null

10.000 miliako konfinamendua

Pandemia munduan deklaratzearekin batera, Europako tripulazioak etxera itzultzea erabaki zuen, abentura handi bat biziz

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/02

María Intxaustegi Molina

María Intxaustegi Molinak egundoko abentura bizi izan du pandemia-aldian. Urpeko arkeologo eta ontzi-historialaria da, eta doktorego-tesia amaitzen ari da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean, Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Sailean. Pandemiaren ondorioz mugak itxi zituztenean, Bark Europa brigantinean zegoen, Antartikako bidaia bateko espedizio-gidari. Otsailean, Ushuaiara iritsi zirenean, bat-batean topo egin zuten epidemia globalarekin, eta azken mendeetan inork egin ez duen itsasaldi bat egin behar izan zuten ontzitik jaitsi ere egin gabe: Holandaraino belaz eta eskalarik gabe itzultzea, alegia –hangoa baita ontzia–. 81 eguneko bidea, 10.000 milia baino gehiago, harik eta Scheveningeneko portura iritsi arte.

Donostiako etxetik kontatu dizkigu abentura handi horretako zenbait xehetasun.

 

Zer lotura duzu Bark Europa-rekin?

Historian lizentziatu nintzen, eta, karrera ikasten ari nintzela, urpekari profesional egin nintzen, urpeko arkeologian jarduteko. Aro Modernoko ontzi urperatuak dira nire espezialitatea. Doktorego-tesia amaitzen ari nintzela, Bark Europa-ren konpainia nirekin harremanetan jarri zen, proposamen batekin: askatasun guztia eman zidaten nabigazio historikoari eta arakatze-bidaiei buruz dakidan guztia transmititzeko, eta, halaber, haien gabizain-tripulazioko kide izateko. Haiekin lehen aldiz ontziratu ondoren, esku artean nuen hurrengo kontratua, iraunkorra, Antartika aldera espedizio polar espezializatu bateko gidari gisa hura ere. Orain han eta hemen bizi naiz: batetik, ozeanoko punturen batean, nabigatzen eta Europa ontziarekin egindakoaren moduko bidaia batek eskaintzen dituen mirariak irakasten, eta, bestetik, lehorrean, ikerketa-proiektuei emana.

Zer-nola izan zenuten epidemiaren zabalkundearen berri?

Drake pasaia bueltan gurutzatzen ari ginela eta Ushuaia aldera gindoazela jakin genuen egoera larria zela. Birusa bizkor ari zen zabaltzen, eta hasiak ziren mugak ixten. Baina gu mikrokosmos batean geunden, erabat aldendurik. Gure lehentasunak bestelakoak ziren erabat: haizeak, iragarpen meteorologikoak eta nabigazioa. Hornos lurmuturra gurutzatu ondoren, lehendabiziko albisteak izan genituen mugen itxierei eta blokeo posibleei buruz, berrogeialdiak, komuneko paperaren eskasia deigarria... Baina, egia esateko, ez ginen askorik jabetzen zer ari zen gertatzen gure itsasontzitik kanpo; artean hainbat milia geratzen zitzaizkigun Beagle kanalera segurtasunez iristeko, eta itsaso horietako guardiak erabat nekagarriak eta gogorrak dira.

Eta noiz erabaki zenuten abenturari ekitea?

Martxoaren 17an lehertu zen guztia. Suaren Lurraldean berrogeialdia deklaratu zuten, bestelako erabaki bat eman bitartean, eta gu Ushuaian porturatuta geunden: harrapaturik erabat, ezin genuen hankarik ere ipini ontzitik kanpora. Bagenuen behar adina janari eta erregai; beraz, badian ainguratu, eta patxadaz balioetsi genuen zein egoeratan geunden eta zer aukera genituen. Gera gintezkeen ainguraturik mugarik gabe, baina negu australa gain-gainean genuen. Joan gintezkeen Pazifiko aldera, baina Txileko mugak eta Pazifikoko uharteetako portuak ere itxita zeuden. Atlantikorantz, agian?

Martxoaren 24an, Eric Kesteloo kapitainak goizeko zortzietan elkartu gintuen, egunero-egunero bezala. Begi urdin haiekin begira-begira geratu zitzaigun, eta, ohikoa duen tonu pausatuarekin, ofizial egin zuen: «Bagoaz. Holandara itzuli behar dugu».

Eta halaxe hasi zen bidaia…

Bark Europa pabiloi-belaontzi holandar bat da, eta herrialde hartako gobernuak bertako bandera zuten ontziei porturatzen uzten zien. Eraso-plana, horren soila izanik, kezkagarria zen: Ushuaia-Holanda, eskalarik gabe eta bela hutsez, garai batean bezala. Haizeek gidaturik, motorrik erabili gabe; izan ere, ez genekien gasolioa botatzerik izango genuen, eta geneukana gorde beharra zegoen, edateko ura lortzeko eta sorgailu osagarriak baliatzeko. 70 egun inguru eman genituen nabigatzen. Atlantikoa hegoaldetik iparralderaino zeharkatu genuen, latitudeak jaitsiz eta arropa-geruzak kenduz, tropikoetara iristen ari ginen heinean; eta, hortik, berriro ere latitudez latitude iparralderantz, Europara, etxera. Tripulazio profesionala bakarrik, bidaiaririk gabe: hamabi nazionalitatetako hemeretzi nabigatzaile, itsasoaren apetekin zailduak guztiak.

«Ez dago itsasgizonik beste kide bati ekaitza opa dionik»

Itsasoaren eta meteorologiaren apetak; bidaiari eguraldi onarekin ekin zenioten, baina izan zenuten ekaitzik ere.

Nahi eta nahi ez etortzen zaizkit burura nabigazioko zaleen komentario asko eta asko, esanez zeinen ikusgarriak diren itsas ekaitzak, zeinen ederra den itsaso zakarraren hatsa eta haizea aurpegia astintzen sentitzea, zuk lemari irmo eusten diozun bitartean, itsasoari begira-begira, Poseidoni desafio eginez. Ez dago itsasoan ibiltzen den gizonik edo emakumerik, ofiziokide bati ekaitza opa dionik. Luze irauten duten behe-presioek akidura psikologiko izugarria eragiten dute, eta badakizu etsaiaren mende zaudela erabat. Eta, jakina, horrek ez du laguntzen. Guardian ez zaudenean, lo egiten saiatzen zara, baina ia-ia ezinezkoa da, leher eginda ez bazaude behintzat, eta neke horrek ez baditu gainditzen etengabe ohatzean alde batera eta bestera ibiliko zaituzten kolpeak. Estoikoki aguantatu behar, guardiaz guardia. Ez dago besterik. Arropa guztiak blai eginda, eta guztiok kiratsa dariola. Horixe da itsas zabaleko ekaitza.

Baina barealdia ere arazoa da belaontzi batentzat...

Tropikoarteko konbergentzia-eremura iristean agertzen dira barealdiak edo doldrum-ak, ingelesez esaten den moduan. Zer gertatuko ote zen XVI, XVII eta XVIII. mendeetako itsasontziekin, aste luzeetan halako barealdietan harrapaturik geratzen zirenean? Edateko urik gabe, parte meteorologikorik gabe eta izozkailurik gabe janaria biltegiratzeko, egoera zinez larria izan zitekeen tripulazioarentzat. Hain justu, ohikoak izaten ziren matxinadak, eta bilaketa ia paranoikoak, ontzira halako zorigaitza nork eraman zuen jakiteko.

Eta zuek ere sufritu zenuten...

Maiatzaren 28an, 20:30ak zirela, antizikloiaren epizentroan, kapitainak motorrak pizteko eta belak biltzeko agindua eman zuen. Guztira 7.500 milia baino gehiago zeharkatu genituen, eta 70 egun generamatzan nabigatzen, latitude ia guztiak zeharkatuta. Nolabaiteko tristuraz bildu bagenituen ere bela koadratuak, gabietan gordetzen ari ginela ondotxo genekien erabaki zuzena hartu zuela. Etxera bueltatu behar genuen, etxera bueltatu nahi genuen.

Bidaian denetarik izan duzue, epidemia koskor bat ere bai...

Gainerako guztia gutxi balitz bezala, nahi gabeko «entrenamendu» bati ekin genion ontzian: nola saihestu birus bat (bakterioa, kasu honetan), etxean zain genuen horretara ohitzen hasteko. Oso ondo nola ez badakigu ere, kontua da gastroenteritisak jota geratu zirela tripulatzaile pare bat, eta jendea gogotik astindu zuen. Gastroenteritisa harrapatzea izugarria izan liteke tropikoetan eta itsasontzi batean lanean ari zarela. Erdiak baino gehiago onik izan ginen, baina bistakoa zen faktura pasatu zigutela egun haiek guztiek, egoera orokorrak eta, batez ere, etengabeko lan gogor hark –muturreko baldintzetan, beroa eta hezetasuna kontuan izanik–.

Nola jakiten zenuten zer gertatzen ari zen munduan?

Asteazkenetan, «koronaegunkaria» jasotzen genuen: konpainiak astero-astero bidaltzen zigun laburpen bat, 15 eta 20 orrialde ingurukoa. Bertan, egoera orokorrari buruzko berriak ematen zizkiguten, tripulazioko kideen herrialdeetan arreta berezia ipinita. Kanpoko munduan gertatzen zenari buruzko kontzientzia-unetxo bat zen.

«Harreman gutxi dira itsasoan egin ditzakezunak bezain estu»

Zer moduz bizikidetza abentura horretan?

Gutxi dira itsasoan sortzen diren loturak bezain estuak. Bizitzan oso jende gutxik ezagutuko zaitu horrenbeste. Halako itsasaldi luze batean, guztiak toki murritz batean elkarrekin biziz, eguneko 24 orduetan besoz beso lan eginez eta intimitate-unerik apurrena komunean izanik, ezinezkoa da plantak egitea Era guztietako nortasunak elkartzen dira, elkar ezagutzen dugu, batak besteari toki egiten eta errespetuz jokatzen ikasten da. Eta, batzuetan, agertzen da elkar estimatzeko edo akabatzeko gogorik ere.

Nola jasaten da horrenbeste denbora hain toki txikian?

Jarduerarik eza da nabigatzailearen etsai handia. Ontzi batean ezin zara aspertu; bestela, txikitxo iruditzen hasiko zaizu, eta, ez bazaude ohituta, saihetsezina da psikologikoki lur jota geratzea. Lehen ere ikusia dut hasiberrietan edo ontziratuta uste baino denbora gehiago geratu behar izan dutenetan. Eta utzikeriaren dinamikan sartu ondoren, zaila da handik irtetea. Bitxia da: batzuok nabigatzen topatzen dugu askatasuna, eta beste batzuek, berriz, askatasun falta.

Jomugara iristen ari zinetela «zibilizazioa» aurkitzen hasi zineten...

Iparralderantz nabigatu ahala, gero eta merkataritza-ontzi gehiago ikusten hasi ginen, hegazkinak zeruan... Eta, «zibilizaziora» zenbat eta gehiago gerturatu, zaborra ere bai. Ezin bestela izan. Bidoi bat itsasoan galduta, arrantza-sare bat flotatzen, forma zehaztugabeko plastiko txikiak... Karabela portugesak ere bai. Eta, nahiz eta gustuko izan ez, bizidunak dira, itsas ekosistema hauskor eta funtsezko bateko parte, eta, ekosistema horretan, guztiak du zentzua eta izateko arrazoia. Guk itsasora isurtzen dugun zaborra heriotza da, besterik ez. Zenbat itsas dortokak ez ote dute jan plastikozko poltsa bat, karabela bat irensten ari zirelakoan! Arrantza-sareak: 80 urte, materialaren arabera. Aluminiozko latak: 200 urte. Egur margotua: 13 urte. Plastikozko botilak: 450 urte. Tetrabrikak: 100 urte. Nylonezko arrantza-haria: 650 urte. Eta abar, eta abar.

Zer sentitzen da berriro lurreratzean?

Itsasoratzea ondo dago, baina baita porturatzea ere. Donostia kanpoaldean bizi naiz, arbolaz inguratuta eta menditik bost minutura; horri esker, bizimodu patxadatsua eta lasaia bai, baina eskura dut garraio publikoa eta erdialdera joateko aukera ere, lurtarren artera joan nahi badut. Eguraldi ona egiten duenean, izugarri gustatzen zait iluntze partean terrazan esertzea liburu bat eta garagardo bat hartuta, eta lore- eta zuhaitz-usaina sentitzea, urrunean Aiako Harria ikusten dudala. Nire lurrarekin konektatzen nau berriro.

«Oilo-ipurdia jartzen zait portura iritsi ginela gogoratzean»

Zer-nolako porturatzea izan zenuten?

Ikusgarria izan zen. Gogoratze hutsak oilo-ipurdia jartzen zait. Ekainaren 16ko goiza zen. Zerua garbi zegoen, eta itsasoa, bare. Motorrez gindoazen, belak ondo bildurik, eta guztia prest genuen porturatzeko. Urrunera, Hagako eraikin handiak ikusi genituen, eta, halako batean, itsasontziak hasi ziren gerturatzen. Hasiera batean, pentsatu nuen estropada edo lehiaketaren bat izango zela, baina guregana zetozen –arrantza-ontziak zein belaontziak–, eskuak astinduz. Eta alboetan jarri zitzaizkigun, babesa eskainiz badian sartzen ari ginela. Erabat ustekabekoa izan zen, zoragarria. Kostaldeko guardiak kaxakada bat arrain fresko ere pasatu zigun, ongietorri-mezu gisa.

Portuan sartu ginenean, lurreko tripulazio guztia ikusi genuen, baita tripulazioko kideen senitarteko holandarrak, alemaniarrak eta daniarrak ere kaian, ongietorria emateko kartelekin. Guretzat bereziki prestatutako fruta- eta barazki-postu izugarri bat ere bai. Prentsako kide bakan batzuk ere bazeuden, baina konpainiak ulertu zuen leher eginda eta hunkituta geundela; beraz, ez zieten utzi kaira gerturatzen, ez jarraitzailerik, ez beharrezkoa baino komunikabide gehiagorik. Eta biziki eskertu genuen, gainera.

Zer mezu utzi nahi duzu abentura hau bizi ondoren?

Hainbat bizi-esperientzia ezustean etortzen zaizkigu. Datozen moduan hartu behar dira, eta ikasi egin behar dugu haietatik. Zuek, konfinamenduan, eta gu, nabigatzen etxera iristeko; guztioi egokitu zaigu intentsitate handiko bizipen ahaztezin bat, eta espero dut lagungarri izango zitzaigula pertsona gisa hazteko eta naturarekin gehiago konektatzeko.

Ez gara hilezkorrak: izurriteek hil eta gaixotu egiten gaituzte, gainerako bizidun guztiak bezalaxe. Eta gatibu izatea ere ez zaigu gustatzen. Basa-bizitzari bere habitat naturalean erreparatzea, harengana gerturatzeko modu egokia izateaz gainera, lagungarria da egiaz ulertzeko zeinen konplexuak diren ekosistemen arteko elkarreraginak. Eta modu bikaina da biziaren edertasun izugarria ez ezik hauskortasuna ere miresteko, gure inguruan eraiki dugun mundu artifizial eta digitaletik harago. Izaki bizidun bakarrari ere ez zaio gustatzen «konfinamendu iraunkorrean» bizi izatea, eta are gutxiago bere borondatearen kontra. Zuei tokatu zaizue, eta etsigarria, bakartia, tristea eta apalgarria da. Gauza gutxi daude askatasunaz gabetzea bezain txarrak.

Espero dut egoera berriro ere ez errepikatzea, baina, era berean, espero dut ikasi izana inguruan duguna balioesten eta zaintzen, kontzientzia hartu izana bizitza egiaz baliotsua dela eta noiznahi desager daitekeela!