euskaraespañol

12.000 ikasle praktika eta 1.000 transferentzia kontratu baino gehiago, UPV/EHUk enpresa eta gizarte erakundeekin dituen harremanen emaitza 2018an

Datorren ikasturteko erronken artean: gradu bikoitz berriak ezartzea, Ikerketa Plana aurrera eramatea, eta Eleaniztasun Plana egitea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/29

Irudia

Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan, Nekane Balluerka errektorea buru zela, UPV/EHUko Unibertsitateko Klaustroaren bilera egin da, eta puntu nagusien artean, 2017-2018 Kudeaketa Txostena eta 2018-2019 ikasturterako Jardueren Programa aurkeztu dira.

Nekane Balluerka errektoreak honako hau adierazi du: “jarduera bizia izan dugu, eta gure harremana indartu da eragile publiko eta pribatuekin maila guztietan, ikasleen praktiketatik hasita jakintzaren transferentziaraino. UPV/EHU euskal gizartearen zerbitzura dagoen bitarteko bat da, eta, oraindik ere bide luzea geratzen zaigula onartuta, funtzio hori gero eta hobeto betetzen dugula uste dut. Erronka berriak ditugu ikasturte honetarako: garrantzitsuenetako bi Ikerketa Plana aurrera eramatea eta Eleaniztasun Plana egitea”.

2017-2018 ikasturtean egindako lana

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) joan den ikasturtean egindako jardueren berri ematean, bereziki azpimarratu da unibertsitateak nabarmen areagotu dituela harremanak harekiko lotura profesionala duten erakunde guztiekin (administrazio publikoak, gizarte erakundeak eta enpresak). Hala, joan den ikasturtean, ikasleek 12.000 praktika baino gehiago egin zituzten, 4.500 erakunde eta enpresatan. Jakintzaren transferentziari dagokionez, nabarmentzekoa da, halaber, 1.000 kontratu baino gehiago izenpetu zirela gizarte eta enpresa erakundeekin. Kontratu horietan 200 ikertaldek parte hartu zuten, eta horien bidez unibertsitateak 9,4 milioi euroko sarrerak eskuratu zituen.

2017-2018 ikasturtearen jarduna gogoratzean, beste jarduera batzuk nabarmendu ziren. Hala, arlo akademikoan, bultzada bat eman zitzaion Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Mekanikoko gradu bikoitzari (2018-2019 ikasturtean martxan jada), eta lan handia egin zen prestakuntza dualaren arloan, baita graduondoko eta doktorego programa berrien sorreran ere. Era berean, UPV/EHUk eta Osakidetzak garrantzi handiko akordio bat sinatu zuten, Barrualde-Galdakao ospitalea unibertsitate ospitale bihur dadin.

Ikerketen arloan, dagoeneko eskainitako emaitzei joan den irailean onartutako Ikerketa Plana gehitu behar zaie; planak datozen lau urteetan izango du eragina; horrez gain, hiru laborategi garrantzitsu sortu dira (fabrikazio aurreratukoa, nanozientziakoa eta matematikakoa), UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusaren baitan.

Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitatearen erronka funtsezkoenetako bat da. Erronka hori erabakigarria izan da UPV/EHU gaur egun munduko 400 unibertsitate onenen artean egon dadin, Shangaiko rankingaren arabera, eta 50 urte baino gutxiagoko 150 unibertsitate onenen artean, Times Higher Education-en rankingaren arabera.

Irakaskuntzaren arloan, nabarmentzekoa da programa ugari garatu direla (Iraker, Akademe, Audit edo Ehundu) bikaintasuna lortzeko, karrera akademikoaren garapenean eta sustapenean laguntzeko, eta unibertsitate azpiegiturak prestakuntza eta ikerketa beharretara egokitzeko.

Hizkuntzei dagokienez, 23 irakasgai gehiago euskaraz ematea lortzeari esker, UPV/EHUk graduko prestakuntzaren % 97 eskaintzen du euskaraz. Era berean, nabarmendu behar da 1.000 irakasgai baino gehiago eskaintzen direla hizkuntza ez-ofizialetan, bereziki ingelesez. Gainera, titulazio bikoitzeko 9 hitzarmen izenpetu dira beste herrialde batzuetako unibertsitateekin.

Bestalde, 1.650 ikaslek parte hartu dute mugikortasun programetan, eta UPV/EHUren bi proiektu handi indartu dira nazioartean: Graduondokoen Latinoamerikako Sarea eta Euroeskualdeko Campusa Bordeleko Unibertsitatearekin.

Gainera, ikasturte honetan, UPV/EHUren gizarte konpromisoari dagokionez, ezgaitasunak edo premia bereziak dituzten 350 pertsonari arreta eskaini zaie, nerabeak babesteko zerbitzuetatik etorritako 7 ikasleri lagundu zaie, genero indarkeriaren aurkako protokolo berria landu da, eta Bizia Lab Campus programa jarri da martxan, jasangarritasunaren arloko 18 proiekturekin.

2018-2019 ikasturterako proiektuak

2018-2019 Jardueren Plana 9 bloke estrategiko handitan egituratzen da, eta horietako bakoitzean helburu zehatzak finkatzen dira.

Ikasteko unibertsitate bat atalean, gradu berriak sortzea, hala nola Datuen Zientzia eta Ingeniaria, eta Logopedia, eta 4 gradu bikoitz berri tramitatzea proposatzen da.

Unibertsitate ikertzaile bat atalean, Ikerketa Plana hedatuko da, non 5 erronka global, 15 helburu eta 55 ekintza zehatz planteatzen baitira, eta emaitzak ebaluatzea ahalbidetuko duten 26 adierazle ezarri dira.

Irakaskuntzarekin konprometitutako unibertsitate bat multzoan, irakasleen irakaslana ebaluatzeko Docentiaz programaren kanpo akreditazioa nabarmendu da, eta irakaskuntza bikaintasuna sustatzeko xedea duten beste ekimen batzuk, hala nola Gaituz, Iraker, Akademe eta IKD Irakasle Taldeak.

Aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitate bat atalari dagokionez, aipatzekoak dira, batetik, 2018ko LEParen negoziazioa administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, eta, bestetik, irakasle-ikertzaileen aldi baterako lanaren finkapena dagokion LEParen bitartez.

Bizikidetzarako unibertsitate bat atalean, berriz, campus irisgarri eta osasungarrietarako estrategia global bat diseinatuko du.

Gure ingurunean errotutako unibertsitatea atalean, euskarari arlo guztietan eman beharreko bultzada nabarmentzen da, garrantzi berezia emanez eguneroko kudeaketari, eskuliburu, sail, bilduma eta aldizkari zientifikoen produkzioari, eta euskaraz eginiko nazioarteko tesien ehunekoa areagotzeko helburuari.

Mundura irekitako unibertsitate bat atalean, Eleaniztasun Estrategia garatuko da, ikastegi eta sailen lankidetzaz, eta nazioarteko aipamena bultzatuko da.

Gizartearekin konprometituriko unibertsitate bat esparruan, garapen jasangarriaren helburuekiko konpromisoa indartuko da.

Eta, azkenik, sailen antolakuntza berria diseinatzeari ekingo zaio Gobernu ona sustatzen duen unibertsitate bat atalean.