euskaraespañol

Urtza Garay Ruiz, Eneko Tejada Garitano eta Javier Portillo Berasaluce

Eta eredu hibridoa izango balitz unibertsitatearen etorkizuna?

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/24

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Urtza Garay, Javier Portillo eta Eneko Tejada. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19aren pandemiaren ondoriozko konfinamenduak unibertsitatean ezarritako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak aurreikusi gabe eta bat-batean egokitzea ekarri du. Egun batetik bestera, eskola guztiak ikasgelaz kanpo eman behar izan dituzte irakasleek, eta etxetik irten gabe jarraitu behar izan zituzten ikasketak ikasleek.

Agertoki berri hori erronka handia izan da inplikatutako eragile guztientzat. Irakasleek eta ikasleek ez ezik, unibertsitateetako zuzendaritza taldeek (dekanoak, sailetako zuzendariak, errektoreordeak eta errektoreak), arreta tekniko-digitaleko sailek eta unibertsitateetako hezkuntza aholkularitzako zerbitzuek ere erlojuaren kontra lan egin behar izan dute, egoera berri horri kalitatez eta ekitatez, erantzuteko.

 

Erronka isilduak

Agertoki horrek zenbait galdera eta erronkari erantzutea ekarri du, zeinak, gizartean lehendik bazeuden ere, isilduta zeuden nolabait unibertsitate prestakuntzako testuinguruetan.

Hezkuntza kudeatzeko teknologia erabiltzearekin lotutako alderdiez ari gara, eta bereziki, goi mailako hezkuntzako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan teknologia digitala erabiltzeaz.

Laburbilduz, gradua edo graduondokoa egiten ari diren unibertsitateko ikasle guztien gaitasun digitala garatzeko behar diren oinarriak jartzeko premia azaleratu da, bai eta unibertsitateko jakintza arlo guztietako irakasleen gaitasun digitalean sakontzeko beharra ere.

 

Lortu egin dugu, baina urrunetik

Dirudienez, aditu guztiek esaten dute irakasleek alarma egoerari azkar erantzuten jakin dutela. Baina horrek ez du esan nahi online irakaskuntza egin dela. Gutako askok ikasgelako irakaskuntza formatu birtualera irauli dugu.

Horrenbestez, larrialdiko urruneko irakaskuntza egin dugu, eta online irakaskuntzak edo erdipresentzialak dituen ezaugarri eta irizpideetatik urrun dago hori, nahiz eta erantzun hori nahikotzat jo daitekeen, ebaluazio eta ikerketek esango dutenaren zain, bizi izan dugun eta inork ere espero ez genuen egoeraren aurrean.

 

Birtuala ez da aurrez aurrekoaren erreplika

Garaiotan, inplikatutako eragile guztiek kontzientzia hartu dute online izateak ez duela esan nahi ingurune birtualetan aurrez aurrekoaren erreplika bat egitea. Horren ondorioz, gobernuek eta unibertsitate eskaintzaren kalitatea bermatzen duten agentziek estrategia berriak diseinatu dituzte irakaskuntza birtualaren kalitatea ziurtatzeko.

2019-20 ikasturtea amaitzen ari da, baina, adituek eta agintari politikoek adierazitakoaren arabera, birusa egon badago oraindik, eta harekin bizitzen ikasi beharko dugu etorkizun hurbilean, horrenbestez. Horregatik, osasuneko segurtasun neurri askori eutsi beharko diegu aurrez aurreko eskoletan, eta ezin izango gara itzuli 2020ko martxoaren 15eko egoerara.

 

Agertokirik onena

Hedabide batzuek argitaratu dute jada errektoreek ez dutela inola ere buruan, antza denez, erabateko aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea; beraz, beste erronka bat dugu: hibridoa, erdipresentziala edo ‘blended learning’ izenez ezagutzen den irakaskuntza-ikaskuntza era.

Bigarren egoera berri  hori dela eta (hori da konfinamenduak utziko digun oinordetza, dirudienez), berriro pentsatu behar ditugu graduko eta graduondoko ikasketa guztiak eta horiek osatzen dituzten irakasgaiak, plangintzatik ebaluazioraino.

Horrez gain, irakaslearen rolak eta eginkizunak doitu beharko ditugu irakasteko era hibrido baten barruan, ikasleen autorregulazio eta lan autonomoko gaitasunek garrantzi berezia hartzen baitute eredu horretan. Eta ez dugu ahaztu behar metodologia aktiboak ere jasotzea, behar diren oinarrizko eta zeharkako gaitasunak gara daitezen (talde lana, ekimena, komunikatzeko gaitasuna eta gaitasun kritikoa); izan ere, hezi behar ditugun profesionalek prestatuta egon behar dute lan merkatu aldakorrean sartzeko ez ezik, buru kritikoak zein mundu justuagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko ekimena duten pertsonak behar dituen gizarteari laguntzeko ere.

Sistematikoki sakondu behar dugu ikasleen ikasgelako eta ikasgelatik kanpoko zereginen banaketan, Europako Unibertsitate Eremuko ECTS sistema (European Credit Transfer System) ezartzeko diseinuan oinarriturik. Sakondu behar dugu, halaber, berezko ezaugarriak dituzten ikasteko ingurune berrien araberako material didaktikoak sortzeko teknologiaren erabileran (ikasketa digitaleko inguruneak, besteak beste), bai eta feedback etengabe eta/edo pertsonalizatuagoan oinarritutako ebaluazio sistema batean ere, horrek ateak irekiko bailizkiguke etengabeko ebaluazioa ezartzeko, ikasleak beraien ikaskuntzan inplikatzeko eta hori era kontziente eta arduratsu batez egin dezaten.

 

Big data, azalera

Baina garrantzitsua ere bada hezkuntzako agertoki horietatik ateratzen diren datuak segurtasunez erabiltzeko plangintza egitea. Hezkuntzako big datak garrantzi berezia hartzen du hezkuntza hobetzeko azterketaren ikuspegitik, bai eta ikasteko teknologia arduraz erabiltzeari dagokionez ere.

Gure iritziz, garrantzitsua da ikaskuntza hibridoa bideratzeko teknologia gehitzea, ikaslea unibertsitateko ikasteko ingurune pertsonala eraikitzeko prozesuko eragile kontziente (PLE) bihurtzeko bidean jarriko gaituelako horrek, eta hori baliagarria izango zaio ikasleari bizitzan zehar eta lanbide etorkizunean ikasten jarrai dezan.

Horrenbestez, unibertsitateak azken garaiotan bizi duen bidegurutze sakonenetako baten aurrean gaude. Gogoeta egin behar dugu zer izan eta egin nahi dugun. Funtsezko garai batean gaude, eta bi hauen artean erabaki behar dugu: egokitzapen partziala eta aldi baterakoa egitea, edo gure unibertsitateko irakaskuntza-ikaskuntza eredua orain eta etorkizunerako eraldatzea.

The Conversation