euskaraespañol

'Suspertze organismoak' Antartikan

UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko hiru kide ‘kontinente zurira’ joango dira landare espezie batzuek ehunetan urik izan gabe bizirik nola iraun dezaketen aztertzera

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/12

Irudia
José Ignacio García-Plazaola, Beatriz Fernández Marín eta Marina López Pozo. Argazkia: UPV/EHU

Otsailean eta martxoan, José Ignacio García-Plazaola, Beatriz Fernández Marín eta Marina López Pozo ikertzaileek Espainiako Batzorde Polarraren Antartikoko kanpainan parte hartuko dute, «Bases mecanísticas para la compensación entre fotosíntesis y tolerancia al estrés» (“TOPSTEP”, ingelesezko laburduran) proiektuaren barruan.

UPV/EHUko EkoFisko ikerketa taldeko hiru ikertzaileek aztertuko dute zein mekanismok ahalbidetzen dioten Antartikako florari bere fotosintesia aktibo mantentzen muturreko tenperatura hotzetan eta ur oso gutxirekin. Labur esanda, ulertu nahi dute espezie batzuek nola irauten duten bizirik horren ingurune desegokietan eta ehunetan urik izan gabe hainbat denboraldiz. Hegoaldeko Shetland uharteetan egingo dute lana, Drake igarobide ospetsuaren hegoaldean dagoen Ozeano Artikoko artxipielago batean.

Zergatik Antartikan?

Goizean mendira joateko asmoa duen edonork funtsezko galdera egiten dio bere buruari atera aurretik: ekipo arin xamarra eramango dut, bizkor ibiltzeko eta gutxi nekatzeko, edo pixka bat denetik eramango dut motxilan, zer gerta ere, nahiz eta ekipo askoz ere astunagoa eraman beharko dudan? Hartzen dugun erabakia edozein dela ere, kostu edo arrisku bat hartu beharko dugu, baina a priori erabaki bat ez da bestea baino hobea izango; soilik itzuleran jakingo dugu aukerarekin asmatu dugun ala ez. Landareek ere antzeko erabaki bat hartu behar dute: edo beren baliabideak bizkor hazten gastatzen dituzte, esaterako nekazaritzako labore gehienek egiten duten moduan, edo ingurumeneko ezbeharretatik babesteko mekanismoz betetzen dute “motxila”. Horrelakoetan, aukera biak dira desiragarriak, baina batak bestea baztertzen du; zientzialariek ‘trade-off’ deitzen diote horri. Bada, muturreko tenperatura hotzetan eta erabat ihartuta bizirik iraun dezaketen ehunka espezie fotosintetiko bizi dira Antartikan.

“Gure ikerketa proiektuarekin (TOPSTEP), jakin nahi dugu zehazki zer daramaten landareek beren ‘motxilan’; bereziki, ingurune desegokienetan bizi direnek. Zehazkiago esanda, hazteko gaitasuna ematen dien produktibitatearen eta ihartzearekiko edo deshidratazioarekiko tolerantziaren arteko trade-offa aztertu nahi dugu. Kontuan izan behar da orain arte deskribatutako planeta osoko 400.000 landare espezie ingururen artetik soilik 300 bat espezie ‘normalek’ (biologoek baskularrak deitzen diegu) daukatela ehun berdeetan urik izan gabe bizirik irauteko gaitasun hori. Espezie horiei ‘suspertze organismoak’ esaten zaie”, azaldu du Beatriz Fernández Marínek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak.

“Alabaina, gaur egun nekazaritzan erabiltzen diren barietateetako bat ere ez da suspertze landarea, izan ere, ihartzearekiko tolerantzia baliabideak erabiltzea kaltegarria da ekoizpen handientzat, ezaugarri hori hautatzen da beti positiboki laborantzetan”, argitu du Fernández Marínek.

Deshidratazioarekiko tolerantzia hori ulertuz gero, epe ertain edo luzera hobetu egin litezke laborantzarako espezieak, “non ura, edo hobeto esanda ur eskasia, mundu osoko nekazaritza ekoizpena mugatzen duen faktore nagusia baita”.

“Ihartzea toleratzeko gaitasun hori ebaluatzeko, protokolo bat osatu dugu, eta mundu osoko ehunka espezieri aplikatu; hala, ezaugarri oso adierazgarriak dituzten zenbait landare aurkitu ditugu ingurune oso desegoki batzuetako floraren artean (basamortu hotzetan, eskualde artikoetan eta Antartikan, adibidez). Honako hau gure proiektuak parte hartzen duen bigarren kanpaina antartikoa da, eta, batik bat, jendearentzat ezezagunagoak diren organismo fotosintetikoak aztertzen arituko gara; esaterako, goroldioak eta likenak. Bi talde horiek gainartzaileak dira flora antartikoan, eta ihartzearekiko tolerantzia handiena dute (eskualde antartiko osoan, ehunka goroldio eta liken espezie daude, eta soilik bi landare baskular). Aldi berean lan egingo dugu Antartikako itsasoko bi lekutan, 62°S inguruko latitudeetan (zirkulu polarreko mugetan): alde batetik, Juan Carlos I Espainiako basean, Livingston uhartean, eta, bestetik, Poloniako Arctowski basean, Rey Jorge uhartean, Txileko Institutu Antartikoko ikerketa taldeen laguntzari esker”, adierazi du.

Zenbait unibertsitatetako kideek Antartikako ikerketan dihardute TOPSTEP proiektuaren barruan:

  • Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU): José Ignacio García-Plazaola (ikertzaile nagusia, 2017/2018ko kanpaina), Beatriz Fernández Marín (Juan de la Cierva-Incorporación doktorego ondoko ikertzailea), Marina López Pozo (doktoregoko ikaslea, Eusko Jaurlaritza)
  • Universitat de les Illes Balears (UIB): Jaume Flexas, Javier Gulías, María José Clemente, Xurxo Gago eta Marc Carriquí (2016/2017ko kanpaina); eta Miquel Nadal eta Alicia Perera (2017/2018ko kanpaina).
  • Universidad Austral de Chile: Rafael Coopman