euskaraespañol

Hitzaldia

(Neuronen) heriotzaren ondorengo bizitza: garunaren sistema autogarbitzailea

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2021/06/16, 19:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Jaiotzean ditugun neuronak ez daude gurekin bizitza osoan, baizik eta galduz joaten dira modu naturalean, garapen zein zahartze prozesuan. Hartara, zer gertatzen da garunean neuronak hiltzen direnean. Nolako erreakzioa dute bizirik jarraitzen duten gainerako neuronek?

Hildako neurona horiek inguruko zelulei eragin diezaieketen substantzia toxikoak askatu eta ingurunearen gaineko "kutsadurarik" sor ez dezaten, garunak hondakinak azkar eta eraginkortasunez deuseztatzen dituen autogarbiketa-sistema bat du, fagozitosia deritzon prozesuaren bitartez (grezieraz, “fago” hitzak jan esan nahi du).

Garunean, mikrogliako zelulak dira prozesu horretaz arduratzen direnak, fagozito profesionalak balira bezalaxe. Zelula txikiak dira, oso adarkatuak eta izugarri mugikorrak. Pio del Río Hortega mediku eta ikertzaile valladolidtarrak aurkitu zituen 1919an. Del Río Hortega Nicolás Achúcarro mediku bilbotarraren dizipulua izan zen eta funtsezko aurkikuntzak egin zituen histologiaren arloan, bereziki zelula glialen inguruan; adibidez, mikrologia, nerbio-sistema zentralaren immunitate-sistemaren funtsezko osagaia.

Testuinguru honetan, Achucharro Basque Center of Neuroscience zentroko Biologia Zelular Glialeko Laborategian hamarkada bat baino gehiago daramate garuneko fagozitosi-prozesua aztertzen, eta, horri esker, tresna terapeutiko berriak garatu ahal izan dituzte prozesu hori kontrolatu eta gaixorik dagoen garunaren birsorkuntza bizkortzeko.    

Prozesu horren funtzionamendua azaltzeko asmoz, Nicolas Achúcarroren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, Laborategia zuzentzen duen Amanda Sierra Saavedra UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak “Vida tras la muerte (de las neuronas): el sistema de autolimpieza del cerebro” “(Neuronen) heriotzaren ondorengo bizitza: garunaren sistema autogarbitzailea”) izenburuko hitzaldia emango du ekainaren 16an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Hitzaldian, garuneko fagozitosi-prozesua erakusteaz gain, ikertzaileak zehatz-mehatz azalduko du nola aztertzen duten garuneko fagozitosi-prozesua Biologia Zelular Glialeko Laborategian, baita zelula horiek ingurunean duten eragina eta prozesuak zelulen birsorkuntzan izan dezakeen inplikazioa ere, epilepsian, garuneko infartuan eta bestelako gaixotasunetan.

Azkenik, Sierra Saavedrak ezagutzera emango du Laborategian tresna terapeutiko berrien garapenean aurrera egiteko egiten ari den ikerketa, eta garuneko zelulen birsorkuntzan duten aplikazioa.

Gonbidapenak erreserbatzea

Hitzaldi-solasaldia Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroaren lankidetzaz antolatu da UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan. Ekitaldia bertatik bertara ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez.
 
Hitzaldia liburutegian zuzenean ikusi nahi dutenek sarrera online erreserbatu beharko dute aldez aurretik, Bilbao Kultura webgunean. Sarrerak doakoak dira.

Hizlaria

Amanda Sierra Saavedra Neurozientzietan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta egun, Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile eta irakaslea izanik, Achucarro Basque Center of Neuroscience zentroko Biologia Zelular Glialeko Laborategia zuzentzen du. Haren ikerketa-ildoak zelula mikroglialak eta fagozitosiaren eta gaixorik dagoen garunaren hanturaren arteko interakzioa dira. Horretarako, fagozitosi mikroglialaren eraginkortasunaren erregulazioari eragiten dioten mekanismo zelularrak eta molekularrak aztertzen ditu.