euskaraespañol

UPV/EHUk bat egin du gaur CRUEk plazaratuko duen adierazpenarekin

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak (CRUE) adierazpen instituzional bat onartu du, estatuko gobernuari eskatzeko bertan behera utz ditzala aurrekontu murrizpenak unibertsitateari dagokionez

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/30

Estatuko unibertsitate guztiak ados jarri dira gaur 12:00etan argitaratzeko CRUEren Batzorde Iraunkorrak onartutako adierazpen instituzionala. Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du dokumentuarekin, eta harekiko atxikimendua adierazi gura du erakundeen, hedabideen eta gizartearen aurrean. Hori dela eta, dokumentuaren edukia zabaltzeko konpromisoa ere hartzen du.

Espainiako unibertsitateetako errektoreek eskatu dute salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko ikasketetan, irakaskuntzan eta ikerketan

Bi urte bete dira onartu zenetik 14/2012 Legegintzako Lege Dekretua, "gastu publikoa hezkuntzan arrazionalizatzeko premiazko neurriei" buruzkoa. Arau horrek Unibertsitateen Lege Organikoa aldatu zuen, eta eragina izan zuen zenbait arlo minberatan, hala nola prezio publikoetan eta irakaskuntzaren antolaketan. Gerora etorri diren aurrekontu arauek eragina izan dute ordainsarietan, langileen eskubideetan eta enplegatu publiko guztien itxaropen profesionaletan, eta, hortaz, baita unibertsitateko langileenetan ere.

Bekei buruzko errege dekretuek beken izaera aldatu dute: eskubide izatetik lehia bidezko laguntza izatera pasatu dira. Eskakizun akademikoak ere gogortu egin dira, eta beken premia handiena daukatenak ari dira hori pairatzen. Era berean, Erasmus laguntzak esleitzeko irizpideak ere gogortu dira azken bi urteotan.

Ikerketaren arloan, aurrekontua gutxitzeak eta Espainiako Gobernua eta zenbait erkidegotako gobernuak aplikatzen ari diren deialdien hurrenkerak murrizpen efektibo handia ekarri dute. Horrek atzera bueltarik gabeko ondorioak izan ditu ikertalde askorentzat. Inbertsiotzat hartu beharrean, I+G+B gastutzat hartzen da, herrialde aurreratuagoen politikatik guztiz bestela.

Errektoreoi bereziki mingarriak eta justifikatzen nekezak iruditzen zaizkigu gazteei eragiten dieten neurriak, hain zuzen ere oso eragin ekonomiko txikia daukatelako. Graduen prezio publikoen igoerak, eta, haien oso gainetik, masterren prezioenak, baldintzatu egiten ditu gure gazteen prestakuntza aukerak, enpleguaren egoera bereziki zaila den garai honetan. Gainera, itxita daukate lanbide akademikorako sarrera, alde batera utzita ordezte tasa betiere eskasegiek utzitako zirrikituak.  Horrek, bestalde, urritu egiten ditu irakasleen itxaropen profesionalak karrera akademikoan, eta higatu egiten du irakaskuntzaren eta ikerketaren etengabeko hobekuntzarako motibazioa. Arauek ezarritako mugen erruz, irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillak figura prekarioez eta bitarteko figurez bete dira -horietako batzuk gobernuak berak errekurrituak-, unibertsitatearen jardunerako desegokiak direnak, irakaskuntza izan, ikerketa izan nahiz kudeaketa izan.

14/2012 EDan esaten zenez, neurri horiek salbuespenezkoak ziren, eta uneko egoera ekonomikoari zor zitzaizkion. Orain, baina, Espainiako ekonomia hoberako bidean dagoela entzuten ari gara; hortaz, errektoreok eskatzen dugu bertan behera utz daitezela zentzuzko aurrezpenetik eta kudeaketa eraginkor eta zorrotzetik harago doazen salbuespenezko neurriak, kasuan zehazten diren aurrekontu irizpideen barruan.

Unibertsitateetako matrikularen prezioak zentzuzkoak eta ordaintzeko modukoak izan behar dira prestakuntzaren maila guztietan. Bekak eta laguntzak ekitatearen berme izan behar dira berriro, dagokien bezala.  Unibertsitateek autonomia  izan behar dute berriz ere irakaskuntza eta ikerketa kudeatzeko. Modua izan behar dute beren plantillak modu antolatuan eratzeko, beren benetako egoerarekin eta plangintza estrategikoarekin bat datozen berritze eta promozio formulen arabera. Ikerketa eta berrikuntza sustatu behar dira ostera ere, hazkundearen bidera itzul gaitezen, jakintzan eta espezializazio zentzuzko eta jasangarrian oinarritutako hazkundera, talentu galera eragotziz eta emandako prestakuntzari onura ateraz.

Espainiako unibertsitatea, Europako unibertsitate guztiak legez, egokitu egin behar da errealitate sozial eta ekonomikora, eta, hortaz, modernizatu egin behar ditu bere egiturak eta funtzionamendua.  Horretarako, beharrezkoa da adostasun sozial eta politiko zabala bilatzea, eta ibilbide horren abiapuntua, nahitaez, bizitza akademikoaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren normaltasuna berreskuratzea izan behar da. Helburuok lortzeko denok gara beharrezko: gizarte eragileak, gobernua, autonomia erkidegoak eta unibertsitateak. Lortu egin behar dugu, Espainiako gizartearen mesedetan.