‘Mundu ikusezina’ erakusketaren inaugurazioa

Esposizioa Sestaoko metro geltokian egongo da ikusgai uztailean eta Santutxun, abuztuan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/05

Inaugurazioan izan dira UPV/EHU eta Metro Bilbaoko ordezkariak. Argazkia: MIkel Mtz. de Trespuentes.UPV/EHU.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrena dela eta, irudi mikroskopioen zazpi horma-irudiren hautaketa bat egin da. Horma-irudiek mundu mikroskopikoaren berariazkotasuna erakusten dute: ‘Elikadura katearen oinarria’, ‘Espermatozoideen fabrika’, ‘Euli mutantea’, ‘Galtzeta eroso edo iraunkorrak’, ‘Mitokondria’, ‘Neuronen arteko konexioak’ eta ‘Poliestirenozko tentakuluak’.

Metro Bilbao, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, Petronor Ihobe, CIC Nanogune, Bilboko Udala eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea elkarlanean aritu dira erakusketa antolatzeko. Orain, uztailean,  Sestaoko metro geltokian egongo da ikusgai eta Santutxun, abuztuan.

Erakusketaren bidez, agerian jarri nahi da Zientzia eta Teknologia Fakultateak eguneroko bizitzan duen garrantzia, baita 50. urteurrena ospatu.  Esposizioan azaltzen den bezala “irudi mikroskopiko hauek hautatu dira, begiratze hutsez ikusteko gai izango ez ginatekeen mundu ñimiño horretara hurbilarazten gaituztenak. Era bertsuan, denborak aurrera egin izanak atzera begiratu eta fakultateak 50 urte hauetan egindako ahalegin itzela balioestea ahalbidetzen digu. Urte horietan fakultatea erreferente gisa finkatu da gure erkidego zientifikoaren prestakuntzan, etorkizuneko erronka gisa jakintza sortu eta transmititzearekin konprometitutako hezkuntza publiko sistema baten barruan”.

Ekitaldian egon dira Patxi Juaristi, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa; Ricardo Andrade, Ikerkuntzarako zerbitzu orokorretako teknikaria eta argazkien egilea; eta Olatz Candina, Metro Bilbaoko Komunikazio Burua.       

Zientzia eta Teknologia Fakultatea

Zientzia Fakultateak (gaur egun, Zientzia eta Teknologia Fakultatea) 1968/69 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Justo Mañas Díaz irakaslearen eskutik. Hasiera batean, garai bateko Nautika Eskolan kokatuta zegoen, Deustuko zubiaren ondoan. Baina 1971-72 ikasturte hasieran, gaur egungo kokalekura, Leioara eraman zen.

Zentroak hasieratik gehitu zituen ikasketak bere irakaskuntza-eskaintzari, eta gaur egun, 9 titulu eta gradu bikoitz bat eskaintzen ditu, jakintza zientifiko eta teknologikoaren 35 arlotan. Horrez gain, ikastegiaren graduondoko eskaintza 12 masterrek eta berezko 6 tituluk osatzen dute.

Eskaintza horri esker, Fakultatea erreferente nagusietako bat da Euskal Herrian prestakuntzaren arloan, eta eginkizun guztiz garrantzitsua betetzeko gai izango diren profesionalak trebatzen ditu gizartearen erronka nagusiei aurre egiteko; hots, jakintzaren transferentzia, teknologia berrien garapena, garapen jasangarria, ingurumenaren zaintza, eta abar.