Elena Vecino eta Arantxa Acera Osa

Malkoen bidez kutsatzen al da koronabirusa?

Zelulen Biologiako katedraduna eta Biologiako doktorea eta Oftalmologiako ikerketako koordinatzailea, hurrenez hurren.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/03

Arantxa Acera eta Elena Vecino. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2019ko abenduan, Li Wenliang izeneko 35 urteko Wuhango oftalmologo batek jakinarazi zuen Txinan 2002-2003an heriotza ugari eragin zituen SARSaren (arnas sindrome akutu larria) antzeko sintomak zituzten pazienteak ikusi zituela. Berak eman zuen lehendabiziko alarma. Tamalez, bera ere birusarekin kutsatu zen urtarrilean, COVID-19a zuen paziente glaukomadun bat artatzean. Li ospitaleratu egin zuten baina ez zioten PCR testaren bidez diagnostikoa egin otsailaren 1era arte. Ordurako, sintoma larriak zituen.

Osasunaren Mundu Erakundeak behin eta berriz nabarmendu du birusaren transmisio bide nagusia eztul egitean kanporatzen ditugun tantatxoak direla, airean edo gainazaletan denbora batez geratzen direnak. Nahi bestetan entzun dugu, halaber, birusa gorputzera sartzeko bide nagusiak aho, sudur eta begietako mintzak direla.

 

Begi mintzetako atea

Begiak, bai. COVID-19a zuten paziente batzuei konjuntibitisa ere atzeman diete, eta horrek susmo bat zabaldu du: begi mintzak birusaren gordailu naturala izan daitezkeela.

Horregatik gomendatzen da ahoa, sudurra eta begiak eskuekin ez ukitzea, azken horiek kutsatuta egon baitaitezke. Era berean, ospitaleetako langileei gomendatu zaie betaurreko itxien eta babes pantailen bidez begiak estaltzeko. Bestalde, oftalmologia erakundeek segurtasun arau espezifikoak proposatu dituzte.

Begiak eremu kaltebera zergatik izan ote daitezkeen ulertzeko, aurrena barneratu behar dugu koronabirusak beste zelula konplexuago batzuk behar dituela ugaldu eta bizirik irauteko: nukleoa duten zelulak edo eukariotoak, hain zuzen. Ugaltzeko duten bide bakarra da zelula horien makineriaz jabetu eta beren buruaren kopiak egitea. Birus bakoitzak 2.000 kopia ere egin ditzake.

Bere biktima izango den zelulan sartzeko, S izeneko proteina batzuez egindako espikula batzuk ditu birusak bere gainazal guztian «koroa» baten modura. Giltzak balira bezala baliatzen ditu eta zelularen kanpoko mintzeko ACE2 izeneko errezeptoreetara (sarrailak) atxikitzen ditu. ACE2 errezeptore horiek zelulentzako beste funtzio oso garrantzitsu batzuk betetzen dituzte, hala nola odol presioa eta hantura erregulatzea, eta errenina-angiotentsina sistema deritzanaren parte dira.

Horien funtzioa hain garrantzitsua izanik, zelula mota ugarik dituzte errezeptore horiek: birikakoek, giltzurrunekoek, bihotzekoek, hesteetakoek eta begietakoek. Nolabait esatearren, birusak giltza orokorra dauka (bere koroako S proteina) eta harekin hainbat zelula motaren sarraila ireki dezake, funtsezko funtzio hori dela eta eskaintzen zaion ate horretatik, hain zuzen.

Txerto bat diseinatzeko alderdi garrantzitsuenetako bat da, hain justu, birusak zeluletara sartzeko erabiltzen duen bidearen ezagutza. Aurkikuntza zinez interesgarriak egin dira berriki birusak darabilen giltzari buruz (S proteina) eta haren forma zehatzari buruz. Science aldizkarian argitaratu dira. Informazio hori baliatuta, txertoak diseinatzen dira «tranpa biologikoak» erabilita, giltza horiek ez funtzionatzeko edo sarrailak blokeatzeko, birusari zelulan sartzen utziko ez dioten beste giltza batzuk txertatuta.

 

Koronabirusaren errezeptorerik al dugu begietan?

COVID-19a duten pazienteetan, arnas sintomak izan dira agerikoenak. Ondorioz, sintoma horiek aztertu dira gehien. Ondoren, beste arazo batzuk ere identifikatu dira: kardiobaskularrak, hanturazkoak, azalekoak eta, orain, badirudi hesteetan ere egon litekeela birusaren erreserborio bat. Baina, zer gertatzen da begiekin? Begietako nahasmendu oso gutxi deskribatu direnez, begiak ez dira lehentasunezko ikerketa arlo bat izan.

Aspalditik da ezaguna errenina-angiotentsina sistemak begian duen garrantzia, bai eta ACE2 errezeptoreen presentzia ere, ez bakarrik gainazalean, baita begiaren nerbio zatian ere, erretinan. Bertan aurkitu dira COVID-19ak sortutako lehen nahasmenduak.

Begian ACE2 errezeptoreak dituzten zelulak daude eta, gainera, organo hori ingurune kutsatuetako tanta birusdunen esposiziopean dago. Ondorioz, arraroa litzateke birusak inguruabar horiek ez baliatzea. Logikoenena litzateke daukan «giltza orokor» hori erabiltzea konjuntibako zeluletan sartzeko eta ugaltzeko. Horren eraginez, malkoen karga birala handituko litzateke. Izatez, behin-behineko azterlan batzuek diotenez, PCR probetan karga birala topatu da koronabirusak jotako pazienteen malkoetan.

Hori dela eta, malkoak kontuan izan beharreko kutsadura iturri dira. Gainera, begi barneko presioa erregulatzen duten zelulek ere (gorputz ziliarra) badituzte ACE2 errezeptoreak. Hortaz, ez litzateke bitxia izango bertan ere birusak eragina izatea eta nahasmendu larriak sortzea glaukoma duten begietan. Horixe da sendabiderik gabeko itsutasunaren lehen kausa munduan. Hain zuzen, hori zen Li Wenliang gure oftalmologo txinatarra kutsatu zenean tratatzen ari zen pazienteak zuen arazoa. (Li COVID-19az hil zen 2020ko otsailaren 7an).

Hori guztia kontuan izanik, komenigarria litzateke COVID-19ak begietan eragiten duen infekzioaren maila ikertzen jarraitzea. Horrela, datuak lortu ahal izango ditugu hobeto ezagutzeko gure etsai berri hau, munduko izaki infekziosorik txikiena.

The Conversation