euskaraespañol

UPV/EHUk irakasle eta psikiatra Luis Rojas Marcos Honoris Causa doktore izendatu du

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/09

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak New Yorkeko Unibertsitateko Psikiatrian katedradun Luis Rojas Marcos Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia egin du gaur ostiralean, maiatzak 9. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan egin den ekitaldiaren buru UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da, eta ekitaldian Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ere parte hartu du.

Honoris Causa doktore titulu hori izendatzeko erabakia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen 2013ko abenduaren 19ko bileran. Luis Rojas Marcosen aitabitxia José Guimón katedraduna izan da. Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen babespean, ekimena bultzatu du Neurozientziak Sailak. Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dute irakaslearen bikaintasuna ikasketen, ikerkuntzaren eta kudeaketa sanitarioaren arloan.

Errektoreak Honoris Causa doktore izendapenaren akta sinatu ondoren, Luis Rojas Marcosek, ohiturari jarraituz, zuhaitz bat landatu du, Honoris Causa doktoreen Pasealekuan, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ondoren, ekitaldi nagusia egin da eta, bertan, UPV/EHUko errektoreak titulua eta erramu birreta eman dio.

Luis Rojas Marcos (Sevilla, 1943) New Yorkeko Unibertsitateko Psikiatrian katedraduna da, baita New Yorkeko Medikuntzako Akademiako, Osasun Publikoaren Amerikar Elkarteko eta Medikuntza Aringarriaren Amerikar Akademiako kidea ere.

1975an, Bilboko Unibertsitateko Medikuntzan eta Kirurgian doktorea izendatu zuten. Bere tesia, "La barrera del lenguaje", José Guimón unibertsitateko katedradunak zuzendu zuen. Rojas Marcos irakaslearen eta UPV/EHUren arteko harremana jarraitu da New York eta Bilboko Psikiatria Sailen elkarlanaren bitartez.

Rojas Marcosek, Honoris Causa doktore zendatu berriak, elebitasunari buruzko ikerkuntza klinikoan eginiko lanaz argitaratu ditu hainbat artikulu Estatu Batuetako zientzia-aldizkari onenetan, hala nola, Archives of General Psychiatry eta American Journal Psiquistry  aldizkarietan, eragin-indize handienekoak biak ala biak. Gainera, dibulgazio-lan handia egin du, egunkarietan artikuluak idatziz eta hainbat liburu argitaratuz, besteak beste, "La ciudad y sus desafíos", "Las semillas de la violencia", "Nuestra incierta vida normal" edo "Superar la adversidad: el poder de la resiliencia".