euskaraespañol

Manuel Castells, soziologoa eta Kataluniako Unibertsitate Irekiko katedraduna

«Unibertsitateak inoiz baino gehiago izan behar du unibertsitate»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/12

Irudia
Manuel Castells 'La era de la información' liburuaren egilea, besteak beste. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes.UPV/EHU

Manuel Castells (Hellín, Albacete, 1942) munduko soziologo prestigiotsuenetako bat da. Kataluniako Unibertsitate Irekiko soziologiako katedradun, Cambridgeko Unibertsitateko Soziologia Departamentuko ikerketa zuzendari eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko Hiri eta Eskualde Plangintzako eta Soziologiako katedradun emeritu da. Atzo “La crisis de la Unión Europea” (Europar Batasunaren krisia) hitzaldia eskaini zuen UPV/EHUn, EHUgunek eta UPV/EHUren Partaidetza eta Komunitate Garapena Unibertsitate Masterrak Bizkaia Aretoan elkarrekin antolaturiko ekitaldi baten baitan.

Duela 20 urte, mundu osoan ospetsu egin zuen La era de la información liburuan Castellsek etorkizunean gerta zitezkeen hainbat fenomenoz ohartarazi zuen; esaterako, iragarri zuen gerta zitekeela erakunde tradizionalek legitimitatea galtzea garai berriek eragindako ziurgabetasunaren ondorioz, eta, sistema liberalen deslegitimazio horrekiko erreakzio gisa, statu quoari aurre egingo zioten erantzunak sortzea, bai zubiak eraiki nahi zituzten erantzunak (esaterako, zapatismoaren kasuan), bai trintxera berriak sortu nahi zituztenak (integrismoaren kasurako aurreikusi bezala). Bi hamarkada geroago terrorismo integristaren inpaktua, suminduen mugimenduak eta Donald Trumpen garaipena iritsi ziren. Ondorengo liburu batean, Comunicación y poder, haren gogoetek une honetan berebiziko gaurkotasuna duten fenomenoak aurreratu zituzten; esaterako, fake news direlakoen garrantzia. Eta duela gutxi argitaraturiko beste lan batean, Ruptura: crisis de las democracias liberales, sakon aztertu du erakunde liberalen legitimazio galerak dakarren arriskua, adibidez, muturreko eskuinaren gorakadaren mehatxuarekin.

Azken batean, askatasunen babesarekiko konpromiso akatsgabea duen Castellsen lana gure garaia ulertzeko ezinbesteko gida bat da. Hitzaldiaren aurretik, aukera izan genuen Castellsi elkarrizketa labur bat egiteko.

Duela 20 urte, La era de la información lanean oso ondo deskribatu zenuen mundu bat non legitimazio identitateak zalantzan jarriko ziren erresistentzia identitateen (statu quoaren aurka dauden identitateak, trintxerak eta defentsa horma komunalak sortzen dituztenak) eta proiektu identitateen (proiektu pertsonalak eta kolektiboak ahalbidetzen dituztenak desberdin den horren aurrean zubiak eraikiz) bitartez. Denborak arrazoia eman dizu. Non ikusten dituzu geure garai honetan identitate horiek, eta zergatik dirudi komunalek aurrea hartu dietela proiektu identitateei?

Identitate nazionalak gero eta indartsuagoak dira, aurreikuspen neoliberalek adierazitakoaren aurka. Izan ere, jendeak kontrolik gabeko globalizazioaren eta politikariak herritarren gainetik jartzen dituen politika profesional baten aurrean erresistentzia egiteko dituen moduak dira. Boteretsuek munduko herritar direla aldarrikatzen dute, herritarrak tokiko eta herrialdeko erakundeetan bilatzen dute babesa, eta iraultzaileek proiektu identitate indartsuenei heltzen diete: feminismoa eta ekologismoa. Beraz, erresistentzia identitateak eta proiektu identitateak areagotu egin dira, nik aurreikusitako joeraren bidetik.

Sumindura eta itxaropen sareetatik demokrazia liberalen balizko “hausturara” igaro gara denbora gutxian. Ba al da itxaropenik? Hala bada, non aurki dezakegu?

«Patriarkatua krisi terminalean dago. Horregatik hiltzen du gero eta gehiago»

Demokrazia liberala desagertzen ari da existitu daitekeen leku bakarrean: herritarren buruetan. Eta datuak eta kasu azterketak (Brexit, Trump, Frantzia, Espainia, etab.) nire azken liburuan daude: Ruptura. Gero eta gutxiago sinesten dugu politikariengan eta politika instituzionalean, nahiz eta estutasun egoeretan jendeak berehalako irtenbideak bilatzen dituen eta defentsiboki bozkatzen duen. Itxaropena, halaber, mundu desberdin bat posible dela uste dutenen eta beren bitartekoekin, batzuetan erakundeak eraldatuta, beste batzuetan, erreakzio bat sortzeko haiek pitzatuta, horren alde borrokatzea erabakitzen dutenen buruan dago.

Zer balorazio egiten duzu, testuinguru honetan, feminismoaren rolaz eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko antolatu diren gazteen rolaz?

Gure garaiko bi gizarte mugimendu garrantzitsuenak dira, eta haiek ari dira gizakion bizitza eraldatzen eta planetan bizitzeko aukerak sortzen. Eta atzean ez dute ez erakunderik ez kontsigna tradizionalik. Elkarri lotzen joaten zaizkion erreakzio espontaneo eta deszentralizatuetatik abiatuta berresten dira. Eta bi mugimenduetan emakumeak dira aldaketa bultzatzen dutenak, bai lider gisa, bai partaide gisa. Patriarkatua krisi terminalean dago. Horregatik hiltzen du gero eta gehiago, hain zuzen ere.

Zer rol bete behar du unibertsitateak gure garaian?

«Itxaropena mundu desberdin bat posible dela pentsatzen dutenen buruan dago»

Hasteko, inoiz baino gehiago izan behar du unibertsitate. Hau da, kalitatezko irakaskuntza bermatu behar du, sakon sartuta mundu digitalean, horren bitartez sortzen baitira gizarte berdintasunerako oinarriak. Ikerketa zientifiko zorrotza sustatu eta garatu behar du jakintzaren arlo guztietan, eta inoiz ere ahaztu gabe ikerketa ekoizpen indarra eta bizi garen munduari buruzko kontzientzia sortzailea dela aldi berean. Eta, hirugarrenik, baina bakarrik hirugarren lekuan, dominazio aparatuen manipulazioa azaleratu eta aldaketa baterako aukera zabalduko duen lekukotza kritikoa eskainiko duen unibertsitate bat behar dugu inoiz baino gehiago. Hortaz, osagai ideologikoa ezinbestekoa da, baina betiere ez badu iluntzen eta oztopatzen unibertsitateak berezko duena: ikastea, irakastea, ikertzea, berritzea, betiere zorroztasun eta objektibotasun zientifiko gorenarekin eta modu autonomo eta independentean. Enpresentzat eta gizartearentzat erabilgarri izateko askatasunetik abiatuta gauzatu behar du bere lana.

 

Manuel Castellsen hitzaldiaren bideo osoa