euskaraespañol

Zergatik naiz zientzialaria?

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/18

Irudia
Marta Macho-Stadler. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ikertzea partekatzea da

Marta Macho-Stadler (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea)

Matematikan ikertzea etengabeko erronka bat da, ikasten jarraitzeko pizgarria, kontzeptuak erlazionatzeko aukera, jakintzan aurrera egiteko aukera bat. Arazo baten balizko orokortzeei buruz galdetzeak edo emaitza bat beste ikuspuntu batetik ulertzen saiatzeak edozein enuntziatu matematikok ezkutatzen dituen ñabardura ugariak deszifratzen laguntzen dute. Ez dut Ikerketa lankidetzarik gabe ulertzen. Ikertzea partekatzea da, lan egiten duzun pertsonengandik ikastea, beti burua irekita jardutea, eta, jakina, umiltasunez. Irakasle naizen aldetik, ulertzen dut ikerketak lagundu egiten didala nire ikasgelako praktika hobetzen, erraztasun handiagoz arrazoitzen, nire kultura matematikoa osatzen eta, hala, ematen ditudan irakasgaiak ikuspegi eta zorroztasun handiagoz transmititzen.

 

Irakaskuntza eta ikerketa, batera

María José Cocero (Valladolideko Unibertsitatea)

Unibertsitatea Erreformatzeko Legea indarrean hasteak ekarri zuen aldaketa bizi nuen, eta ikerketaren bidea ireki zidan jazoera horrek, ikerketa nire jakin nahiaren garapen pertsonalerako bide gisa, hain zuen. Nire lan jardueratik gehien gustatzen zaidana ikaslez inguratuta egotea da, motibazio eta ilusio handia izan ohi baitute; beti adin bereko ikasleak izaten ditut. Nire ikasle izan direnen jarduera profesionalari jarraitzea gustatzen zait, ikustea enpresa nazional edo nazioartekoetan, ikerguneetan eta unibertsitateetan lanpostu esanguratsuak izatera iristen direla. Nire ustez, irakaskuntza eta ikerketa ez dira bi jarduera bereizi, ikerketak ematen dizun ikuspegiak prestakuntza eguneratua ematea ahalbidetzen baitizu.

 

Ikastearen plazera

Gloria Rodríguez Donoso (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea)

Gogoan dut eskola berriko kimika laborategia estreinatu genuenekoa. Uste dut 12 urte nituela. Hortxe ikusi nituen probetak, pipetak, saio hodiak eta Erlenmeyer matrazea. Egun hartan marraztu baino ez genuen ezer egin, baina uste dut orduantxe erabaki nuela kimikaria izango nintzela. Betidanik izan dut gustuko ikastea eta neure buruari galdetzea nola funtzionatzen duen nire ingurukoak. Horregatik, karrera amaitu nuenean, doktoregoa Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian egiteko iragarki bat irakurri eta argi ikusi nuen. Hor, ikerketari, azterketari eta esperimentazioari buruz hitz egin zidaten, beste laborategi batzuetara bidaiatzeaz, eta batez ere, ikasteaz. Eta orduantxe erabaki nuen zientzialaria izan nahi nuela.

 

Zientziaz gozatzea

Lucía Hipólito (Valentziako Unibertsitatea)

Zientzialari izatea munduko lanik onena da. Egun bakoitza desberdina da lan honetan; ikasi eta aurrera egiten duzu, jatorri eta adin desberdinetako pertsona askorekin elkarreraginean aritzen zara, talde lanean aritzen zara, bidaiatu egiten duzu, hunkitu egiten zara emaitzekin eta bizitzako enigmak ebazten dituzu. Gainera, oso pozgarria da eta primeran sentiarazten nau. Egoa puztu egiten zait neurozientziaren zergati eta nola guztiak askatzen noan heinean. Ohean sartu eta egunean zehar egin dudanarekin pentsatzen hasten naizenean, ondo sentitzen naiz. Horrek ez du esan nahi beti zoragarria denik, baina, existitzen al da perfekzioa? Zientziarekin perfekziotik gero eta gertuago gaudela pentsatzea gustatzen zait.

 

Kontatuz gozatzea

Mari Carmen Agustín (Valentziako Unibertsitatea)

Nire familian ia inork ez zuen unibertsitate ikasketarik; agian, horrexegatik bultzatu ninduen amak ikastera. Zientziak aukeratu nituen lan aukera handiagoak zituela iruditzen zitzaidalako (izan ere, jendeak hori esaten zidan). Biologia ikastea erabaki nuen UBIn irakasgai horretan nintzelako onena. Neurozientziak ni aukeratu ninduen: azterketara bost orduko atzerapenez iritsi nintzen, eta geroago nire tesiaren zuzendaria izango zen irakaslearen bulegora igo nintzenean (ziur egon nahi nuelako ez nuela zereginik), esan zidan oso ona nintzela ikusi zuela eta pozik egongo zela nik beka bat eskatuko banu. Nik 21 urte nituen eta ez nengoen oso ziur zer aukera izango nituen, baina An Anthropologist on Mars liburuak eta irakasgai hark konbentzitu egin ninduten. Neurozientzia zen nire esparrua. Gaur egun, eta ia 40 urte ditudala, oso pozik jarraitzen dut unibertsitateko irakasle gisa, zientzian lan egiteagatik ez ezik, zientzia kontatzeaz ere bai.

 

Umiltasuna eta jakingura

Maria Luz Guenaga Gómez (Deustuko Unibertsitatea)

Ikertzaile izatea ez da planifikatuta nuen zerbait. Nire bizitzan agertuz joan zen, lanerako modu gisa, gauzak egiteko eta munduari begiratzeko modu gisa. Ikertzeko, beharrezkoa izan da esperientziaz ikastea, eguneroko bizitzan inguruan ditudan erreferenteez, baita bilatu eta topatu ditudanez ere. Ikasi dut umiltasuna eta jakingura direla ikerketarako funtsezko jarrerak. Umiltasuna ez dakizkigun gauzak onartzeko eta ustez dakizkigunak zalantzan jartzeko. Jakingura jakin, ulertu eta ikasi nahi izateko. Zientzia etengabeko erronka bat da, adorea ematen didana. Emozioekin lan egitea ere garrantzitsua da: batetik, prozesua oso motela delako sortzen zaizun frustrazioarekin, eta bestetik, gauzak aurrera egiten dutenean sentitzen duzun harrotasunarekin. Zientzialaria naiz lan egitera joateko esnatzea baina zer topatuko dudan ez jakitea gustatzen zaidalako.

 

Taldea, diziplina eta ahalegina

Delfina Roca (Murtziako Unibertsitatea)

Ez dagoelako sormena aplikatzeko karrera hoberik. Betitik izan dut jakingura, betidanik gustatu izan zait arazoei aurre egitea eta arazoak konpontzen saiatzea. Horretan datza, hain zuzen, ikerketa lana. Izugarri gustatzen zait talde lanean aritzea, eta oso errotuta ditut zeregin honetarako behar diren balio jakin batzuk, hala nola diziplina eta ahalegina. Liluragarria iruditzen zait arakatzea, gure mundua hobea izan dadin laguntzeko. Uste osoa dut herritarrak libreagoak eta jantziagoak izango direla, zientziak gaur egun bete ditzakeen erronkak barneratu eta horietan parte hartzen duten heinean. Nire bokaziorik eta poztasunik handiena besteei adorea ematea da, batez ere gazteenei. Gustatzen zait nire ikasleak motibatzea erronkei modu berritzailean aurre egin diezaieten, eta baliabideak ematea kaskarkeriari, demagogiari, estereotipoei eta sinesmen faltsuei aurre egiteko.

 

Pasioa eta zalantza

Ana María Abril Gallego (Jaengo Unibertsitatea)

Jendeak normalean ikerketaren irudi jakin bat du: egia bakar, eztabaidaezin, ulergaitz, urrun eta sakrifikatua sortzen duela, hain zuzen; irudi horrek gazteengandik eta, batez ere, emakume gazteengandik aldentzen du ikerketa. Ideia hori errealitatearen antitesia da. Ereduak eratzeko helburua du ikerketak, zalantza egiten duten baina galdera ezeztagarriak egiteko grinak elkartuta dauden pertsonen taldeek sortutako ezagutza azaltzeko ereduak, hain zuzen. Gaur egun, nire kezka nagusia ikasleei zientziaren ikuspegi egokia ematea da, ikerketa zientifikoaren benetako izaera ezagutu nuenean grinatu egin bainintzen ikerketa zientifikoarekin. Une horretan ezerk ez ninduen geldiarazi, ezta entzun ere «biologia ikasteak ez du lan irtenbiderik», «zertarako egingo duzu tesia gero lanik ez baduzu lortuko?» edo antzekoak. Nire motibazio handia zientzia giza jarduera irisgarri gisa ulertzea izan zen. Inguratzen zaituena ulertzen saiatzeko grina sentitzea baino motibazio handiagorik ez dago.

The Conversation