euskaraespañol

Itziar Alkorta Calvo eta Carlos Garbisu

Erabaki hobeak hartu nahi dituzu? Ikasi mikrobiologia

Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko irakaslea eta Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko arduradun zientifikoa, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/01

Irudia
Carlos Garbisu eta Itziar Alkorta. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19 pandemiaren eraginez, gizartea oro har eta komunikabideak bereziki interes handia agertu dute birologiari buruz. Mikrobiologiaren adar hori, bakteriologia, mikologia eta parasitologiarekin batera, egunero kontaktuan gauden izaki ñimiño horien inguruan dauden misterio ugariak argitzen saiatzen da.

Baina, mikrobiologiaren alde sortutako ohiz kanpoko interes hori gorabehera, tamalez, uste zabaldua da organismo txiki horiek (bakterioak, onddoak, birusak, protozooak...) osasunerako mehatxu ikaragarria eta etengabea direla. Guregan gaixotasunak –hilgarriak batzuk– sortzeko duten ahalmenagatik da hori.

Hala ere, planetako bazter guztietan han-hemen dabiltzan mikroorganismo gehienek, eragin kaltegarririk ez izateaz gain, Lurreko gainerako bizi forma guztien indar eragile eta euskarri sistema ezinbesteko ere badira.

Mikroorganismoek moldakortasun metaboliko sinestezina dute, plastikotasun genetiko harrigarria eta iraupen eta erresilientzia ahalmen berdingabea –planeta honetan agertu ziren lehen izakiak izan ziren eta, seguru asko, bertan biziko diren azkenak izango dira. Horregatik, gaur egunean ditugun erronka askotan aliatu handiak ditugu. Esate baterako, klima aldaketan, kutsaduran, elikagaien segurtasunean, edateko uraren hornikuntzan eta, bitxia bada ere, baita antimikrobiar berrien bilaketan.

Giza mikrobiomaren ezagutzan aurrerapen handiak egiten ari garen garai hauetan –baina ez behar bestekoak oraindik– ikusten ari gara funtsezkoak direla gure gorputzaren funtzionamendurako eta, ondorioz, gure osasunerako.

 

Inplikazio mikrobiologikoak dituzten erabakiak

Dena den, gure asmoa ez da organismo mikroskopiko eta liluragarri horiek ulertuz eta haiekin elkar hartuz izan ditzakegun eta ditugun onura ugariak zerrendatzea. Gure asmoa da ohartaraztea premiazkoa eta ezinbestekoa dela populazioa mikrobiologian alfabetatzea.

Gure gizarteak, bere errua izan gabe, ezjakintasun handia du mikrobiologian. Eta hori ez da batere ona. Azken batean, arlo indibidualean zein kolektiboan egunero egiten ditugun ekintza eta hartzen ditugun erabaki askok mikrobioen munduarekin dugun elkarreragin estuarekin zerikusia duten inplikazioak eta ondorioak dituzte. Hona hemen adibide batzuk:

  • Elikagaien arloan: hartzen dugun zuntza edo azukrea, esnekiak eta probiotikoak (kefirra, jogurta...) elikagaien manipulazioa eta kontserbazioa eta dugun dieta mota (begetarianismoa, beganismoa...).
  • Osasungarritasunean eta higienean: erabiltzen dugun xaboia, dutxen maiztasuna, hortzak garbitzeko modua, urak arazteko teknikak eta etxean erabiltzen ditugun garbiketako produktuak (lixiba, amoniakoa, fosfatoekiko edo fosfatorik gabeko detergentea...).
  • Gure ohituretan: zer maskota ditugun, zein herrialdetara bidaiatzen dugun, zer garraiobide hartzen ditugun, zein parke eta ingurune naturaletan ibiltzen garen, zein errekatan eta itsasotan bainatzen garen eta zein faunarekin dugun elkarreragina. Baita elkarri ematen dizkiogun besarkadak eta musuak: musu apasionatu batean milioika bakterio trukatzen ditugu elkarrekin.
  • Osasunean: jartzen ditugun txertoak, hartzen ditugun antibiotikoak, erditzeko modua (haurgintzan milioika bakteriok kolonizatzen gaituzte) edota edoskitze modua.

Denok hobeto ulertuko bagenitu gure bizitzako hainbat arlotan mikroorganismoen presentziak eta zereginak dituen inplikazioak, aipatu ditugun arlo horietan guztietan, nolabaiteko irizpidea izanda, erabaki zuzenagoak hartu ahalko genituzke.

Bide horretan, bereziki onuragarria litzateke ondorio sanitarioak, ekonomikoak edota ingurumenekoak dituzten erabakietan parte hartzen dutenek, gutxienez, oinarrizko ezagutza edukitzea erabaki horiek mikrobioen munduarekin duten loturari buruz. Hala, besteak beste kostuaz eta denboraz gain, beste alderdi batzuk ere kontuan hartu ahalko lituzkete –jakina, mikrobiologiako adituen laguntzarekin, hala behar denean–, baldin eta arazo baten kausen atzean edota konponbide posibleetan jatorri mikrobianoa dagoenean.

Oso urruti joan gabe, mikrobiologiako prestakuntza oinarrizko bat eta mota horretako analisi bat lagungarriak ziratekeen COVID-19 gaitzaren kudeaketan, zeina SARS-CoV-2 birusak eragina den. Etortzekoak diren pandemien aurreikuspenean, baditugu arrazoiak mikrobiologiaren alfabetatze lanari ekiteko.

 

Mikrobiologia gehiago eskoletan eta eskolatik kanpo

Ez da harritzekoa duela gutxi izen handiko zenbait zientzialarik ohartarazi izana mikrobiologian alfabetatzeko beharraren gainean. Zenbait estrategia proposatu dituzte horretarako:

  • Irakasgai hori hezkuntza programetan sartzea, batez ere, lehen eta bigarren hezkuntzan. Halaber, proposatu dute metodo erakargarriak erabiltzea lan emankor horretan azkar eta modu eraginkorrean aurreratzeko.
  • Mikrobiologian alfabetatua egotea oinarrizkoa izatea lanpostuen deskribapenean, hizkuntzak edota informatika jakitea den bezala.

Azken helburua da jendeari mikrobioen munduari buruzko ezagutza oinarri egoki bat eskaintzea eta, hala, denon artean gure bizi kalitatea hobetzea eta planetaren zaintzari modu zuzenago batean heltzea. Izan ere, planeta honetan mikroorganismoek askoz gehiago esateko daukate gizakiek baino.

The Conversation