura fenomenoen arteko elkarren menpekotasunari. Iparrorratza bailitzan, etorkizuneko ikerketetarako eskema analitikoak eratzen ditu, gizarte aldaketako prozesuetan parte hartzen duten askotariko dimentsioak aztertzen dituztenak. “Mapas del Cambio” ikasleei eta aldaketa mugitzen duten prozesu handiei buruz interesa duten pertsonei zuzentzen zaie batez ere. “Kartografia” honek, mapen multzoak edo, banaka, horietako bakoitzak, egungo garaia irakurri eta ulertzeko modua ematen digu.

Egileek gizarte zientzietako analitika klasikoak baliatzen dituzte beren azterketetan, garaikideagoekin batera; izan ere, soziologia, historia, zientzia politiko edo ekonomiaren ekarpenei heldu diete aldaketa prozesuak eta gizarte eraldaketa bultzatzen dituzten sakoneko erauntsiak ulertzeko. Begirada originala, beharrezkoa eta aberasgarria eskaintzen dute egungo fenomeno adierazgarrienak osoki ulertu ahal izateko. Gure garaiko erronka eta arazoen aurrean, testuak galdera eta ataka gehiago eskaintzen ditu konponbideak edo/eta erremedioak baino, beharbada existitu ere ez baitira egiten. Laburbilduz, orainaldiaren museoan sartzeko atari bat eskaintzen du, hura eratzen duten indar, dinamika eta prozesuei buruzko ataria.

Liburua UPV/EHU-ko argitapen zerbitzuan online erosi ahal da