euskaraespañol

Haize-sorgailu txikien eraginkortasuna hobetzen duen algoritmo berria

UPV/EHUn eta Tecnalian egindako ikerketa Renewable Energy aldizkarian argitaratu da

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/18

Algoritmo berria guztiz frogatzeko erabiliko den haize-sorgailuaren prototipoa
Algoritmo berria guztiz frogatzeko erabiliko den haize-sorgailuaren prototipoa

Azken urteotan izugarri ari da garatzen energia minieolikoa.Haize-energiaren munduko erakundearen (WWEA) arabera, aurreikuspenak oso onak badira ere, industria minieolikoaren garapenak ez du oraindik industria eolikoaren maila lortu. Horren arrazoi nagusienetako bat da haize-sorgailu txikiek eraginkortasun baxuak dituztela. Arazo horri aurre egiteko, haize-sorgailuen kontrol-sistema hobetzeko algoritmo moldagarri berri bat garatzea izan da UPV/EHUko APERT (Applied Electronics Research Team) ikerketa-taldearen ikerketaren muina. Izan ere, sorgailu horien kontrolean egiten diren hobekuntzek horien eraginkortasuna handitzen lagunduko dute. Ikerketa Renewable Energy aldizkarian argitaratu da.

Haize-sorgailu txikiak oro har haize-baldintzak kaskarragoak diren eremuetan kokatzen dira. "Gaur egungo haize-sorgailuen kontrol-sistemak ez dira moldagarriak; alegia, algoritmoek ez dute ahalmenik ingurunean gertatzen diren egoera berrietara egokitzeko edo moldatzeko" adierazi du Iñigo Kortabarria UPV/EHUko APERT ikerketa-taldeko ikertzaileak. Horrenbestez, "ikerketaren helburua izan da egoera berri horietara edota haize-sorgailuan gerta daitezkeen aldaketetara egokitzen den algoritmo berri bat garatzea" gehitu du Kortabarriak. Modu horretan, haize-sorgailuaren eraginkortasuna handitzea lortu dute ikertzaileek.

Izan ere, haizearen abiadurak eta haize-sorgailuarenak erlazio zuzen bat izan behar dute azken hori eraginkorra izateko. Nolabait esateko, bikote bat dantzan ari denean, bikotekide bien erritmoak zenbat eta sinkronizatuago egon, orduan eta erosoagoa eta eraginkorragoa da dantza, eta hori nabaritu egiten da, bi aldeentzat energia-gastua txikiena delako. Algoritmoak haize-sorgailua aldaketa ezberdinetara nola egokitu behar duen finkatzen du, beste modu batera esanda. Hori da, bada, UPV/EHUko ikertzaileek landu dutena, haize-sorgailuak berak haizearen abiadurara egokitzeko jasoko duen prozesuaren agindu-multzoa edo algoritmoa.

"Algoritmo berri hori inguruneko baldintzetara egokitzen da, eta horrez gain, mardula da, hau da, ez da noraezean aritzen. Izan ere, algoritmoek izan dezaketen arriskua da, ezaugarri berrietara ondo ez moldatzea, eta gainera kasurik okerrenean, haize-sorgailua baldintza eskasetan lan egitera bideratzea, haize-sorgailuaren eraginkortasuna txikituz" azaldu du.

Eraginkortasuna helburu
Industria minieolikoaren kezka nagusienetako bat eraginkortasuna da. Kontuan izan behar da, haize-sorgailu txikiak, oro har, haize-baldintza kaskarragoak diren zonaldetan kokatzen direla, haize-sorgailu handiekin alderatuz gero. Handiak kostaldean edota zonalde menditsuetan jarri ohi dira; txikiak, berriz, haizea oso aldakorra den eremuetan. Horrez gain, industria minieolikoak ikerketarako baliabide oso gutxi ditu eta maiz ez dira haize-sorgailu horien ezaugarri aerodinamikoak ezagutzen. Ezaugarri horiek guztiek asko zailtzen dute potentzia maximoaren puntuaren jarraipena (Maximum Power Tracking, MPPT) era optimoan egitea. "Haizearen eta haize-errotaren abiaduraren arteko erlazioak zuzena behar du izan, potentzia maximoaren puntuaren jarraipena egokia izan dadin. Garrantzitsua da hori era optimoan egitea. Izan ere, aitzitik, ez da energia modu eraginkorrean lortzen" azaldu du Iñigo Kortabarriak.

Gaur egungo algoritmo gehienak ez dira probatu haize-sorgailu txikiak instalatzen diren ohiko lekuen haizearen ezaugarriekin. Horrenbestez, entsegu-banku bat diseinatu dute UPV/EHUko ikertzaileek etahaize-sorgailu baten bizitzan eman daitezkeen baldintza esanguratsuenetan probatu dituzte gaur egun erabiltzen diren algoritmoak zein ikerketa honetan garatutako algoritmo berria. "Gaur egungo algoritmoak ezin dira ezaugarri berrietara moldatu, eta ondorioz, sorgailuaren eraginkortasuna nabarmen jaisten da, esaterako, haizearen dentsitatea aldatzean"dio Kortabarriak.

"Egin diren entsegu esperimentalek argi erakutsi dute operazio baldintza aldakorretan algoritmo berriak duen moldaketa-ahalmenak haize-sorgailuaren eraginkortasun energetikoa hobetzen duela" adierazi du Kortabarriak. "Algoritmo berriak erakutsi du, egoera aldakorretan, benetan haize-sorgailu batek izango dituen egoeratan hain zuzen, algoritmo berria eraginkorragoa dela egun erabiltzen direnak baino" azpimarratu du.

APERT Ikerketa-taldea
Elektronikan Oinarritutako Ikerketa-taldea (APERT, Applied Electronics Research Team) Teknologia Elektronikoa saileko Teknologia Elektronikoa alorreko irakasleek eta ikertzaileek osatzen dute. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan aritzen dira guztiak. Bi ikerketa-arlo nagusi dituzte. Batetik, zirkuitu birkonfiguragarrien eta System-on-Chip-en ikerketa-arloa, eta bestetik, energia bihurgailuentzako kontrol- eta potentzia-zirkuituen arloa. Lehenengo ikerketa-arloan integrazio eta birkonfigurazio ahalmen handiko FPGA berriak erabiltzen dituzte sistema digital integratu batean eraikitzeko. Gainera, ildo horretan lortutako aurrerapenak APERT taldeko beste ikerketa arloetan agertzen diren beharretan erabiltzen dituzte. Bigarren ikerketa-arloa, berriz, batetik energia elektrikoaren sorkuntzan, bihurketan eta metaketan erabiltzen diren potentzia sistema elektronikoen diseinu eta ikerketan datza, eta bestetik, sistema horiek energia-iturri berriztagarrietan aplikatzean. Gainera, ikerketa-arlo hori APERT taldeak Tecnalia Research&Innovation Fundazioarekin izan duen elkarlan-akordio batek babestu du.

Erreferentzia bibliografikoa:

I.Kortabarria, J. Andreu, I. Martínez de Alegría, J. Jiménez, J.I. Gárate, E. Robles. A novel adaptative maximum power point tracking algorithm for small windturbines. Renewable Energy. Volume 63, March 2014, Pages 785-796

http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0960148113005673