null

Oinarrizko hiztegia. Latina-euskara, ezinbesteko obra latineko ikasleentzat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/17

Gidor Bilbao. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak Oinarrizko hiztegia. Latina-euskara argitaratu du, UPV/EHUko Letren Fakultateko Filologiako eta Euskal Ikasketetako ikasleek hiztegi egoki bat izan dezaten «Latina» irakasgairako.

Proiektua 2014an sortu zen, UPV/EHUko Euskararen arloko Errektoreordetzak unibertsitateko testuliburuak euskaratzeko deialdia plazaratu zuenean.  Aurten hiru hiztegi argitaratu dira: Euskolatinus hiztegia: latina-euskara, irakasle nafarren talde batek egina; Dux eskola-hiztegia: latina-euskara-gaztelania, Julián Peñarena; eta Latina-euskara hiztegia, Junez Cazenave-Harigilek 2002an plazaratua eta 2014az geroztik Euskaltzaindiaren webgunean dagoena.  «Horrek zalantza sortu zigun, proiektuarekin jarraitu ala ez, baina ikusi genuen gureak nahiko berezitasunik bazuela eta ekarpen aberasgarria izan zitekeela beste hiru hiztegien ondoan», azaldu du Gidor Bilbaok, UPV/EHUko irakasle eta hiztegiaren zuzentzaile zientifikoak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuak koordinatu du lana, Vox-Laurousserekin eta Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. Izan ere, hiztegi berria Diccionario esencial latino-español español-latino (Vox-Spes) ezagunaren euskarazko moldaketa eguneratua da, hiztegi hori bat zetorrelako proiektuaren ideiarekin. Vox-Spes hiztegia Eustaquio Echauri Martínez nafarraren Diccionario manual latino-español hiztegian oinarritu zen, zeina 1927an argitaratu zen lehen aldiz, eta hainbat edizio izan ditu.

Hiztegi berriak 19.000 sarrera dauzka, haietatatik 15.000 sarrera lexikoak dira, bi milatik gora «lehenaldi burutuaren» eta «partizipio burutuaren» formarik zailenak dira, eta, azkenik, mila eta seiehun inguru sarrera entziklopedikoak dira, izen bereziei (pertsona, leku eta pertsonaia mitologikoei) dagozkienak.

Elhuyarreko Ane Rodríguezek eta Saroi jauregik lanaren lehen bertsio bat egin zuten, latina-espainiera hiztegiko gaztelaniazko testuak esukaraturik; gero, baina, Gidor Bilbao irakasleak zuzendu eta berridatzi zuen testua goitik behera, gaur egungo ikasle euskaldunak gogoan izanik. Horrela, latinezko testuko akats batzuk zuzendu ziren eta latinezko zenbait sarreraren ordena berrantolatu, bai eta, kasu batzuetan, sarrera berriak gehitu ere. Definizioan adieren hurrenkera egokitu da (gaztelaniazko hiztegian irizpide etimologikoak zuen lehentasuna, eta euskarakoan, aldiz, erabilera maiztasunak, eta horren arabera  adiera batzuk kendu eta beste batzuk gehitu dira), eta kontuan hartu dira, halaber, hiztegi latino berrienen ekarpenak. Aparteko arreta eman zaio autore latinoen esapide eta esaldi jakin batzuen euskarazko itzulpenari, eredu izan daitezen latineko ikasleentzat. Hiztegian azpimarratzekoa den beste ezaugarri bat da latinezko sarreren ordainek sinonimo ugari dakartzatela, Gidor Bilbao irakasleak esan duenez, «hiztegia erabilgarria izan dadin Euskal Herriko ikasle guztientzat, hala Bermeo eta Ataunekoentzat nola Gasteiz eta Baionakoentzat». Azkenik, azalpen entziklopediko guztiak gaur egungo jakintzaz aberastu dira, eta gramatika laburpenean aparteko ahalegina egin dute latineko egitura gramatikalen ereduzko euskarazko itzulpenak emateko.