euskaraespañol

Erizaintza Geriatrikoko Espainiako Sozietatearen XXI. Biltzar Nazionala abian da

Osasuneko 350 profesionaletik gora batzartuko dira Gipuzkoako Campusean

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/07

Irudia

'Zahartzearen abentura' goiburuarekin, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroan, Donostian, ofizialki inauguratu dira Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietatearen (SEEGG) XXI. Biltzar Nazionala eta Laguntzaile, Gerokultore eta Zaintzailen VI. Jardunaldiak. Bi ekitaldi horiek SEEGGak eta UPV/EHUko Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak antolatu dituzte, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialarekin eta Matia Fundazioarekin lankidetzan.

Inaugurazio ofizialean Ana Arrieta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Ander Rodríguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak, Josu Ruiz Donostiako Udaleko zinegotzi eskuordeak eta Fernando Martínez SEEGGeko presidenteak parte hartu dute.

Ana Arrieta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak zahartze aktiboaren kontzeptua azpimarratu du. Kontzeptua orain dela hamar urte asmatu zen, eta Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen eta printzipioen aitorpenean du oinarria, "independentzia, parte hartzea, duintasuna, autoerrealizazioa" eta antzeko kontzeptuekin. Arrietak zahartzea "politiketan funtsezko kontzeptu gisa" eranstearen aldeko apustua egin du eta azpimarratu du "horretarako, prestatutako erizainak" behar direla.

Jon Darpón Osasun sailburuak gogora ekarri du Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleriaren %19,8a 65 urtetik gorakoa dela eta azpimarratu du "ingurune berri bat daukagula eta horretara egokitu beharra daukagula, osasun zerbitzu ona eskainiko badugu". Ildo horretan gogoratu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak adineko pertsonei buruzko kapitulu bat daukala. "Oso une garrantzitsua bizitzen ari gara, ekonomikoki oso zaila sektore publikoarentzat", esan du, "baina Euskadin gure helburua sistemaren unibertsaltasuna mantentzea da, osasuna eskubide unibertsala dela uste dugulako, eta ez kotizazioaren ondorio bat. Osasuneko zerbitzuak eta gizarte eta osasuneko zerbitzuak indartu beharra dago", erantsi du.

Jon Darpónek gaineratu du ingurune honetan erizaintzako profesionalek, hau da "osasun sistemako kolektiborik handienak", paper garrantzitsua jokatzen dutela. "Erizaintzako profesionalak ahalik eta hoberen aprobetxatu behar ditugu, dauzkaten prestakuntza eta jakintzagatik, eta sistema izugarri hobetuko duzuelako. Zuen eginkizuna oinarrizkoa da eta garrantzi berezia dauka adineko pertsonentzako arretan, bizi-kalitate hobea emateko. Hori, zalantzarik gabe, erronka bat da osasuneko langile guztientzat eta gizarte zerbitzu guztientzat", esan du amaitzeko.

Bestalde, Ander Rodríguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu du "guretzat biztanleriaren zahartzea ez dela arazoa, erronka baino". "Gure gizarteko adineko pertsonen tasa handia beste faktore batzuekin (jaiotza-tasaren beherakada, arretaren premia berriak, Gizarte Segurantzako kotizatzaileen urritzea etab) bateratu behar dugu, modu iraunkorrean. Abentura demografiko eta ekonomiko sakona daukagu aurrean", esan du. Diputatuak, amaitzeko, erizainak animatu ditu "gizateria deritzogun horren aitzindariak izaten jarrai dezazuen. Ur nahasietan nabigatzen dakiten profesionalak behar ditugu".

Josu Ruiz Donostiako Udaleko zinegotziak azpimarratu du Donostia zahartzaroarekin sentsibilizatutako hiria dela, eta eskatu du erakundeetatik "laguntza zerbitzuen sare bat sor dezagula, adineko pertsona guztiengana iristen dena". Zentzu horretan gogoratu du udalak joan den udan parte hartze prozesu bat abiatu zuela, oraindik ere irekita dagoena, "adineko pertsonen eguneroko bizitza hobetzen duten jarduketa ildoak definitzeko".


Bestalde, Fernando Martínez Cuervo SEEGGeko presidenteak gogora ekarri du bere sozietateak adinekoei arreta emateko berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustu egiten segitzen duela, eta Donostian ospatu den biltzarraren diziplina askotako izaera nabarmendu du. "Biltzar berritzailea eta irekia da eta ospe handiko profesionalak ditu", esan du.


Egitarau bete-betea

Biltzarraren bi egunetan, apirilaren 3an eta 4an, osoko bilkurak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailer bereziak egingo dira. Horrela, gaurko jardunaldian, SEEGGen biltzarrean ondoko gai hauei buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira: "Zahartze kontzientea: Zoriontasunerako klabe bat", "Zaintzen ikuspegi globala eta jarraipena", "Ariketa fisikoak ahultasunean eta gaitasun funtzionalean duen eragina", "Adineko pertsonen zaintzetako segurtasuna", "Bizitzako esperientziak" eta "Pertsona erdigune duen arreta eredua".

Bigarren jardunaldian hainbat gai aztertuko dira, besteak beste, gizarte eta osasun koordinazioa, eta egoera psikologiko konplexuak bizitzaren amaieran dauden gaixoen eta beraien senideen kasuan, esate baterako.

SEEGGari buruz: Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoko Espainiako Sozietatea 1987an eratu zen sozietate gisa. Zenbait jarduera egiten ditu, besteak beste biltzar nazionalak eta zaintzaileentzako jardunaldiak, urtero. Helburua bere eremuan erizaintza geriatriko eta gerontologikoari lotutako guztia sustatzea eta defendatzea da, arlo guztietan: deontologia, etika, legea, duintasuna, prestigio tekniko, kultural eta zientifikoa, eta ikerkuntza. //