euskaraespañol

Ikerketa batek duela 66 milioi urte jazo zen desagerpen handia baino lehenagoko gertaera geologikoen kronologia azaltzen du xehetasunez

Lan honek Boletín Geológico y Minero aldizkari espezializatuan 2013. urtean argitaratutako artikulurik onenaren saria irabazi du

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/12

Irudia
Zumaiako Goi Maastrichtiense arrokak

Geologoek gero eta zehatzago jakin nahi dituzte Lurreko gertaerak, adibidez, mendigune bat eratzeko zenbat denbora behar den, nolako abiadurarekin mugitu diren plaka tektonikoak Lurraren historian, nola eta zergatik aldatzen den Lurraren klima, edo zenbat denbora behar duen gure planetak hondamendietatik sendatzeko, adibidez, duela 66 milioi urte erori zen meteoritoaren ondorioetatik, Lurraren historiako hondamendi biologikorik handienetako bat ekarri zuena, ia dinosauro guztien desagerpena barne (hegaztiak izan ezik), eta Aro Kretazeoari amaiera zakarra eman ziona.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen ikerketa batek 2013ko argitalpen onenaren saria jaso du Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren Boletín Geológico y Minero aldizkari espezializatuan. Ikerlanak Korrelazio xehea eta kontrol orbitala Euskal Arroko Goi Maastrichtiense segidan du izena eta Aro Kretazeoaren azken hiru milioi urteei buruzkoa da. Hartara, lan horrek xehetasun handiz azaltzen ditu duela 66 milioi urte jazo ziren gertaera magnetiko, klimatiko eta biologikoak.

Gertaera geologikoen kronologia absolutua finkatzeko metodo tradizionala metodo erradiometrikoen bidezko datatzea izan da, isotopo erradioaktiboen deskonposizioan oinarrituta. Metodo hori, ordea, horrelako isotopoak dauzkaten tarteetan bakarrik aplikatu ahal da. Beraz, horrelakorik ez daukaten zonetako adinak interpolazioz soilik kalkulatu ahal dira.

Saritutako lanaren izenburuak azaltzen duenez, ikerketa talde horrek aplikatutako metodoak beste printzipio bat du oinarri, orbita-kontrola deritzona, hau da, Lurraren, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Eguzki Sistemako planeten (batez ere Jupiterren) arteko elkarreragina aztertzen dituena. Elkarreragin horiek Lurraren orbitan aldaketak eragiten dituzte aldiro, Milankovitch-en zikloak deritzenak (aldaketak frogatu zituen serbiar astrofisikariaren omenez). Horrela, badakigu Lurraren orbita ehun mila eta laurehun mila urteko tarteetan aldatzen dela, Lurraren ardatzaren makurdura berrogei mila urtero, eta ardatz horrek eguzkiarekin duen orientazioa hogei mila urtero, gutxi gorabehera.

"Frogatuta dago orbitaren aldaketa horiek nolabaiteko eragina daukatela Lurraren kliman, batez ere planetak jasotzen duen eguzki-erradiazioa aldatzen delako. Lurraren orbitaren aldaketek, adibidez, Kuaternarioko  aldi glaziarren iraupena kontrolatu dute (duela 2,6 milioi urtetik gaur arte)", zehaztu du Victoriano Pujaltek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia katedradun eta lanaren egileetako bat denak.

Sopela, Zumaia eta Hendaia
Saritutako ikerketan, ziklo astronomiko horiek aztertutako geruzen sedimentazioan sortzen dituzten efektuak bilatu dira: geruzok flysch motako segida bat dira (sedimentu jatorria daukaten arroka-serieak, arroka gogorren, karezkoen, geruzak eta bigunagoen, tuparrien, geruzak txandakatuz eratzen dena), sakoneko itsas arroan pilatua (Euskal Arroan) duela 69 eta 66 milioi urte artean, gaur egun Sopela, Zumaia eta Hendaiako amildegietan azaleratzen dena. "Fourierren analisiaren" bidez (funtzio periodikoak analizatzeko tresna matematikoa) 400.000, 100.000 eta 20.000 urteko zikloak identifikatu dira. Ziklo horiek "tuparri geruza baten eta kareharrizko geruza baten txandaketak" mugatzen ditu, "pareak" deritzenak. Horrelako 125 ezagutu eta zenbakitu dira. Horrela, hogei mila urteko tarteetan sortutako segiden geruzen adinak kalkulatu dira. "Gizakien eskalan hogei mila urte denbora luzea izan daiteke. Eskala geologikoan, ordea, zehaztasun itzela da", esan du Pujaltek.

Geologia "zientzia historikoa" da eta, horregatik, gertaeren kronologia hobeto zehazten duen edozein aurrerapen esanguratsua da. "Horixe izan da gure lanaren helburua: gutxi gorabehera Aro Kretazeoaren azken hiru milioi urteen kronologia finkatzea. Horrela, etorkizunean egiten diren ikerketetan, denbora-tarte horretako fenomeno geologiko eta ozeanografikoak zehaztasunez ezagutu ahalko dira", aurreratu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedradunak.

Saritutako artikulua, Detailed correlation and astronomical forcing within the Upper Maastrichtian succesion in the Basque Basin (Korrelazio xehea eta kontrol orbitala Euskal Arroko Goi Maastrichtiense segidan), nazioarteko lantalde batek egin du. Hauek dira taldeko kideak: Jaume Dinarès-Turell  (Zientzia Geologikoetako doktorea Bartzelonako Unibertsitatean eta ikerlari seniorra Erromako Istituto Nazionale di Geofisica e Vulcanologian); Victoriano Pujalte (UPV/EHUko katedraduna, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean); Kristalina Stoykova (katedraduna, eta Bulgariako Institutu Geologikoko Paleontologia, Estratigrafia eta Sedimentologia saileko burua) eta Javier Elorza (UPV/EHUko katedraduna, Mineralogia eta Petrologia Saila).