euskaraespañol

‘Porque ellos heredarán la Tierra’, Alberto Magno Lehiaketaren irabazlea

José Ángel Menéndez Lucasen kontakizunak jaso du 2.000 euroko ordainsaria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/22

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Aitor Payros, Esther Dominguez, José Manuel González eta Monika Ortueta

José Ángel Menéndezen ‘Porque ellos heredarán la Tierra’ kontakizunak irabazi du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatu eta Zientzia Fikziozko eta Fantasia arloa jorratzen duen 2.000 euroko XXVII. Alberto Magno Literatura Lehiaketa. Bestalde, 1.000 euroko bigarren saria José Manuel González Rodríguezek irabazi du ‘El gato zen’ kontakizunarekin.

‘Porque ellos heredarán la Tierra’ kontakizunak Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko bi boluntarioren, Mayaren eta Angusen,  istorioa kontatzen du. Etorkizun hurbil batean gizarteko baztertuei ematen diete osasun esparruko laguntza bi horiek. Lan hori estalki moduan darabilte, beste agenda bat baitute, eta ez da  filantropikoa izango berez; aitzitik, apokaliptikoa da.  

Gaur, ostirala, ospatu da sari-banaketa ekitaldia Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan. Bertan izan dira, besteak beste, Esther Domínguez Fakultateko dekanoa, Aitor Payros, idazkari akademikoa, eta Monika Ortueta, Komunikazio, Gizarte Hedakuntza eta Nazioarteko Harremanetako dekanordea.

Edizio honetan 103 kontakizun aurkeztu dira, Espainia, Alemania, Argentina, Frantzia, Kuba, Mexiko, Txile, Kolonbia, Uruguai, Estatu Batuak, El Salvador, Dominikar Errepublika eta Venezuelatik bidalitakoak.

José Ángel Menéndez Lucasek, irabazleak, milurtekoa hastearekin batera kontakizunak argitaratzeari ekin zion. Gainera, sei urtetan zehar zientzia fikzioan espezializatutako aldizkari batekin kolaboratzen ibili da. Azken bost urteetan literatura lehiaketa askotako finalista izan da. Alberto Magno Lehiaketaren XXV. edizioan bigarren saria lortu zuen ‘Tellus’ kontakizunarekin  eta XXVII. edizioan lehenengo saria ‘Como un rayo en la tormenta’ kontakizunarekin. ‘Porque ellos heredarán la Tierra’ ipuinarekin trilogia tematiko bati eman dio bukaera, non gizadiak gaur egun dituen erronka garrantzitsuenetarikoak jorratu dituen. Idazle lanetan aritzeaz gain, ikus-entzunezko sortzailea ere bada, pare bat film labur ekoitzi eta zuzendu ditu, eta egun bere lehenengo luzemetraia zuzentzekotan da. Bere lanak jarraitzeko aukera dago bere blogaren bidez http://jamenendez.blogspot.com edo Twitter bidez @jaml76.