euskaraespañol

Ekuadorreko urre-meatzeek ingurumenean duten eragina neurtzen lagunduko du UPV/EHUk

Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordeak eta Aitor Urbina PUCESEko errektoreordeak ekimenaren lehen bilera presiditu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/14

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak garapenerako lankidetzarako proiektu bat jarri du martxan Pontificia Universidad Católica del Ecuador sede Esmeraldas (PUCESE) unibertsitatearekin batera, Ekuadorreko Esmeraldas eskualdearen iparraldeko ibaietan dauden urre-meatzeek ingurumenean duten eragina neurtzeko asmoz. Geopolitikaren ikuspuntutik, oso gune kaltebera bat da honako hau, Kolonbiarekin muga dauka eta. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak burutuko duen proiektu hau PUCESEko Ingurumen Kudeaketaren Ingeniaritza Ikastegian burutuko da.

Ostiralean, martxoak 14, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, ekimen honen baitan burutzen den lehen koordinazio bilera ospatu da, eta bertan parte izan dira Aitor Urbina, PUCESEko errektoreordea, Fernando Plazaola, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea, Esther Dominguez, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa, Maribel Arriortua, Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako zuzendaria, eta proiektuan parte hartuko duten unibertsitate bietako ordezkariak.

Unibertsitateko Garapen Lankidetza proiektu honen zuzendaria Daniel Zuazagoitia UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko irakaslea da, eta ekimenean parte hartuko dute Naiara Goienaga Zientzia eta Teknologia Fakultateko doktoregaiak, Joserra Diez Gasteizko Irakasleen Eskolako irakasleak, Unai Villalba Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasleak eta Luis Javier Bartolomé Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako teknikariak.

Ekuadorreko Esmeraldas eskualdeko urre-meatzeek, bai legezkoek zein legez kanpokoek, eragin handia dute ingurumenean, batez ere ibaibideen morfologia aldatzen dutelako eta ateratze prozesuetan erabiltzen diren merkurioa bezalako metal astunek urak kutsatzen dituztelako. Zuazagoitiak adierazi duenez, "ingurune hori nekazaritzan oinarrituta dauden kantoiez osatuta dago, errealitate sozial oso konplexua dutenak, bai pobrezia maila handiak dituztelako zein beraien etno-biodibertsitateagatik ere". "Ingurune honen ezaugarri ekologiko garrantzitsuenetako bat da -jarraitzen du Zuazagoitiak- bere ibai eta ibaiadarretan arteria ugari daudela eta, izaera nabigagarria dutenez, ingurune horretako herri eta nazionalitate desberdinetako nekazal-elkarteek ardatz artikular bezala erabiliak izan direla".

Unibertsitateko Garapen Lankidetza proiektu honen bidez, UPV/EHUk deskatalogatuta duen eta lan honetarako baliagarria den ekipamendu zientifikoa jasoko du PUCESEk eta, gainera, ibaietako metal astunak (toxikoak) aztertzeko material berria ere eskuratuko du. Era berean, Euskadiko irakasle talde bat Ekuadorrera joango da hango irakasle eta ikertzaileei ikastaro teoriko-praktikoak eskaintzeko ibai-ekologiaren diagnosiaren eta hidrologia plangintzaren gaineko teknika aurreratuei buruz. Eta, azkenik, PUCESEko ikerlari batek prestakuntza aurreratua jasoko du UPV/EHUko laborategietan Esmeraldas eskualdeko iparraldean jasotako laginen analisiaren bidez azken ikerketa osatzeko.

Proiektu honek 15.000 euroko laguntza jaso du UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordetzak Unibertsitateko Garapen Lankidetza proiektuak laguntzeko ematen dituen diru-laguntza programatik.