euskaraespañol

Bilbao Art District-en "Arteen Asteburua" ekimenean hartuko du parte UPV/EHUk

Noiz eta non

Noiztik: 2014/05/02 Noiz arte: 2015/01/21

Irudia

Deskribapena

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak era aktiboan parte hartuko du "Arteen Asteburua" jaialdiaren bigarren edizioan. Maiatzaren 2an eta 3an Bizkaiko hiriburuan burutuko den ekimen hau hainbat galeria, museo eta erakundek osatzen duten Bilbao Art District plataformak antolatu du. Plataforma horretako partaidea da, baita ere, Kulturbasque, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Kultur Gestiorako bulegoa.

Arte Ederren Fakultateko ikasleek zortzi performance eta esku-hartze burutuko dituzte Bilboko hainbat kaletan bi egunetan zehar. Era berean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoaren eraikinak ere protagonismo berezia izango du.

Proiektu guztiak ostiralean eta larunbatean, maiatzak 2 eta 3, burutuko dira Bilboko toki desberdinetan, eta honakoak izango dira:

"Street art", Arte Ederren Fakultateko ikasleek Bilboko kaleetan zehar egingo dituzten esku-hartzeak:

  • "Txorrota", Manuel Ramis. Proiektua hiri-espazioaren eta eremu objektualaren arteko esperimentazioa da. Txorrota, gizakiaren eraginez, jariakortasun espiritual eta lurtarra kontrolatzea baimentzen duen giltza da.
  • "Coordenadas", Maite Leyun. Mugak, lekuak, auzoak, zonak, barrutiak... Nola antolatzen da eta nola eraikitzen da gure hiria? Proiektu hau, Bilbao Art District-en barruan aldi baterako eremu bat mugatzen saiatzen da. Coordenadas-ek airean muga bat irudikatzen du.
  • "Tejiendo el cordel", Amaia del Amo eta Raffaella Regina. Ehuntzen dugu eta hari soila jartzen dugu. Ibilbide bat. Apalki pertsonak gure kultura ehuntzen joan diren bezala. Guztien artea gaur egun arte ehundu den bezala.
  • "Banca", Ana Villaseñor. Bilboko kale, enparantza eta lorategi ezberdinetako banku publikoetan, pertsona nagusiekin izandako elkarrizketetatik ateratako esaldiekin egindako esku-hartzea.

"Lo que reluce", Manuel Casellasen esku-hartzea, Deustuko zubiko etxolan. Proposamenak Yves Michaud-ek "Gas-egoerako artea" deitutako entseguan deskribatutakoari buruz jardungo du. Hau da: artearen lurrunketaren eta gaur egungo estetikaren garaipenaren inguruan. Edertasunaren garaipenak edukirik gabeko testuinguru bat uzten du, inguratzen gaituen guztia luxu handiko dekoratu bat izango balitz bezala.

Esku-hartze artistikoa Bizkaia Aretoan, Chimpancés con tutú taldearen eskutik. Hiriko eraikin adierazgarrienen konbinazioa eta UPV/EHUren diziplina desberdinekin batera skyline bat irudikatuko da Bizkaia Aretoaren beiratean.

"All Iron", Mar de Dios eta Miguel Puertasen erakusketa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zabaldegian.

Gainera, ostiralean, maiatzak 2, 17:30etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, solasaldi bat burutuko da "Origen, identidad y globalización en el arte" izenburupean. Parte hartzaileak Gerardo Mosquera komisarioa, Juana de Aizpuru galerista eta Javier Pérez eta Nathalie Mba Bikoro artistak izango dira. Javier González de Duranak moderatuko du mahai-ingurua.

Solasaldiaren ondoren, "Una luz en la noche" muntaia ikusi ahal izango da, hau da, UPV/EHUko Bizkaia Aretoaren fatxadan eskainiko den gau-proiekzioa.

Informazio gehigarria