euskaraespañol

Ingurugiroa eta Itsas Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren 8. edizioa abian da

20 herrialdetako 35 ikaslek kutsadura, ozeanoen osasuna, klima aldaketa, arrantza tokiak eta itsas-bioteknologia aztertuko dituzte, besteak beste

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/04

Irudia

Ingurugiroa eta Itsas Baliabideak (Erasmus Mundus) Masterraren 8. edizioa inauguratu da Donostiako Aquariumean. Masterra UPV/EHUn martxan jarriko da, Research in Marine Environment and Resources (RiMER 2014) graduondoko nazioarteko ikastaroaren lehen moduluaren eskutik. Otsailaren 7an amaituko den ikastaro hau, UPV/EHUk, AZTI-Tecnaliak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak antolatu dute eta nazioarte mailako zientzialariak arituko dira irakasle lanetan. Ekitaldian parte hartu dute: Vicente Zaragueta, Donostiako Aquariumeko lehendakaria, Adolfo Uriarte, AZTI-Tecnaliako estrategia zuzendaria, Thierry Correge, Bordeleko Unibertsitateko Paleoingurumenak Sailburua, Manu Soto, UPV/EHUko MER masterraren arduraduna, eta Ionan Marigomez, MER Mundus Masterraren Nazioateko koordinatzailea eta PIEko zuzendaria.

RiMER 2014 ikastaroan parte hartuko duten 35 ikasleak Asia, Amerika, Afrika eta Europako herrialde desberdinetatik datoz. Bost egun iraungo dituen ikastaroaren lehen modulu honetan, mundu osoko 30 zientzialarik eta ikertzailek hainbat gairi buruzko interesa suspertuko dute ikasleengan: alga kaltegarriak, espezie inbaditzaileak, klima aldaketa, arrantzarako teknologia, arrantza baliabideak eta itsas- biodibertsitatea.

Gai hauek RiMER 2014 ikastaroaren bigarren modulukoekin osatuko dira. Bigarren modulua Plentziako Itsas Estazioan (PIE-UPV/EHU) burutuko da ekainaren 23tik 27ra bitartean, UPV/EHUk koordinatuta Ingurugiroa eta Itsas Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren (www.merconsortium.eu) egoitza den UPV/EHUko zentro honek emango duen egitarauaren bigarren seihilekoaren azken ekimen bezala. Bigarren modulu honetan, honako gai hauek aztertuko dituzte: kostaldearen kudeaketa, ozeanoen osasuna, biobankoak eta itsas-bioteknologia eta hazkunde "urdina". Gai hauek, mundu osotik etorritako beste 27 ikerlarik emango dituzte.

Erasmus Mundus Masterra Plentziako Itsas Estazioan (PIE-UPV/EHU)

Otsailaren 10etik aurrera, ikasle horietatik 28k -hauen artean 19k Erasmus Mundu beka daukate- ikasketekin jarraituko dute 2015. urte amaieran UPV/EHUk eta Southampton, Bordele eta Liejako unibertsitateek ofizialki onartutako eta Erasmus Mundus europar labela duen Master titulu bateratua eskuratzeko. Irailean hasi zituzten beraien ikasketak Bordelen edo Southampton-en, ozeanografia eta itsas ingurugiroari buruzko heziketaren lehen seihilabetekoa osatuz. Orain, UPV/EHUn jarraituko dute, uztailera bitartean arlo zehatzagoen inguruko prestakuntza jasoz, batez ere arlo biologikoetan, bai Plentziako Itsas Estazioan PIE-UPV/EHU zein Zientzia eta Teknologia Fakultatean  eta AZTI-Teknalian. Hain zuzen ere, Masterraren hirugarren seihilekoan, Southamptonen edo Liejan, espezializazio ikasketak burutzeko prestatuko dira. Ondoren, ikasle bakoitzak ikerketa lan bat egin beharko du 5-6 hilabetetan, munduko edozein lekutan, MER Partzuergoko irakasleen edo mundu osoan zehar bikaintasun aitortua duten ikerlarien ikuskaritzapean.