euskaraespañol

Helena Diasek eta Aitor Larrañagak irabazi dute UPV/EHUko Argazki Zientifikoen V. Lehiaketa

"Peligro de los océanos" Bizitzaren Zientzien arloan eta "Abrazo regenerativo" Materialen Teknologia eta Zientzietakoan izan dira sarituak

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/21

Irudia

Helena Dias Daviden "Peligro de los océanos" eta Aitor Larrañaga Esparteroren "Abrazo regenerativo" argazkiak izan dira UPV/EHUko Ikerketako Zerbitzu Orokorrak (SGIker) antolatutako Argazki Zientifikoen V. Lehiaketako irabazleak. Ikerketaren arloko errektoreorde Fernando Plazaolak, Ikerketako Zerbitzu Orokorren zuzendari Maribel Arriortuak, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologiako irakasle Juan Aréchagak eman dituzte bi sariak (iPad Mini tableta bana) gaur, ostirala, Leioako campuseko I Ikasgelategiko Batzar Aretoan burututako ekitaldian.

Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Helena Dias ikerlariaren "Peligro de los océanos" irudia Bizitzaren Zientzien atalean nagusitu da. Mikroskopia fokukidearen bidez hartutako argazkia da eta Ostreopsis generoko zelula txikiak erakusten ditu. Hauek itsasoan bizi diren mikroalgak dira eta gizakiaren osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen toxinak sortzeko gaitasuna dute kantitate handietan ugaltzen direnean.

Materialen Zientzia eta Teknologiaren atalean, berriz, Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko ikerlaria den Aitor Larrañagak hartutako "Abrazo regenerativo" irudiak irabazi du. Mikroskopio eskaneatzaile elektroniko (SEM) baten bidez hartutako argazkia da eta, bertan, 3 mikrako hainbat zuntz polimeriko biodegradagarrien lotura ikusi daiteke. Lotura horrek, minduta dauden giza ehun eta organoen birsorkuntza ahalbidetuko du.

UPV/EHUko Argazki Zientifikoen V. Lehiaketa honetara, mikroskopia optiko, elektroniko edo nano-mikroskopiaren bidez egindako 61 irudi aurkeztu dituzte 37 ikerlarik. Guzti horietatik, %69 Bizitzaren Zientzien Arlokoak dira.

Fernando Plazaola ikerketako errektoreordea presidente izan duen eta zientzia-arloetako adituekin osaturik egon den epaimahaiak, aurkeztutako lanen kalitate ona azpimarratu nahi izan du. Eta horien artean, bi argazki irabazleak nabarmendu nahi izan dituzte, "irudiek duten inpaktu bisuala, zailtasun teknikoa, emaitza zientifikoa, originaltasuna eta estilo didaktikoagatik".