euskaraespañol

Atzerriko hizkuntzak hobeto ikasten dira, eduki ez linguistikoak irakasteko eta ikasteko erabiltzen direnean

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/30

Jon Ander Merinok tesi bat defendatu du UPV/EHUko Letren Fakultatean Ingeles eta Aleman Filologia Saileko David Lasagabaster irakasleak zuzenduta. Tesi horretan erakutsi duenez, atzerriko edukia eta hizkuntza batera ikastea, hau da, atzerriko hizkuntza baten bidez hizkuntzaren edukiez gain hizkuntzarekin zerikusirik ez duten  edukiak irakastea, oso ona da hizkuntza hori ikasteko. Bere tesiak izenburu hau du: 'El efecto del Aprendizaje Integrado de Contenido y Lengua  Extranjera (AICLE) y su intensidad en las lenguas curriculares: un estudio longitudinal'.

AICLEk edukien eta atzerriko hizkuntzen ikasketa integratua esan nahi du, eta Europan 90eko hamarkadan sortu zen kontzeptu hau orduz geroztik erabiltzen da. Termino generiko hau irakaskuntzako hainbat ikuspegiri buruzkoa da eta ama-hizkuntza (H1) ez den hizkuntza bat eduki ez linguistikoa ikasteko eta irakasteko erabiltzen da eta, aldi berean, hizkuntza bera ikasteko. Are gehiago, hezkuntza sistemetan hori ezartzearen xederik nagusienetakoa atzerriko hizkuntza hobeto ikastea da; atzerriko hizkuntzen ohiko irakaskuntza forman oinarritzen da eta ez da eraginkorra; atzerriko hizkuntza hori adin txikietan sartzeak ere ez ditu nahi ziren emaitzak eman.

Jon Ander Merino ikertzaileak edukien eta atzerriko hizkuntzen ikasketa integratuaren eragina neurtu du urtebetez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) ingelesa atzerriko hizkuntza bezala eta euskara eta gaztelania ikasteko.  Horretarako, 393 partaide ebaluatu zituen bi fasetan, denak DBHko lehenengo zikloko ikasleak ziren eta EAE, Kantabria eta Errioxako erkidegoetakoak; AICLE gabe eta AICLErekin ebaluatu zituen asteko saio kopuru txikiagoa (AICLE-) eta handiagoan (AICLE+).

Ingelesaren azterketetan ikusi zenez, hasierako emaitzak handiagoak ziren AICLE zuten ikasleentzat ebaluatutako lau gaitasunetan (irakurtzeko eta entzuteko ulermena, eta idatzizko eta ahozko ekoizpena) eta euskaran eta gazteleran ebaluatutako gaitasunetan (ulermena eta idatzizko ekoizpena). Azterketa longitudinalak erakutsi zuenez, ingelesak atzerriko hizkuntza bezala antzeko eboluzioa zuen AICLE ez zutenen eta AICLE- zutenen artean, nahiz eta handiagoa izan AICLE+ zuten ikasleengan; beraz, ingelesa atzerriko hizkuntza bezala ikasteko AICLEren asteko ordu kopurua garrantzitsua da. Euskararen eboluzioa antzekoa izan zen AICLE zutenen eta ez zutenen artean eta gaztelaniari dagokionez, talde barneko aldeak ikusi ziren hizkuntza hau curriculumean gehiago ikusten dutenen ikasleen alde, baina alde horiek soilik idatzizko ekoizpenetan ikusi ziren.

Tesian beste aldagai batzuk ere kontrolatu ziren: sexua, maila sozio-kulturala eta ez ahozko inteligentzia. Sexuaren eta maila sozio-kulturalaren araberako aldeak antzekoak izan ziren AICLE zuten eta ez zuten taldeen artean. Era berean, ez zen gizonezkoen eta emakumeen artean alderik hauteman ingelesa atzerriko hizkuntza bezala ikasteko AICLEk duen eraginean. Maila sozio-kulturalaren arabera AICLEk duen eraginak ondorio gutxiago ateratzeko emaitzak eskaini zituen, nahiz eta maila sozio-kultural desberdinen eboluzioa antzekoa izan AICLE+ eta AICLE gabeko taldeetan eta AICLE- taldean maila sozio-kultural baxueneko ikasleen eboluzioa txikiagoa izan. Ez ahozko inteligentziari dagokionez, ez zen alderik hauteman ingelesa atzerriko hizkuntza bezala ikasterakoan, AICLE duten ikasleetan aldagai honen arabera. Baina AICLE gabeko taldean, ordea, aurrerapen txikiagoa ikusi zen inteligentzia maila txikiagoko ikasleen artean, maila altuagokoen artean baino.

Azkenik, lortutako emaitzen ondoriozko inplikazio pedagogiko batzuk aurkeztu dira lan honetan; adibidez, AICLE saio kopurua esanguratsua izan daitekeela ingelesa atzerriko hizkuntza bezala ikasteko. Era berean, azterketa honi esker erakutsi da AICLE ez dela EAEko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko inolako eragin negatiboa, nahiz eta geroago beste ikerketa batzuk egitea ere ezinbestekoa izan, AICLE salbuespena baita oraindik hezkuntzako sistema publikoetan.