euskaraespañol

UPV/EHUk 760 ikasle bisitari jaso ditu ikasturte honetan eta 1.337 bidali ditu

Ehunka gaztek parte hartu dute truke-programetako nazioarteko ikasleei agur esateko antolatu ohi den ekitaldian, Carlos Santamaría Zentroan

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/05

Irudia

Gaur goizean ospatu da UPV/EHUren mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasle bisitariei agur esateko ohiko ekitaldia, Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroan. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Campusetatik etorritako nazionalitate desberdinetako ehunka gaztek parte hartu dute ekitaldian. Argazki ofiziala egin eta gero, Nekane Balluerka andreak, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko errektoreordeak, esker hitzak adierazi dizkie UPV/EHU aukeratu izanagatik. Karolina Józwiak poloniarrak eta Isabella Mercone italiarrak ikasturtean izandako esperientziari buruz hitz egin dute, eta ondoren, Euskal Herriko musika-instrumentuei buruzko master class bat eskaini du Kepa Junkera musikari eta konpositoreak. Jardunaldia amaitzeko, gosegarria eskaini zaie bertaratuei.

UPV/EHU 1987-1988 ikasturtean hasi zen nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen; 2000-2001 ikasturtean hasi zen, bestalde, Estatuko mugikortasunerako programetan parte hartzen. Azken urteetan, ikasleek gero eta interes handiagoa dute mugikortasunerako programetan parte hartzeko, nazioarteko esperientzia bat eduki nahi dutelako. Bestalde, UPV/EHU gero eta sendoago ageri da ikasle bisitariak erakartzen dituzten norakoen artean.

2013-2014 ikasturtean 760 ikaslek bisitatu dute UPV/EHU truke-programen eskutik; eta bertako 1.337 ikasle joan dira unibertsitate kide batera.

Truke-programak
UPV/EHU Europako 500 unibertsitateren bazkide da eta guztiekin lan egiten du, Erasmus+ programaren barruan truke akademikoak kudeatzeko. Horrez gain, UPV/EHU 54 erakunderen bazkide da Espainiako Unibertsitateen Errektoreen Konferentziaren (CRUE) SICUE programan (Espainiako Unibertsitate Zentroen arteko Truke Sistema). UPV/EHUk alde biko hitzarmenak sinatu ditu eta unibertsitate-sareetan aktiboki parte hartzen du, Latinoamerika, Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Errusia eta Asiako unibertsitateekin trukeak egiteko. Guztira, UPV/EHUko ikasleek aipatutako eskualdeetako 89 norakotara bidaia dezakete.

Bestalde, UPV/EHUk Erasmus Mundus Europako hainbat proiektutan parte hartzen du eta horiek koordinatzen ditu eta Europatik kanpoko herrialdeetako unibertsitateekin kontsortzioak ditu, eta horiei esker, graduak, masterrak, doktoregoak eta doktorego ondokoak egiteko eta irakasle zein administrazioko langile izateko mugikortasuna ziurtatzen da.

Gaur egun, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea lan handia egiten ari da Txina, Australia eta Amerikako Estatu Batuekin dituen harremanak indartzeko.

2013-2014 nazioarteko bisitariak UPV/EHUn
Erasmus programa
442
Latinoamerika programa
166
'Otros Destinos' programa
28
SICUE programa
90
Erasmus Mundus programa
31
Mugarik gabeko Zientzia programa
4
BISITARIAK GUZTIRA
760
2013-2014 mugikortasun-programako UPV/EHUko ikasleak
Erasmus programa
918
Latinoamerika programa
206
'Otros Destinos' programa
76
SICUE programa
131
Erasmus autonomoak
4
Erasmus Mundus programa
2
UPV/EHUko IKASLEAK GUZTIRA
1337

Harrera-zerbitzuak, laguntzaile birtuala, Skype eta hizkuntzak
Nazioarteko bisitariak UPV/EHUra iristean, gure hiru Campusetan (Gipuzkoa, Bizkai eta Araban) dauden Harrera Bulegoetako (Help Centres) langileek egiten diete harrera. Laguntza pertsonalizatua eskaintzeaz gain, UPV/EHUk kontsultarako eta bidaia egin aurretik laguntzeko bitartekoak eskaintzen ditu.

UPV/EHUk gaztelaniazko eta euskarazko ikastaroak eskaintzen ditu halaber. Ikastaro horiek bereziki prestatu dira nazioarteko bisitariak gure ingurunean murgiltzeko. Gainera, Cervantes Institutuarekin egiten den lankidetzari esker, gaztelania-maila ziurtatzeko aukera eskaintzen da, Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisa egiaztatzeko Diplomaren bitartez.

Etorkizuna
Kultur aniztasuna gero eta nabarmenagoa den testuinguru batean bizi gara, eta ikuspegi horretatik, oso garrantzitsua da, gure ikasleen prestakuntza integrala lortu nahi bada, unibertsitateen arteko lankidetza indartzea eta nazioarteko mugikortasuna sustatzea; etorkizunean, kultur aniztasunak inoiz baino garrantzi handiagoa edukiko du eta nazioarteko esperientziak lan profesionala osatzeko ezinbesteko bitartekotzat ikusten dira. 2020ra begira, Europako unibertsitateetako ikasleen % 20 graduko ikasketak egiten dituen bitartean nazioarteko mugikortasun-esperientzia batean parte hartzea lortu nahi da. UPV/EHU ondo kokatuta dago eta lan handia egiten ari da unibertsitate-erkidegoko talde guztien nazioartekotzea sustatzeko.