euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUk Berdintasunerako I. Plana bukatu du aurreikusitako ekintzen %79 abiarazita

II. Plana lantzen ari da eta 2014-2015 ikasturtean martxan jartzean espero da

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/04

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana (2010-2013) bukatu du dokumentu horretan aurreikusitako ekintzen %79 abiarazita, eta horien erdiak oso-osorik garatu dira. Maite Zelaia, UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak adierazi duenez, "emaitzak gogobetekoak izan dira, plan honekin gure Unibertsitateko jarduera guztietako genero perspektibaren ikuspegi integral bat lortu dugulako eta, gainera, aurrerapauso garrantzitsuak, baina ez nahikoak, eman ahal izan ditugulako unibertsitateko jarduera guztietan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren printzipioa txertatzeko".

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako I. Planaren (2010-2013) betearazpen memoria UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak joan zen urtarrilaren 30ean egindako bileran aurkeztu zen. Plan horrek, gainera, jarraipena izango du. Izan ere, dagoeneko II. Plana lantzen ari da eta, bertan, besteak beste, partzialki garatu diren edota oraindik garatu ez diren ekintzak berreskuratuko dira. II. Plan hau, 2014-2015 ikasturtearen hasieran abian jartzea aurreikusten da.

UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako I. Planak esku hartzeko lau eremu finkatu ditu bere helburuak erdiesteko: irakaskuntza, ikerkuntza, gizarteko eta laneko harremanak eta eremu instituzionala. Arlo horietan guztietan, pausoak emango dira, genero-ikuspegia ezagutzaren sorreran eta transmisioan txertatzeko, unibertsitateko jarduera guztietan gizonen eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko eta UPV/EHUk genero-berdintasunaren alde hartutako konpromisoa agerian uzteko.

Lau eremu

Irakaskuntzaren arloan, bai gradu zein graduondoko ikasketetan genero eta feminista ikuspegia areagotzea lortu du Planak. Gaur egun, jakintza-arlo guztietan aurki daitezke genero ikuspegiari buruzko aipamen esplizituak dituzten masterrak. Hala ere, zientzietan, ingeniaritzetan eta arkitekturan ez dago genero ikuspegia bere baitan integratzen duen gradurik. Garapen hau neurtzeko erabili diren erakusleen artean, besteak beste, aipatu ditzakegu, hizkuntzaren erabilera ez sexista eta generoei eta berdintasunari buruzko aipamenak ikasgai-zerrendetan, berdintasunari eta genero ikuspegiari loturiko gaitasunen eta helburuen eransketak, bibliografian berdintasunari edo generoari eginiko erreferentziak, eta baita emakumeek ezagutza sortzearen alde eginiko ekarpenak erakustea ere.

Ikerketaren arloan, Berdintasunerako I. Planak erakutsi du emakumeek ikerketa proiektuetan duten partaidetza (%44,55) langileen artean duten presentzia (%46,08) baino zerbait txikiagoa dela, gizonen kasuan alderantziz gertatzen den bitartean (%55,45eko partaidetza proiektuetan eta %53,92ko presentzia langileen artean). Hala ere, azken urteetan igoera nabarmena nabaritu izan da 40 urtetik beherako emakumeek ikerketa proiektuetan duten partaidetzan eta, ondorioz, epe ertainean kopurua parekatzera heldu daitekeela espero da. Era berean, nabarmendu behar da, 2008tik, emakumeek doktorego tesi gehiago defenditzen dituztela gizonek baino, arlo guztietan ikasketa teknikoetan izan ezik.

Gizarteko eta laneko harremanei dagokienez, ziurtatzeko ez dela existitzen inolako diskriminaziorik, ezta genero indarkeriarik, ezta jazarpenik, ezta gehiegikeri sexistarik, protokolo bat sortu da berdintasunaren aurkako salaketak aztertzeko eta konpontzeko bideak zehazten dituena. Beste alde batetik, ordezkaritza karguei dagozkienez, Dekano eta Zuzendarien artean oraindik gizonak gehiengoa diren arren (%65), egoera orekatu egin da Dekanorde eta Zuzendariordeen (%50) eta Idazkaritza akademikoen (%52 emakumeak eta %48 gizonak) kasuetan. Estatutuen batzordeak ere orekatuta daude generoari dagokionez.

Eta eremu instituzionalean, UPV/EHUren irudi korporatiboa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoaren isla izan dadin, bai unibertsitateko araudian zein ekitaldi publikoetan eta barne eta kanpo komunikazioetan ere hizkuntzaren erabilera ez sexista sustatu da. Unibertsitateak ematen dituen sarien kudeaketarako sistema paritarioa proposatu da eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko biltzarrak eta jardunaldiak antolatzeko eskaintzen diren diru-laguntzak sendotu dira.